Nor eta zertarako euskaldundu?
Nor eta zertarako euskaldundu? –
Urte askoko jazarpen eta pertsekuzioaren ondoren, Espainiara demokrazia iristearekin batera, euskarak koofizialtasuna lortu zuen gaztelaniarekin Pirinioetako alde honetan, Hego Euskal Herrian, eta, harekin batera, susperraldi luze bezain konplexuari ekin zion, denok dakigunez. Prozesu horretan, ardatzetako bat izan da beti euskalduntzea (edota berreuskalduntzea).
Bada, dagoeneko hamarkada batzuk igarota, hezkuntza-sistemako D eredua akuilu, badirudi jakite-maila dezentekoa erdietsi dela gizartean. Ezin gauza bera esan, ordea, erabilerari dagokionez, denon begi-bistakoa baita, euskaradun gehiago sortzen den hein berean edo antzekoan, erdaraz bizi den euskaldun gehiago ere ari dela agertzen. Nolabait esatearren, euskaldunak eta euskaradun hutsak bereiztera garamatza egoera honek, eta, horren ildora, komeniko litzaiguke geure buruari galdetzea nor eta zertarako euskaldundu behar/nahi dugun.
Izan ere, azken ia lau hamarkadotan, hiru jende multzo ezberdin ibili gara euskalduntzen, nik uste. Eta, jakina, euskaltegiko irakaslea naizen aldetik, bertako ikasle-tipologiaz ari naiz hiru ikasle mota horiek aipatzean, kontuan harturik Bilbo metropolitarreko euskaltegi batean ari naizela lanean.
Lehenik, lehenengo jende-multzo edo ikasle-tipologian, laurogeiko hamarraldian gehienbat, bai eta laurogeita hamarreko lehenengo urteetan ere, euskaldundu gintuzten edo ginenok gaude. Sasoi hartan, diktaduratik demokraziarako jauzian, gizarteak bultzatuta eta kontzientziarazita ikasi genuen euskaraz. Gutako askok garbi genuen arbasoen hizkuntza eta identitatea ukatua zigutela eta, behar beste ahalegin eginda, berreskuratu egin behar genuela euskalduntasun hura. Horrexegatik, hain zuzen, joaten ginen euskaltegira euskaraz eta euskal kulturaz jabetzera: Euskal Herrian bizitzekotan, euskaraz biziko ginen. Hau da, euskara behar genuen geure identitatea osatzeko; ez genuen “euskaldun” egingo gintuen titulaziorik behar, eta orduko ia titulazio bakarrak, EGA zorionekoak, ez zuen gaur adinako pisurik edo garrantzirik gizartean. Bestalde, irakaskuntzan, D ereduak indar txikia zuen artean, baina aurreikusten zen, gutxika-gutxika, gero eta eskari handiagoa izango zuela euskaraz eskolaratzeak.
Bigarrenik, batez ere, laurogeita hamarreko hamarkadan zehar euskaldundutakoak (edo euskara ikasitakoak) ditugu. Trantsizio politikoaren urte iskanbilatsuak apalduta, euskararen inguruko erakundetzeak titulazioak jarri zituen administrazioa euskalduntzeko ardatz. Zorioneko hizkuntza eskakizunak eskatzen ziren (dira) erakundeetako lanpostuetan, eta, hala, euskara ikastea bestelako balioa hartzen hasi zen, baita nolabaiteko kezka eta beldurra pizten ere, batik bat, administrazioko langile erdaldunen aldetik. Titulazioak, hortaz, gainbalio bat eskuratu zuen, euskal kontzientziaren, identitatearen eta, azken batean, euskalduntasunaren beraren gainetik. Halere, artean, baten batzuek arrazoi biengatik ikasten zuten euskara: euren nortasuna sendotzeagatik nahiz lan-mundurako praktikotasunagatik. Irakaskuntzan, bere aldetik, gero eta ikasle gehiago apuntatzen ziren (zituzten) D eredura, eta ume askok eta askok euskarara birziklatutako irakasleak izaten zituzten gidari, haietako bat baino gehiago, aurretik aipatu dudan bezala, kezkaz, beldurrez edota amorrazioz ere kutsatutako administrazioko langileak zirelarik.
Eta, hirugarrenik, laurogeita hamarreko azken urteetatik eta gaurdainoko euskara-ikasleak ditugu. Berauek, oro har, oso garbi dute zergatik edo zertarako ikasten duten euskara: lan-munduan, batez ere administrazioan, puntuatzeko edo lanpostua hobetzeko. Ez dute, ordea, ezelako atxikimendurik euskararekin, ez eta Euskal Herriarekin berarekin ere. Aitzitik, nolabaiteko ernegua eta mespretxua ere erakusten dute euskara ikasi “behar” izateagatik; beste erremediorik ez dutelako, behartuta-edo ikasten dutela diote, eta bizimodu hobe edo erosoagoa lortzeko erreminta hutsa besterik ez da euskara beraientzat. Ikasle horietako asko, bitxia bada ere, eskola garaian D ereduan (edo Bn ere bai) ikasitakoak dira, eskolarako tresna izatetik, egun, lan-merkatuan sartzeko lanabes bihurtu dutenak euskara.
