Erdarak eta maskulinizazioa
Erdarak eta maskulinizazioa –
Euskalgintza(k) eta feminismoa(k) aspaldi hasi ziren harremanetan. Eta harreman horien ondorioz, euskararen feminizazioa kontzeptua ere agertu zen (oker ez banaiz, lehenengoa Kike Amonarriz izan zen erabiltzen). Ordutik, euri asko egin du, ikerketetan eta saiakeretan ere aurrepauso nabarmenak egin dira (Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, …).
Euskararen feminizazioa, beraz. Kontzeptu horrek, ostera, ifrentzua dakar (eta ifrentzua askotan indartsuagoa izan daiteke): erdararen maskulinizazioa (Hego Euskal Herrian, behinik behin, hori diote datuek; Ipar Euskal Herrian ez dakit zehatz esaten, baina adibidez Amikuzeko libertimenduan esan zutenaren arabera, zaila da gero errugbilari bat euskaraz aditzea, eta nik errugbilari entzun eta gizonezkoa paratu zitzaidan buruan). Euskararen biziberritzea, beraz, emakumeen ardura da? Hizkuntza ideologia zehatz baten arabera, euskara zaindu beharrekoa da. Analogia bat eginda, esan daiteke euskara zaindu behar denez eta emakumeak direnez zaintzaile nagusienak, euskara ere euren ardura dela?
Hortaz, euskara feminizatzen ari da, antza. Izan ere, kontu bat (berdin da zein) feminizatzen denean, normalean galtzen du balioa, normalean desprestigioa dakar (gizonek “gidatutako” gizarte honetan behintzat). Botere-harremanak sartzen dira tarteko eta horrek delako kontu hori gutxiesten du.
Nagusi diren jendarteko joeretan (benetakoetan, askotan lurrazpian mugitzen direnak, ez berariaz aipatzen direnak, ze horiei jaramon eginez gero, denok gaude euskararen alde, berdintasunaren alde, ingurumenaren alde, parte hartzearen alde, gutxiengoen alde eta abar, baina gero …) eragin gura badugu, agian zerbait egin beharko genuke erdaren maskulinizazioarekin apurtzeko. Zer, ba ez dakit, baina gauzei izenak jarrita agian errazago hel gintezke zer egin genezakeen pentsatzera.
Amaitu nahiko nuke galdera batekin: eta gizonak non daude? (non gaude?).
Erdarak eta maskulinizazioa
“Sinatuak” atalean aurki genezake erantzunen edo erantzun arrastoren bat…
Zakur goseari akainak nola, horrela itsasten zaizkio ideologiak galbidean doan hizkuntzari. Kolonizazioaren lehen urrratsa eliteen bahiketa da beti. Handikiak erdalduntzetik hasten da eta une horretatik bertatik, hizkuntza hori ez da jada herri osoaren hizkuntza, herriaren zati batena baizik. Zatitasun hori da abiapuntua. Oraindik zahar-gaztea naizen honek, dagoeneko ezagutu ditut, euskaratik emozionalki aldendu zen aitona sozialista, karlista atzerakoi elizkoien kontua zelako, gero, beste aitona karlistaren aldeko hainbat senidek berdin aldentzea, euskara gazte antifrankisten ondare bilakatu zenean. Gero, ezker abertzalearena. Orain, feministena. Bihar auskalo… Eta ideologia guztiak, salbuespenik gabe, kleenex moduan erabiltzen dute hizkuntzaren gaia, haien proiektu ideologikoaren mesedetan erabili dezaketen artean. Begira zeinen euskaltzale diren gaur egun katoliko integristak, iraultzaile marxistak ere pixkanaka ari dira praktikotasun eta errealismoaren bide erdaldunean aurrera egiten eta feminismoa ere heltzen ari da bidegurutzera, gainerako guztiak bezala. Gauza bat da, garai jakin bateko soziologiak alde batera edo bestera mugitzea euskaldunen multzo nagusia eta oso bestea berriz, sinestea ideologia horrek euskararen mesedetan zerbait egingo duenik koiuntura jakin batez harago. Irtebide bakarra da euskara bera jartzea elkartasun ardatz, ez ideologia hau edo bestea. Irtenbide bakarra da zatitasuna gainditzeko ekaian jartzea indar eta adore guztia.
