Erredakzio proposamen berria ETBn, betiko moduan
Erredakzio proposamen berria
Kazetariak kazetaritza egiten ikusi ahalko ditugu ETB2ko Equipo de redacción saio berrian. Bihar ikusiko du argia gure kate publikoaren egitasmo berri honek, 22.20ean. New Media Euskadi ekoiztetxea dago lan honen atzean, eta horrela definitzen dute beren burua: “Aldaketa teknologikoen ondorioz, teknologia berriek, komunikazioak eta entretenimendurako industriak jasan duten transformazio sakonaren aurrean kokatzeko jaio da ekintza enpresarial hau, media eta digital sektorean zentratua“.
Astero gai ezberdin bat landuko dute programan, eta jasoko dena, finean, lan horren bidea eta prozedura izango da; astero egokitzen den gaiean sakontzeaz aparte, kazetariek lan hori nola egiten duten ikusi ahalko dugu. Orokorrean ikuspuntu berria eta interesgarria, eta bereziki sektorean dihardutenentzat.
Sabin Egilior (Bilbo, 1968) izango da zuzendaria. Informazio Zientzietan lizentziatua da EHUn. Ibilbide luzea dauka dokumentalgile moduan, hala zinema nola telebistarako (besteak beste TVEko La 2 katerako). Batik bat, XX. mendeko memoria historikoan oinarrituta dago bere lana, 1936ko Guda eta beste. 2002an izendatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak memoriaren ikus-entzunezko artxiboko arduradun moduan.
Urtzi Urkizuk, Berrian idatzitako albistean, Egiliorren hainbat adierazpen bildu ditu: “Astero gai bat aukeratuko dugu. Erredakzioan, mahai gainean gaiaren gakoak eta helburuak jarriko ditugu. Lana banatuko dugu kazetarien artean, eta, gero, kalera joango gara. Formatu berria da. Edukiak nola lortzen ditugun jasoko du saioak. Erredaktoreon lana erretratatzea izango da programaren ardatza. Formatua aurrera eramatea oso arriskutsua da. Kontuan izan behar da gu ez garela aktoreak. Kamerak gure lanean sartzeak bere arriskuak ditu, eta mugan ibiliko gara. Off-eko ahotsik ez da egongo erreportajeetan, eta, horren ordez, gure lana azalduko da. Hasieran, ez genuen argi saioak funtziona zezakeen. Baina lehen atala editatu ostean, uste dugu ondo integratzen dela kazetarien lana eta erreportajean landutako gaia. Ikuslea gure lanean sar dadin nahi dugu“. Kazetariak: Iratxe Prieto, Carlos Narganes, Iñaki Elorza, Leyre Agustin, Ane Azkue eta Erika Barreras. Sonia Rua arituko da koordinatzaile lanetan.