Eta hemengoak, zer?
Eta hemengoak zer? –
Laura Penagos, Nafarroako Hitzan.
Irunñean euskara ikastea erabaki nuenean, zer-nolakoak entzun behar izan nituen! «Ongi pentsatu, oso goiz da eta. Egokitu zaitez lehenengo hiriaren martxara, izango duzu denbora geroago ikasteko». Eta horrez gain, nola ez, euskara oso zaila dela, inoiz ez nuela ikasiko… eta, okerrena, hemengoek ez badute ikasten, nik ere ez nuela lortuko. Dena jarrera negatiboak eta aurreiritziak ziren, euskararen inguruan eta etorkinen inguruan. Narratiba hori oso zabalduta dago Euskal Herri osoan. Eta gero jendeak eta erakundeek galdetzen dute zergatik migratzaileok ez dugun euskara ikasten? Nafarroako hizkuntza politika, euskararen ofizialtasunik eza eta normalizazio falta ikusita, zer espero dute bada? Hori gibela!
Ni Kolonbiako herri txiki batean jaio nintzen, Suesca du izena. 1990eko hamarkadaren erdian, gatazka armatuak eragindako lekualdatze behartuengatik gure herrira corintoak iristen hasi ziren bizitzera eta lan egitera, kanpotarrak. Corinto Caucako udalerria da, Kolonbiako hego-mendebaldean kokatua. Gerra ankerra izan zen han garai hartan. Herritarrek sarraski ikaragarriak pairatzen zituzten egunero. Egun batean, Suescako parkeko Velazquez dendan, Eulogiok lehen aldiz «corinto batzuk» ikusi zituenean, ziztuan joan zen Faniri kontatzera. Fanik Jorgeri esan zion, Jorgek Enriquetari, eta Enriquetak etxera ekarri zuen zurrumurrua. Enriqueta anderea oso aztoratuta sartu zen gure etxera, herrira «jendaila kanpotarra» ailegatzen ari zen eta. Esaten zuten lapurrak zirela, ez zirela fidatzeko jendea. «Gerrillariak ere izango dira!», entzuten zen herrian. Baztertuta bizi ziren. Inork ez zien hitz egiten, ezta aurpegira begiratzen ere. Mamuak bezala ibiltzen ziren, giza hondakinak ziren. Baina ez ziren arriskutsuak edo gaiztoak, ez, ezta lapurrak ere. Pobreak ziren eta gudak miserable bihurtu zituen. Goseak eta hotzak zeuden eta bizirauteko aukerak bilatzen ari ziren, mundu guztia bezala. Baina badakigu, «suescarrak» ez zirenez, «hemengo» ez zirenez, ez zuten eskubiderik. «Ea zuen herrira bueltatzen zareten! Zoazte hemendik!». Egun, arrazakeria eta klasismo fenomeno hori areagotu egin da gure herrian Venezuelako jendearekin.
Gure denbora eta dirua inbertitu behar izan ditugu euskaltegian ikasteko, «hemengo gizarteak» laguntza eskasa eman digulako.
Zenbat aldiz etorri zaizkidan burura oroitzapen horiek hemen, Euskal Herrian! Zenbat aldiz sentitu naizen errudun gizarte amorfoaren parte izateagatik! Zenbat aldiz lotsatu izan naizen arrazakeriaren konplize izateagatik! Nolabait, denok gara arrazistak. Odolean dugu, matxismoa bezala, baina argia jarri behar diogu, kontzientzia izateko. Ai ene, ze paradoxa! Hemen ni arrotza naiz, kanpotarra, migratzailea izango naiz beti. Orain «hemengo» jendea eta instituzioak oso kezkatuta daude euskararen etorkizunagatik, migratzaileok ez dugu hitz egiten eta. Horrelakoak entzun beharra ere! Euskaraz hitz egiten dugun migratzaileok asko gara, gainera, ez pentsa! Gure denbora eta dirua inbertitu behar izan ditugu euskaltegian ikasteko, «hemengo gizarteak» laguntza eskasa eman digulako. Tamalez, ezin dugu hizkuntza modu naturalean ikasi, ezin dugu kalean ikasi. Zergatik? Aditzaile onari, hitz gutxi!
“Tamalez, ezin dugu hizkuntza modu naturalean ikasi, ezin dugu kalean ikasi. Zergatik? Aditzaile onari, hitz gutxi!”… zer esan nahi duzu, euskaldunek ez dutela hitz egiten euskaraz? Hau guztia badakizu nola azaltzen den? Erdarazko “la pescadilla que se muerde la cola”. Eta bigizta horiek haustea oso zaila da. Muinean gizakiaren txarkeria dago, bakoitzak jakingo du bere barnean zenbat txarkeria dagoen.