Erdarei zenbat?
Erdarei zenbat? –
Euskarari eskaintzen zaion aurrekontuaz aritzen gara, euskararen ezagutza eta erabilera datuez; eta, gaztelaniari (frantsesari zer esanik ez) zenbat eskaini izan diogu historian zehar, eta zenbat eskaintzen diogu egun euskaldunok?
Ez dakit aztertua dagoen. Esaterako, XVII. mende hasieran gure agintariek Gernikako batzarretan gaztelania jakin beharra onartu eta betearazi zutenean, horrek nolako eragin erdalduntzailea izan zuen; gure herrietako agintariek maisu-maistrei umeei eskolan erdaraz egiteko eta euskaraz egitea debekatzeko agintzen zietenean (eraztunak eta bestelako teknika eraginkorrak tarteko zirela), horrek nolako eragin erdalduntzailea izan zuen…
Mendeetako ordezkatze prozesu horren buruan -Francoren erregimenak muturreraino eramana-, zer da-eta bi hizkuntzetako bat gizen-gizena, guri-guria geneukanean hainbeste jan beharrez, eta bestea argala eta meharra eta iharra hainbeste ezaldi eta gabeziez joa egonik, eta, zer da-eta, teorian, biei berdin eman behar zitzaiela dekretatu zen…
Abiatu zen Euskal Telebista 1982ko abenduan, eta hiru urte eta hilabete gutxi batzuetan lan miragarria egin zuen; ai, baina, 1986ko ekainetik aurrera berriz ere lehendik ere ederki gizendua zegoen hizkuntza elikatzen hasi zen ETB2ren bitartez, eta gaur da eguna askoz mardulagoa dagoen beranduxeago abiatu zena. Zenbat egiten du erdararen alde ETB2k modu pasiboan eta aktiboan?
Pasiboki zenbat erdara jaten dugun telebistan. Ez bakarrik ETB2rengatik ez, baina baita ETB2rengatik ere. Ez ditut aipatuko ikusle gehien dituzten programak baina badira; halere, ezin aipatu gabe utzi, oraindik, zenbat film eta telesail ikus ditzakegun ETB2n batean ezin ikusi ditugunak.
Aktiboki: zenbat euskaldun (euskaraz hobeto egiten dutenak edota euskaraz egin nahiago dutenak barne) gonbidatzen edo behartzen du ETBk erdaraz egitera? Ez ditut programak aipatuko. Zer-nolako eragin erdalduntzailea du horrek?, uko egin diezaioketela erdaraz egiteari? Bai, baina erakunde publikoaren intentzioa… biak berdin, biak gureak; mendeetan guri-guri, gizen-gizen egindakoa, bizitzeko beharrezkoa gertatzen zaiguna, eta mendeetan gutxietsia eta baztertua eta landu gabe eduki duguna, teorian, berdin, praktikan oso ezberdin, gutxi landua, gutxi erabilia, beso maingua, mantxua…
Telebistari bakarrik heldu diot.
Independentzia lortzen dugunean hasiko gara euskara benetan lantzen, Espainiak gaztelania bezala edo Frantziak frantsesa bezala. Ez gara berehalakoan horra helduko. Eta bien bitartean?, euskara lokala, herri batzuetakoa, gutxi landua, gutxietsia…
Ongi da euskararen beherekada markatu dituzten datu historiko horiek gogoraraztea.
Gure aldean nabarmen da 1789ko iraultzak eman eman ziela orduan gure lurralde tradizionaleii eta instituzioei kolpe bat zeina bera bakarrik nahikoa baitzen gure herria suntsitzeko. Oraiko desastrea orduko gertakariaren ondorio zuzena da. Aski ongi dokumentatua dago egia historikoa ezagutu nahi duenarentzat
Zentro administratiboak abilki eta naturalki jarri zituzten erdaldun eta gure lurraldetatik kanpo ziren bi hiritan. Hau ez bada euskararen hiltzeko ekintza bat? zer da bada?
Horregatik, Iparraldean behintzat independentzia ez da biziki guti probablea baizik populu ordezte eta asimilatzearen prozezuaren maila ikusita. Mirakulu bat gerta baledi ere, desmasiak sobera larriak lirateke atzera buelta bat espero izaiteko.
Orai, hemen, galdera bakarra da nola antolatu behar litekeen euskaldun egon nahi lukeen balizko euskal komunitate bat.