Errespetatu nazazue, faborez, mesedez, arren eta otoi!

Errespetatu nazazue, faborez, mesedez, arren eta otoi! –

Maitane Maritorena Azkarate, ERRAN hedabidean.


Faborez, mesedez, arren, eta otoi. Bertzeak errespetatzen dituzuen bezala errespetatzea nahi dut, bertzeak bezala zaintzea, eta gibeletik heldu direnendako eredu izatea. Por favor eta s´íl vous plaît-en errespetu bera eskatzen dut, porrfaborik eta sibuplerik gabe. Ez dut nolanahi agertu nahi herrietako bestetan, gaztetxeko kontzertuetan, elkarteek antolatutako ekitaldietan…

Errespetatu nazazue, faborez, mesedez, arren eta otoi!

Ederki gostata hartu nuen espazio publikoa, urte aunitzez sukaldean zokoratua eta debekatua egon ondotik. Polikipoliki gero eta toki gehiagotan ageri naiz, herrietako besta gehienetan, gaztetxeak antolatzen dituen ekitaldi guztietan, pankartetan… Aunitzetan, ordea, neure burua ez dut sobera ongi ikusten. Nik ere ez baitut nolanahi agertu nahi espazio publikoan, ikusten nauenak, ulertu nazan nahi dut, eta ez, bakotxak nai duen gisen agozkua paperian patuz. Launbeta ertia ungi egonagatik, larunbata baita nik idatzian hartu beharko nukeen itxura.

50 urte baino gehiago pasatu dira idazkietan nola agertu behar nuen zehaztu zenetik, hortaz, bada ordu euskaraz alfabetatu zareten gazte eta ez hain gazteak, nire alde horrenbertze egiten ari zaretenak, zuen egitarau, hitzaldi eta idazkietan behar bezala idatz nazazuen, eta ez, naizuen bezala.

Faborez, mesedez, arren, eta otoi: euskaldun guztion errespetuz, errespeta ezazue gure hizkuntza. Norberak nahi duen bezala eskribitzeak ez gaitu bertakoago egiten. Baztango mintzoan eskribitzen ahal da Goierriko hizkeran idatz daitekeen bezala. Oso ondo hitz egiten duena, arras ongi solastatzen dena, biziki untsa elekatzen dena… denak dira gure mintzo, gure solas, gure hitz eta gure ele. Euskara batuak horiek guztiak onartzen baititu. Onartzen ez duena da, solastatzen den bezala eskribitzea.

Launbeta paratzen duenak, aski ongi daki idatziz larunbata dela, kontzertue iragartzen duenak, kontzertua dela badakien bezala. Bokal aldaketak eta ‘letrak jatea’ ahozko hizkeraren ezaugarri dira. ‘Gureago’-‘bertakoago’ kutsua eman nahian, solastatzen den bezala eskribitzeak, ez dio inongo faborerik egiten gure hizkuntzari.

Zein helbururekin eskribitzen dugu euskaraz, eta euskaraz bakarrik, solastatzen den bezala? Espainolez, frantsesez, ingelesez… idatzizko arauak behar bezala errespetatzen baditugu, zergatik ez dugu berdin jokatzen gure hizkuntzarekin? Bertze hizkuntzekin burutik pasatuta ere eginen ez genukeena, zapaldua eta oinperatua dagoen hizkuntzarekin egiteak, hori bera erakusten digu, zapalketa: zapaldua dagoena nolanahi tratatzea.

Errespetatu nazazue, faborez, mesedez, arren eta otoi!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.