Elorriagaren hariari erreparatuz
Elorriagaren hariari erreparatuz –
Asko gustatu zait Yolanda Elorriagaren “Goi kultura baserritarkeriaren aurka mintzatu dela” artikulua. Zuzeuko salabardoak ere begiz jota zuen Elorriaga, ez baita harritzekoa.
Honela ekin dio bere azken artikuluari: “Goi kultura kontzeptuak behe kultura dakar berarekin, eta biak, kultura kontzeptua bera moduan, nahiko erlatiboak dira. Dominatzaileak beti pentsatuko du berea goi kultura dela, eta menperatuak, ez daukala kulturarik edo ez daukala errespetatzeko moduko kulturarik”. Hori da hori hasiera indartsua. Eta ez da azpimarratzeko moduko aipu bakarra. Horratx beste batzuk ere:
“Uste dut kulturari jatorrizko hizkuntzarekiko errespetua, begirunea eta ardura dagozkiola, eta asko ari dira batuaren alde eta era berean jatorrizko hizkuntzaren zaintzaile lanetan”.
“Jatorkeria eta baserritarkeria hitzak nik lehenago sekula entzun eta irakurri bakoak dira (kaletarkeria hitza ere sekula entzun eta irakurri ez dudan moduan), eta euskarak formalki ahalbidetzen dituen arren, semantikoki gutxienez txokanteak eta aberranteak suertatzen dira. Jatorkeria hitzak jatorra izatearen txarkeriari edo akatsari buruz dio. Ezin dut aurkitu espainieraz parekorik, jator adjektiboaren esanahi eder guztietarako parekoa bai, baina jatorkeria-rako ez, ze esaterako casticismo hitza ez da inondik inora parekoa…”.
“Nik uste dut kulturari beti zapalduak eta desagerraraziak diren kultura indigenei buruzko ardura dagokiola (bestela, bera ari da suntsitze lanean), eta irakurriak ditut Pizkunde Aroan euskal literaturan sortu ziren ohiturazko eleberriak, Txomin Agirre abade ondarroarraren Kresala (1906) eta Garoa (1912) dira aipagarrienak (Auñamendiko lorea nobela historikoaren ostean idatzi zituen), nire iritziz ohiturazko eleberri biak balio literario handikoak… Txomin Agirrek ezagutzen eta sentitzen zuenari buruz idatzi zuen, euskal baserritarren eta arrantzaleen defentsan eta euskararen eta euskal munduaren suntsipena dakarren hiriaren eta progresoaren kontra, desagertzera doan mundua kontatuz eta defendituz…”.
“Hilabete bi euririk egin barik eta bero guztiz ezohikoekin egon ostean, basoak kiskalita, errekak desagertuta, ura itsasontziz zein kamioiz garraiatu behar izan dela, kultura ez eze Lurra ere hondamendira daraman gizaki aseezin suntsitzaile eta autosuntsitzaileari buruzko hitzen bat pentsatzeko ordua ere bada, ezta? Ze baserritarrak noraez eta kontsumismo zoro honetatik guztiz urrun bizi izan dira, eta miraria da oraindik munduaren aurka ari diren honelako banaka batzuk geratzea”.
“… Gasteizko jaietan blusaz janztea ere baserritarkeriaren adibidetzat jartzen du, baina kaletarra baserritarrez janztea bada akatsa, kaletarkeria izendatu behar da eta inondik inora ere ez baserritarkeria, ez delako baserritarrak egindako akatsa, kaletarrak egindakoa baino. Kaletarren benetako ohiko akats eta ohitura txar historikoa, ostera, badakigu zein den. Bai, horixe berori: baserritarrei burla egitea. Kultura falta edo huts benetan penagarria. Eta euskal kultura mozorro jaira mugatzea, gure ezerezarako bidea”.
Iritzi sendo eta mamitsuak iruditu zaizkit Elorriagarenak, eta berrian argitaratu izan dituen bere beste artikulu batzuekin ere, berdintsu gertatu zait.
Balio beza ale xume honek egileak salatzen duen beste gaitz hau ere gainditzen laguntzeko:
“Baina emakumezkoak, askoz hobeto ari direnean ere, beti geratzen dira gizonezkoak baino ikusezinago eta azpikoago. Gure kulturan ere gizonezkoek hartzen dute izen handia eta protagonismo guztia. Bada kontu batzuk irauli eta zuzentzeko ordua“.
Hala bedi.
Elorriagaren hariari erreparatuz
Esaldi bikainak benetan, Saizarbitoriak adierazitakoari heldu izan balio.
Baina esaldien ustezko borobila gorabehera, Elorriagak mahairatu duen eta deus ulertu gabe kritikatu duen tesia ez da kulturari buruzkoa, gure hizkuntzaren inguruko utzikeriari buruz baizik. Euskaldunok Naturaltasunaren eta jatortasunaren aitzakiarekin darabilgun zabarkeria linguistikoa da gaia, ez besterik.
Euskara naturalarena euskal alferkeriaren asmakeria bat da, nahikoa eta sobran deritzogulako dakiguntxoa espainolezko lexiko eta partikula disimulatuekin nahastuta erabiltzeari.
Eta euskara jatorra? Ba geure buruari identitatea emateko beste asmazio bat, hau da, “euskara naturala” tinte lokaleko hots eta ulertezinezko laburdura txotxolotan urtuta.
Bi-biak duela berrogeitamar urte oraindik bizirik zeuden euskalki jatorretatik urruti.
EPortzierto/bide batez, Txomin Agirrek euskara naturala, euskara jatorra ala Arranondoko euskalki itxia erabili ote zuen Kresala eleberrian honelakoak idaztean? “Bertan agertuko diran gizon da emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez”.
Ondo zebilen gure lexikoaren inguruan espainolean berdinik ote dagoen itaundu arte. Minorizatuaren konplexua da hori, zergatik ezin ditugu ba gure hitz-eraketa araueu jarraituta lexiko propio eta berria eratu? Espainolak guretzat eredu izan behar al du ala? Gure mundu ikuskera besteenera azpiratzea da hori.