Eskubideak-erasoak (Atik Zra)
Eskubideak-erasoak (Atik Zra) –
Hizkuntza gatazkara ohitu zintezke, baina hizkuntza gatazka egon badago, askotan latente egon arren (azken aldian eraso judizial oso larriak pairatzen ari gara eta latente baino, azaleratzen ari da arazo hau).
Era berean, hiztunok eskubide batzuk ditugu, baina horiek bai daude latente askotan, gehiegitan, oso maiz. Eta hiztunok erasoak ere jasaten ditugu, baina horiek ere latente daude askotan (zailagoa omen da eraso linguistikoak antzematea, beste eraso batzuk antzematea baino, Derioko lagun feministek behin baino gehiagotan ohartarazi nauten bezala, biba Koxak!). Eta hor dago urterik urte Behatokiak egiten duen lan aparta euskaldunon hizkuntza eskubideak kudeatzen, salatzen eta bistaratzen (eta, kasuren batean edo bestean, urraketa horiek konpontzen ere).
Hala ere, Behatokiak agertzen duen egoera izeberg baten antza du. Askoz gehiago dira bistaratzen ez diren erasoak (inkluso, erasotuek antzeman ez edo erasotzat hartu ez), bistaratzen diren eraso apurrak baino. Eta jarraitu beharko dugu eskubide eta eraso horiek ere lehen planora ekartzen (ahaztu barik askoz eskubide gehiago eta sendoago behar ditugula euskaldunok, inoiz lortu gura badugu ganorazko biziberritzea). Eta dagoen erasoen aurrean dagoen inpunitatea salatzen jarraitu behar dugu (ohar txiki bat: erasoak ez dira euskararen kontra, erasoak euskaldunon kontrakoak dira, pertsonen kontrako erasoak dira!).
Eta honi buruz ari nintzela, Freixiero Mota egile galiziarraren testu hau topatu nuen. Eta Galizia jartzen duen tokian nik Euskal Herria irakurri nuen: “Galizian hizkuntza gatazka estalita edo latente dago galizieradunek uko egiten diotenean euren hizkuntza erabiltzeari hainbat testuingurutan, baina aktibatzen da testuinguru horietan jardun nahi dutenean edo eskubideak egikaritu nahi dituztenean”. Eta hala da, gatazkara ohitu zintezke, baina gatazka egon badago. Eta beste mugimendu batzuek egiten duten bezala, uste dut gatazka horiek agerian jartzen jardun behar dugula, ahaztu barik gaur egun baino eskubide gehiago eta sendoagoak behar ditugula.
Eskubideak-erasoak (Atik Zra)