Enpatia ardatz
Enpatia ardatz –
“Gero eta aldeko gehiago”. Euskaltzaleen Topaguneak halako izenburua duen dokumentua aurkeztu zuen lehengo apirilean Iruñean.
Nafarroan euskararen inguruan ari den jende aunitzen artean aspaldi handitik dabil kezka herrialdeko gizartearen zati handi bat euskararen inguruko jarrera positiboetatik zein urrun dabilen ikusita, eta horrek euskararen biziraupena eta biziberritzea nola trabatzen duen ohartuta. Hartara, euskaltzaleek egoera horri buelta emateko zeregina badutela usterik abiatu zen, duela hiru urte, lehengo hilabetean plazaratutako agirian gorpuztu den ekimena.
Funtsean, “gaur egun euskararekiko atxikimendua sentitzen ez duen jende multzoari euskararen aldeko pertzepzioak eta posizioak aldatzeko heldulekuak” eskaintzea da dokumentuaren mamia. Estatu proiektu ezberdinen arteko talkek edota alderdien interesek afera honetan duen eragina ez dute saihestu haren egileek. Aldiz, komenigarria irizten diote “euskara biziberritzeari loturikoak zurrunbilo horretatik at” kokatzeari, eta “nazio identitateen arteko talkatik ere, ohiko begirada dikotomikotik haratago begiratzea” proposatzen. Izan ere, garrantzitsutzat jotzen dute “nafar gizarteari helaraztea euskararen aldeko jarrera izatea, abertzaleen gauza bat izatetik haratago, posizio politiko bat dela: aniztasunaren aldekoa, berdintasunaren aldekoa, bizikidetzaren aldekoa, uniformizazio eta autoritarismoaren kontrakoa”. Horrek, haien aburuz, “lagundu behar luke aliantza eta konplizitate berriak eraikitzen”.
Ez axola diren edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzeko langintzan, ez da beti erraza zer egin behar den asmatzea
“Aliatuak bilatzea eta zaintzea” helburu, beraz, haiekiko “enpatia” praktikatzea “ardatza” dela nabarmentzen da. Horretarako, kasu bakoitzean, “lehentasunak ongi markatzea eta planteatzen den ekimenaren eragina neurtzea” zein onuragarria den oroitarazten zaigu dokumentuan, alegia, “ekimenak eraginen duen talka sozialaren eta ekarriko duen etekinaren arteko balantza ongi neurtzea komeni” dela.
Hori guztia gero praktikara eramatean etortzen dira, noski, kontuak. Ez axola diren edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzeko langintzan, ez da beti erraza zer egin behar den asmatzea. Aiseago, berriz, zer egin behar ez den, hain izaten baita begi bistakoa. Konparaziorako, ekitaldiz ekitaldi Korrikan presoen argazkien tradizioari eusten dioten horiei norbaitek –lagunen batek, maite dituenen batek– esplikatu behar lieke, zorioneko karteltxo horien inguruan aldi bakoitzean sorrarazten duten zaratak zer guti laguntzen dien lasterketaren helburuei eta zer bidelagun guti, zer aliatu guti, ekartzen dion euskarari. Oraindik ez dut itxaropena galdu.
Ustez aldeko ditugun horiek ekarrarazteko ez gara gauza. Orain berean guraso euskaldun gehiegi ikusten dut beren umettoekin erdaraz. 5 urteko umeekin erdaraz! Umetto horiek inposatu dute gaztelera beren etxeetan.
Horiekin zer behar da, enpatia?
Ea jaunok, trasmisioa hausten ari diren gurasoekin zer egin behar dugu?
Eta hori euskal eremuan ari da gertatzen. Eta Iruñean zer esanik ez.
Supremazista espainiar eta frantsesek ez dute euskal presoen irudien beharrik euskararekiko (euskaldunekiko) erdeinua eta gorrotoa erein eta zabaltzeko.
Ikusi besterik ez dago Ekialdeko euskaldunen egoera.
Bertan ETAren arrastoak ez du eragiten, ez baitzuen ekintza bakar bat ere egin, baina euskaldunekiko erdeinua mendebaldean baino hedatuago dago. Espainiarren eta frantsesen euskaldunekiko arrazakeriaren erroak oso sakonak eta zaharrak dira. ETA sortu baino askoz lehenagokoak.
Euskararekiko enpatiarik ez dugu eragingo xinpatikoarenak eginda (horretan iaioak gara), euskara beharrezko bihurtuta baizik.
Nola lortu dute ba haiek, erdara biak euskaldunontzat “erakargarri” izatea bada? Enpatiatik ez …
Espainiar enpatiaren eskuliburutik:
” siempre la lengua fue compañera
del imperio: y de tal manera lo siguió: que juntamente
començaron, crecieron y florecieron. Y despues junta
fue la caida de entrambos…
Que despues que vuestra alteza metiesse
debaxo de su iugo muchos pueblos barbaros y naciones
de peregrinas lenguas: y con el vencimiento a quellos
tenian necessidad de recebir las leies: quel vencedor
pone al vencido y con ellas nuestra lengua:..
I cierto assi es que no sola mente los enemigos de nuestra fe que tienen
ia necessidad de saber el lenguaje castellano: mas los
vizcainos. navarros. franceses. italianos. y todos los
otros que tienen algun trato y conversacion en españa y necessidad de nuestra lengua…”
Antonio de Nebrijak XV. mendean