Eskubideak eta betebeharrak
Eskubideak eta betebeharrak –
Dagoeneko ia inork (%1,7) ikusten ez duen ETB1n, Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao, gonbidatu dute Ahoz-aho saiora eta elkarrizketan entzundakoak lerro hauek idaztera bultzatu gaitu.
Azken urteotan EAEko Euskalgintzan nagusitu den diskurtsoaren zenbait ezaugarri oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkigu. Pandemiaren ondorioez diharduena berbarako. Batetik entzun behar izaten dugu pandemia garaian, euskara zaurgarria edo zaurgarriagoa dela. Euskara ez da ezer euskaldunok gabe; beraz, euskaldunok izango gara zaurgarriak, izatekotan?
Eta zer esan nahi du horrek: euskaldunok besteak baino ahulagoak garela? Bai, badakigu ez dela hori aditzera eman nahi, baina gaude laguntzen duela lehendik ere badaukagun gizagaixo eta gajo konplexua areagotzen.
Haur askok euskararekin daukaten harreman bakarra eskolan dela esaten zaigu, eta nola aurrez aurreko eskolak mugatu edo kendu behar izan diren, bada, ingurune erdaldunean bizi diren haur eta gazte horiek bestela baino euskara dosi txikiagoa jaso dutela, eta, horrenbestez, atzendu / moteldu egin zaiela askori.
Ados, baina orduan, esan dezagun ingurune erdaldunetako eskola-ume edo gazteek hizkuntza-galera izan dutela pandemia dela medio. Eta ez dezagun hortik kanpora atera, diskurtso biktimista ustelean jausi gabe… errukiak predikamendu gutxi baitu.
Eta esan dezagun argi eta garbi, EiTBk ez duela betetzen bete beharko lukeen funtzioetako bat, hots, haur eta gazteei euskarazko helduleku eroso eta gustagarri bat eskaintzea, areago inguru erdaldunduetakoei.
Bestetik, eskubideak bakarrik aipatzen dira: euskaldunok euskaraz egiteko ditugun eskubideak. Baina inposizio kontuak ez dira aipatzen, ez baita hori diskurtso zuzena eta salgarria, antza denez. Baina hitz egiteko modu horrekin, kanpoko geruza mehea pittin bat urratu orduko, berehala egiten dugu topo eskubide eta betebeharren dialektikarekin.
Zeren eta, baldin eta guk eskubidea badugu euskaraz egiteko, gurean bizi den orok euskara jakiteko betebeharra du; bestela, ezinezkoa baita. Eta esan behar da era berean, EAEn indarrean dauden lege guztiek bermatzen dutela erdaraz egiteko eskubidea, bai pribatuki, bai administrazioetan, edonon eta edonoiz. Baina euskararekin ez dela gauza bera gertatzen; euskaldunok ez daukagula euskaraz egiteko eskubidea bermatuta eremu asko eta askotan, EAEn ez, baina are gutxiago Nafarroan eta Iparraldean.
Honaino ados egongo gara. Orduan, zergatik ez dugu aipatzen ez dakitenek ere euskaraz ikasteko betebeharra dutela, eta betebehar hori pertsonala eta kolektiboa dela, eta hala denez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituztela euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea arlo guztietan bermatua izan dadin. Eta, halaber, erdaraz egin nahi duenak dituen eskubide berberak izan behar ditugula gutxienez, eta horretarako ezinbestekoa da EAEn bizi garen guztiok euskara derrigorrez jakitea, euskaldun bat bera ere derrigortu gabe erdaraz egitera ezein arlotan. Laburbildurik, eta sinple-sinple esanda, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatzeko, argi esan behar da EAEko herritar guztiok dugula eskubidea eta betebeharra euskaraz jakiteko, españolez / frantsesez jakiteko betebeharra daukagun bezala.
Ez dela mezu sinpatikoa? Ez du zertan sinpatikoa izan! Inposizio mozorrotua dela? Euskal Herrian euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ez da inoiz inposizioa izango; Espainian espainiera erabiltzea ez den bezala, eta Frantzian frantsesa ez den bezala. Gauzak argi esan ditzagun inor engainatu gabe eta eufemismo lauso eztietan galdu gabe. Euskaraz egiteko eskubideari denok jakiteko betebeharra datxekio, nola huntza hormari!
Eta hori bermatzeko neurri publikoak premiazkoak dira arlo guztietan, EiTBtik hasita!
…
Pako Sudupe eta JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Sarrerako hiru lerroak soilik kontutan hartuta. Zer pasatu da ETBko ondamendiarekin?
Ertz anitzeko kontua, barne eta kanpo ko faktoreak. Euskaldungoa bera ere gsin behera dator aspaldian.
Dena dela, nire uste osoa da, hor zenbait gidari politikok ETB suntsitzea erabaki zutela, hain goiti zebiltzan marrazki animatuak eta kenduz.
Nonbait, euskararen “arrakasta” ezin jasanik, gaztelera bera ere arriskuan jartzeraino iritsi omen ginen. Bai, hor badira erru zuzena duten partidu eta gidari, ondamendi honen eragile zuzenak.
Elkarloturik dago dena.
ETB1en hil aurreko egoeraz inork ez du ezer esaten, ez alderdi abertzaleek, ez horiei kontu eske jardun beharko lukeen euskalgintzak. Ez omen baita egoki jaten gutxi-asko ematen dizun eskuari kosk egitea. Euskaldunon eskubideak aldarrikatzen dira airera bezala, ez dakigu nork eta nondik ekarri behar balitu bezala, ez noiz, ez nola. Eta horrek erdaldunei betebeharrak ekarriko dizkiela ezinbestean ezta aipatu ere, ez dakigun inor aztoratu.