Gauzak horrela, agian bada garaia pentsatzeko ez ote garen ari ahalegin eta diru gehiegi inbertitzen (zarrasteltzen?) erdaldunak euskaldundu nahian, eta, horren aitzakian, ez ote dugun gehiegi deskuidatzen euskalduna bera, euskaldun izango ez diren euskaradunak sortuz. Irudipena baitut beti erdalduna izaten dugula euskalduntze prozesu ororen ardatz, berezko euskaldunak erdaldunduz doazen bitartean, eta, ondorioz, dugun errealitatea sustatuz: zenbat eta euskaradun gehiago, hainbat eta euskaldun gutxiago; hots, gero eta euskara(z) ikasten duen jende gehiago, baina, hein berean, gero eta erabiltzaile gutxiago. Bai ote?
Nire uste apalean, eta zinez diot nirea bezain uste apalik ez dagoela, euskaldun guneak babestu beharra dago. Eta, erdal mundua gurera hainbeste erakarri beharrean, agian, euskal mundua gehiago sustatuz, goraipatuz, bermatuz… geureganatuko ditugu, berez, benetan euskaldunduko diren erdaldun horiek. Hau da, euskalduna saritu eta mimatu beharra dago, ondoan dugun erdaldun elebakar hori (edo euskaradun hori) anima dadin sariaren bila etortzen, mimoak bereganatzen.
Euskararen errealitate gordina ez da erraza onartzen, zalantzarik gabe. Baina onartu egin beharko dugu, behingoz, erdaldunak ez duela euskara salbatuko, ezta gure jendartearen balizko elebitasun diglosikoak ere. Onar dezagun, esaterako, euskaltegiak, inguru metropolitar honetan behintzat, akademia hutsak direla, eta nekez ekarriko dutela euskaldun gehiago gure artera; euskaradun tituludunak, ostera, bai, dezente. Euskalduna da, hemen, derrigorrezko elebidun bakarra, eta, erdaldun elebakarrarengandik babestu ezik, jai du euskalduntasunak.
Irakasle askok ere, paso egiten dute ondo irakasteaz. Dirua irabazteko bidea baino ez da. Ez dira batere saiatzen. Eta funtzionarioak badira, are gehiago.
Ez dute ezta euskaraz aritzen euskaltegitik kanpo. Penagarria da askoren jarrera.
Eta funtzionarioak badira, are gehiago???
Eman bakea funtzionarioei mesedez.
Ezagurtzen ditut kooperatiba diren ikastolako irakasleak, ikastolatik kanpora euskaraz ixa ere esaten ez dutenak. Eta ezagutzen ditut herri-ekimeneko edota kooperatiba diren euskaltegietako irakasleak, gehiegi gauza onerako, euskaltegitik kanpora españolez natural-natural bizi direnak.
Ondo gogoan daukat, herri-ekimeneko euskaltegi bateko irakasle nintzenean, ezker abertzalea egun baino “ezkerrago eta abertzaleago” zelarik ere, nire lankideetako batzuk Herriko Tabernan biltzen zirela, bertako tabernari eta bezero ohikoenekin españolez iraultza egitera.
Arazoa da española eta frantsesa “gure” eginarazi dizkigutela, Espainiako hagintariek bai, baina hagintari abertzaleek ere bai. Eta española / frantsesa “gureak” izanik, eta euskara baino hobeto menperatzen ditugularik, eta euskarak baino milaka ate eta leiho gehiago irekitzen dizkigutelarik, ZERTARAKO EUSKARAZ EGIN?
Hala da, jatorriz erdaldun baina euskaraz hezitako askok behin ikasketak amaitzen dituztela euskara alde batera uzten dute. Horren isla euskararen kale-erabileran dago, urteak darama geldituta (%13 inguruan). Gauza normala kontuan izanda egunerokoan euskararen beharrik ez dutela.
Euskararen hedapena, erabileran, euskara ama-hizkuntza duten familien hazkundean du bere konponbidea.
Ituan jo duzu, euskararen etorkizuna familiari lotuta dago ezinbestean. Gizartearen atomizazio eta bakartasunerako joera honetan funtsezkoa dira familia lotura sendoak hizkuntza hautuan.
https://askatasunarenliga.eus/2017/11/18/korporatibismo-nazionala-ii-atala-leinuaren-itzulera/