“…euskara bera jartzea elkartasun ardatz…”
Norekin eta nola?
Hasteko denak ez dira euskaltzaleak zure inguruan, espanolzaleak ere badira.
Gero euskaltzaleek berek euskaraz gain beste ardatz edo kezka dituzte eta gehienek ezin dituzte kezka prosaiko horiek baztertu..
Zure helburua lortuko duzu komunitate ekonomikoki eta filosofikoki solidario mugatu baten mailan ez EAE mailan. Beraz zure ertenbidea komunitate horren osatzean dago koska.
Gizonak non dauden? Ez al zuten gure agintari feministek (gizonak btw) agindu gizonok albo batera egin eta espazioa emakumeei utzi behar zitzaiela (eunuko bihurtu)? Ikusgarritasuna eman behar zitzaiela emakumeei, botereguneak haiei utzi, eta gu txokoan isilik egon?
Gizonok hemen gaude. Aberria defendatzen. Androginoak noski albo batera joan dira, feministen aginduak jarraituz.
“Jendarte” bezalako asmakizunak entzun behar izatea ere! Pailazo herria hau.
Sinpleagoa da, sinpleagoa… Euskara hizkuntza bat da, eta horretara jarri behar genuke lehendabizi. Hizkuntza kolektibitate edo komunitate oso batek erabili ohi du, hizkuntz komunitateak, eta bertako gizabanako guztiek, ar zein eme.
Hasten garenean “Euskara eta perretxikoak”, “Euskara eta feminismoa”, “Euskara eta matxismoa”, “Gazteak eta hizkuntza bat”… bide okerretik abiatuak gara.
Zer esanik ez, Salamancan ere feminismoa, matxismoa, gazteak, zaharrak eta beste edonolakoak ere badira; han ez dagoena, beste hizkuntza bat, gurean Euskara. Eta erabaki behar da: Euskaraz ala ez. Utz ditzagun albo batera alferrikako buru-korapiloak… Beharbada psikologoentzat, soziologoentzat, interesgarriak dira; hiztunentzat, aldiz, nahasgarriak.
Arratsalde on Beñat. Arrazoi duzu, ez da erraza elkartasun ardatzak aldatzea. Baina ezin bestekoa da aldi berean. Ez noski gizarte osoan, ezta euskaldungo osoan ere. Honelakoetan ohi bezala, amiñika hasi beharko ardatz berri hori talde txiki batean nagusi dadin. Eta hortik aurrera eutsi eta zabaldu. Gaur egun bertan esango nuke ardatz hori badela ardatz nagusia hainbat jenderengan. Esate baterako, hurbilago eta etxekoago izatea Atutxa, Anasagasti baino. Baina egiaztatu ahal izan dut sentipen hori ez dela oso zabaldua ezker abertzaleko euskaldunen artean.
“Beraz zure ertenbidea komunitate horren osatzean dago koska”.
Hau da Txpetxek komunitatearen trinkotzea deitzen duena.
Bestalde, interesgarria da “ekonomikoki eta filosofikoki” esapidea; zeren eta, euskaldunak normalizatzea garestia izanen baita, dirua ezarri beharko dugu han eta hemen, eta horrek eskatzen du programazio bat, asmo kontziente eta kalkulatua, eta horretarako jarrera ia filosofikoa hartu beharko baitugu.
“…ez da erraza elkartasun ardatzak aldatzea. Baina ezin bestekoa da aldi berean”.
Ezin hobeki errana;
Indar politikoak eta ongi bizi nahiak sekula baino gehiago erreinatzen duten mundu batean, herriaren alderako amodioa lanjeroski endurtzen ari dela, gu gaizo inozentak bagatoz euskararen ardatza aldarrikatuz! Orduan konturatu behar gara bederen “amiñika hasi beharko (litzatekeen) ardatz berri hori talde txiki batean nagusi dadin” mundu honen ideologia dominantearen kontra sustraitik doan egitasmoa dela.(bertsio eskuindar zein ezkertiarraren kontra). Nun izanen da inflexio puntua?