Erreferenteak

Erreferenteak – 

Ezinbestekoak izan ohi dira erreferenteak edonorentzat. Betidanik, norbaiten lorratza jarraitu izan dugu geure garapenean, geure egunerokoan, eta, nahiz eta batzuetan (edo askotan) sortzaile sentitu, badakigu sormen-lan horren atzean erreferentzia asko izaten direla, ditugula, gu geu garenaz harago.

Erreferente horiek izaten ditugu guk, norbanakook, baina baita komunitate eta kolektiboek ere. Eta, nola ez, gure komunitateak, euskaldunon komunitateak ere badu halakorik; euskaraz ederto abesten duen artista hau edo hura; kirolen batean edo bestean nabarmendu eta jendaurreko adierazpenak (ia) beti euskaraz egiten dituen hori; edo, esaterako, hedabideen munduan euskara hutsez aritzen diren kazetari edota esatari horiek ere bai. Denek ere beren egitekoa euskaraz gauzatzeari esker bihurtu ditugu geure erreferente.

Erreferenteak

Jendaurrean elebidun, euskaraz nahiz erdaraz, jarduten duten horiek, ordea, ezin izan euskaldunon erreferenteak, gure hizkuntza gutxitu eta ahulean besteren ele hegemoniko eta indartsuan adina egiteak ezin baititzake erreferentziatzat jo. Izan ere, badakigu jakin elebitasunak, orain eta hemen, euskara txiki eta zokoratuaren kaltetan egiten duela, eta erdara handi eta nagusien mesedetan. Hamaika adibide ditugu non erdaldun bakar batek berera makurrarazi dituen hainbat euskaldun, eta adibiderik bat ere ez, berriz, euskaldun bakar batek zenbait erdaldun euskarara erakarri dituenarenik; kuadrillak, lan-batzarrak, eskola-jolastokiak… asko eta asko dira horren erakusgarri, tamalez.

Horregatik guztiagatik, oso premiazkoa da euskaldun erreferenteak egotea, gure hizkuntza zanpatuari prestigio eta adorea emango diotenak. Gogoan dut, esaterako, Oinatz Bengoetxeak pilota profesionalari agur esan zionekoa, den-dena euskaraz jardunda eta erdaldunei “muchas gracias” bota zienekoa. Oso adierazgarria izan zen, niretzat behintzat, hala jokatzea, nolabaiteko mezu euskaltzalea bidali nahi izan baitzigun euskaldunoi, ez uste?

Beste (balizko) euskaldun euskaltzale batzuek, ostera, bestelako jokaera izan dute, eta, (balizko) proiekzio (ekonomiko) handiago baten peskizan, euskara zokoratu eta erdarari eman nahi izan diote lehentasuna; Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk, adibidez, bere lehenengo eleberria gaztelaniaz idatzita. Tira, nik neuk nekez ulertuko nuke Xabier Euzkitze batek, euskal erreferente bat aipatzearren, bat-batean erdaraz aritzeari ekingo balio mikrofonoaren aurrean, edozein litekeelarik ere jokabide horren proiekzioa. Nekez ere ulertu nuenez Asier Odriozola filologo-kazetariaren lana EiTB-1etik EiTB-2ra igarotzea, berak zuen euskaldun jantziaren irudia erabat zapuztuz.

Baina, eta amaitze aldera, euskaldunok erreferenterik behar badugu inon, politikagintzan behar ditugu. Aspaldion, badirudi bertoko politikaririk euskaltzaleenek ere erdaraz defendatu nahi dutela gure idiosinkrasia, erdaraz egin behar dutela euskararen alde, erdaraz aldarrikatzen dutela gure naziotasuna. Eta, erdaraz ez bada, elebidun, “berdintasunez” tratatuz euskara eta erdara, hizkuntza bi-biak ere berdinak bailiran. Baina ez, euskaldunok badakigu euskara eta erdarak (gurean, gaztelania eta frantsesa) ezin direla parekatu, eta gure ordezkari euskaldun eta euskaltzaleenek ere ez badute euskara lehenesten, zer espero dezakegu eurengandik? Nolatan emango diegu botoa gure erreferente izan nahi ez duten politikari erdaldunei?

Hauteskundeak ditugu aurton. Bejondeigula!

Erreferenteak