Baina hori bai, “euskaldunen komunitatea indartsu dago” eta “zalantzarik gabe lortuko dugu”, inor gutxik ikusten duen telebista kate publiko bakarrean esanda, bapo. Datuetatik urrun, pentsamendu magikoa arrakastaz hedatu da euskaltzaleen artean.
Horretan ez dira originalak Paul Bilbaoren adierazpenak. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak lehenago bota zituen horiek bezalako hitzak eta kontzeptuak. Honela zioen duela astebeteko “2022ra begira” artikuluan bigarren lerroaldean bertan:
“Hasteko, nabarmenduko nuke euskararen zaurgarritasuna eta ahulguneak agerian utzi dituela pandemiak”.
Eta Bilbaorenari leporatzen zaizkionak baina are larriagoak izan ziren kritikarik gabe pasatu den artikulu hartan Amonarrizek plazaratutakoak. Lehendabiziko balorazioa, adibidez, euskalgintza delakoa eta euskaldungo guztia zur eta lur uzteko modukoa:
“Euskalgintzan ere, egoera normalizatu samarra izango dugun itxaropena 2022. urtera atzeratu dugu”.
Normalizatu samarra egoera 2022an Euskalgintzan? Normalizatu samarra zertan eta zertarako? Erakundeei gogokoa zaien ekitaldi bakarra sustatzeko? Zeren eta Euskalgintza lozorroan egon arren beste bide batzuetatik eta sistematikoki antolatzen dira aipatzen dituen Herrigorak, Durangoko azokak eta bestelakoak.
Eta Euskalgintzan lan egiteko itxaropenak eta egitasmoak urtebetez atzeratu gainera?
Aski ote du Euskalgintzak euskara “agenda komunikatibo eta soziopolitikoan” izatearekin? Ez al zen, bada, hori Euskaraldiaren arduradun instituzionalek duela berrogei urtetik hona itzali gabe ekarri behar zuten zuzia?
Ulergaitza arinkeria, birusen baten eraginez botatakoa ez bada behintzat.
Eta arinkeria halaber zain, nonbait 2022ra arte zain, omen ditugun erronka handien zerrenda nahasia:
“haur eta gazte guztiek ezagutza egokia lortzea”, “eremu ez-formalean eta alor sozioekonomikoan jauzia ematea, haur eta gazteei zuzenduriko eskaintza euskarazkoa izan dadin eta lana euskaraz egin ahal izan dezaten, ikus-entzunezkoetan eta eremu digitalean (EITB barne) eskaintza duina eta sustapena bermatzea, sorkuntza indartu eta hedatzea; herritarren euskararekiko atxikimendua sendotzea (Nafarroan bereziki), ezagutzaren unibertsalizazioranzko bidean sakontzea, Euskaraldiak sortutako (???) energia soziala egonkortu eta iraunkorki lan egingo duten elkarteak sortzea, eta parte hartu duten entitateekin lanean jarraitzea. Eta, ondorioz, Euskal Herri osoan erabilera handitzea”.
Bitartean, eta argi gera dadin, “euskararen biziberritze-prozesuaren oinarriak sendotu eta urrats berriak” egitea dugu aurtengo eginkizun zehatza.
Enpin! Horixe da daukaguna!
Niri, EITBko kontuez gainera, oso garrantzizkoa iruditzen zait azpimarratzea eta zabaltzea zuen, Plazara Gatozekoen, mezuaren zati hau:
“ez dakitenek ere euskaraz ikasteko betebeharra dute[…], eta betebehar hori pertsonala eta kolektiboa dela, eta hala denez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituztela euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea arlo guztietan bermatua izan dadin. Eta, halaber, erdaraz egin nahi duenak dituen eskubide berberak izan behar ditugula gutxienez, eta horretarako ezinbestekoa da EAEn bizi garen guztiok euskara derrigorrez jakitea, euskaldun bat bera ere derrigortu gabe erdaraz egitera ezein arlotan. Laburbildurik, eta sinple-sinple esanda, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatzeko, argi esan behar da EAEko herritar guztiok dugula eskubidea eta betebeharra euskaraz jakiteko, españolez / frantsesez jakiteko betebeharra daukagun bezala.”
Pako eta Jonjo, artikulu honi esker gehiago ulerturik ere, barkatuko didazue oraindik gelditzen zaidan ezjakintasuna.
Ongi ulertu dut (eta aspaldidanik banekien) EAEn Espainian bezala espainola jakitea legez derrigorrezkoa dela.
Baina EAEn euskara jakitea legez derrigorrezkoa ote da?
Beñat, ez naiz legelaria. Erantzun inprobisatu azkar eta kaskar bat. Autonomi estatutua. 1982ko Legea, eta haren garapena Irakaskuntzan, Administrazioan, hedabideetan eta abar.
Legedi horren ondorioz, eskola emateko, administrazioan lan egiteko, hedabideetan, euskara maila bat izatea derrigorrezkoa da, kasuan kasuan goragoko maila edo beheragokoa: Atik C2raino.
Hori da dagoena. Partikularrak ez dauka jakin beharrik. Gaztelania bai, nazionalitate espainiarra badu.
“Partikularrak ez dauka jakin beharrik”
Horrek ez ote du bada esplikatzen arazoaren parte bat?
Zenbateko pedagokia egin behar dugun “ez dakitenek ere euskaraz ikasteko betebeharra dute…” hori gure artean, teorikoki bada ere, barneratzeko, euskaldunon aretean e!
Euskaldunon artean alfabetatzeko ez da behar den ahaleginik egin. Utzikeria ikaragarria sumatu izan dut betitik.