Eraldaketarako liderrak behar dira
Eraldaketarako liderrak behar dira –
Hainbat administrazioren eta enpresaren plan estrategikoen diagnostiko, diseinu zein ebaluazio faseetan parte hartzea egokitu zait. Azken asteotan, adibidez, bi administrazioren euskara sustatzeko plan estrategikoen balorazio saioetan parte hartu dut. Beste askotan bezala, saio horietan iruditu zait errepikatzen ari ginela duela lau edo zortzi urte esaten genituen hainbat kontu eta, zoritxarrez, ez direla konponbidean jartzen.
Esate baterako, maiz ageri ohi den kontu nagusietako bat da euskararen inguruko lidergo faltarena. Horregatik, agian, euskararen gaia ez dago agenda politikoen erdigunean, sektore publiko zein pribatuko erakunde gehienetan ez da hizkuntza politika egokirik garatzen eta, normalean, euskara zerbituetatik landa, gainerako sailetan ez da lehentasunezko aldagaia izaten. Ikusi besterik ez dago administrazioek eta enpresek antolatzen dituzten jendaurreko ekitaldietan ere euskarak zein presentzia urria duen. Ekitaldi askotan, akaso agurrak euskaraz izango dira, baina hortik aurrera, euskarak ez du lehentasunezko presentziarik izango. Jendaurrekoan hala bada, zer esanik ez erakundeen bestelako jardueretan, zerbitzuen kontratazioan eta abarretan.
Kasu batzuetan, erakunde horien helburuetatik kanpo dago euskararen erabilera areagotzea, baina beste batzuetan, badago horretarako nahia edo asmoa. Hala ere, ez du lehentasunezko lekurik lortzen.
Zenbait erakunderen euskara sustatzeko plan estrategikoen balantzeetan aurkeztutakoa ikusita, argi dago lana egiten dela; hori ez dugu zalantzan jarriko. Baina emaitzei erreparatuz gero, ez dira oso eraginkorrak izaten. Euskararen egoerari dagokionez, helburuak eta estrategiak adosteko eta garatzeko garaian ezintasun nabaria dago. Jauzia egiteko zailtasunak daude, eta horretarako faktore nagusietako bat lidergo falta da.
Lidergoak hamaika adiera ditu eta bere inguruko teorizazio diferenteak daude. Gurean, esate baterako, Eralan, hizkuntza lidergoa aztergai ikerketa-proiektuak bidea urratu zuen eta, ikuspegi eraginkorrena bilatzeko asmoz, lidergo eraldatzailearen ezaugarriak zehaztu zituen: sinesmena erakusten du, konpromisoaren garrantzia azpimarratzen du, behar denean posizioa hartzen du, etorkizuneko ikuspegi erakargarria artikulatzen du, espektatiba altuak sortuz eta sinbolo erakargarriak erabiliz motibatzen du, ‘harago’ joatera bultzatzen du, ohiko moduak eta usteak zalantzan jartzen ditu, gauzak egiteko era berriak sustatzen ditu, ideien sormena bultzatzen du, enpatia eta entzute-ahalmena izaten ditu, norbanakoen beharrizanei kasu egiten die, erronka egokituak eman eta ardurak banatzen ditu…
Liderrak izan daitezke aldaketaren motorrak edo oztopo nagusiak. Lidergoa funtsezkoa da enpresa edo administrazio baten kudeaketan, eta haren presentziak edo absentziak eragin nabarmena izan dezake, bistan denez.
Euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotuko badira, euskaraz bizitzeko helburuari lehentasuna emango dioten pertsonen lidergoa behar da, mota guztietako erakundeetan, baita administrazioetan ere, agintari gorenetatik hasita. Eraldaketarako liderrak behar dira, datozen urteetan egin beharreko jauzirako indarrak bildu, aitzindari izan eta eragile rola hartuko dutenak.
Euskaldunak ez diren eremuetan, euskararen aldeko militantzia baino jarduera frustranteagorik ez dut ezagutu izan, benetan nekagarria den hautua da. Liderrak baino, superheroiak behar ditugu.