Elkar mugituz

Elkar mugituz –

Reale Arena, San Mames berria, Sadar, Mendizorrotza eta Jean Dauger estadioetan guztira sartzen direnak 153.640 pertsona dira. Ariketaz ariketa, hiru edizioetan zenbaki hori gainditu du Euskaraldiko izen emateak. 320.000 herritar baino gehiago gara Euskaraldian noizbait ahobizi edo belarriprest izan garenak. Hori da ekimen honen dimentsioa.

Elkar mugituz

Kantitatea eta kalitatea; Euskaraldia sortu zenetik bi helburu horien arteko tentsioa bizi izan dugu. Jakin badakigu euskaltzale askok lehen edizioan izena eman eta hurrengoetan izena eman gabe parte hartu dutela. Zenbaketa jada konplikatu zaigu. Kalitatea, berriz, txapa janztean eta euskaldunak euskaldunari euskaraz egitean datza. Ariketan jar dezagun fokua, erabilerari hauspoa emateko funtsezkoak diren portaeretan. Baita horretarako behar dugun herri aktibazioan ere.

Haizearen kontra gabiltza, kontziente gara. Jendartea mobilizatzea gero eta zailagoa omen da. Euskaraldiak apustua igotzen du, ez baitu eskatzen ekintza puntual baten aldekotasuna edo kontrakotasuna adieraztea bakarrik. Hori eta gehiago eskatzen du: txapa jantzita, egoera ezerosoetan erabilera areagotzeko eta hizkuntza praktikak eraldatzeko jokabidea hartzea baizik. 11 egun horiek modu neketsu edo alaitsu batean bizi daitezke. Egin dezagun bigarrenaren alde, antola  ditzagun egun horietako ekimenak poztasunarekin, jantzi ditzagun txapak konfiantzaz eta jolas dezagun hiztun zein herri gisa ahaldunduta.

Haizea kontra dugula ere sumatzen da beste hainbat egoeratan ere, hala nola batzuek diote «euskal-washing»-a egiteko probesten dela, lankidetza publiko-soziala beti ez da erraza, hainbatetan herritarren ahaleginaren alboan erakundeen urrats ausartagoak beharko liratekeela…

Gauzak horrela, Euskaraldia antolatzeko ahaleginak merezi ote du? Hortaz, akabo, bukatu da? Kito Euskaraldia betirako?

Zer tresna-bide-modu geratuko litzaiguke jendartean masiboki hizkuntza ohituren gainean kontzientzia pizteko eta euskararen erabileran jauzi bat eragiteko?

Euskaraldia ez da perfektua eta ez da ahalguztiduna. Ez ote dizkiogu helburu handiegiak eskatzen batzuetan. Euskaraldia behar dugu euskaldunok, euskarak eta herri honek. Inoiz baino gehiago eta inoiz baino indartsuago behar gaitu Euskaraldiak. Gainera, aurreko hiru edizioetan egindako ikerketetan aski probatuta dago Euskaraldia ariketa eraginkorra dela. Ariketa bat baita, ez euskararen aldeko kanpaina bat. Ariketa garaian erabilera igotzen da eta handik hiru hilabetera ere hizkuntza ohitura berriak mantentzen dira ehuneko garrantzitsu batean.

Euskaraldi indartsua behar dugu euskararen erabilera erdigunean jartzen duelako. Kontzientzia linguistikoa pizten duelako, hizkuntza ohiturak auzitan jarriz. Euskaldun aktiboak ahalduntzen laguntzen duelako. Euskara ulertzen dutenak prestigiatzen eta motibatzen laguntzen duelako. Epe ertain-luzera eraginkorra delako. Nazio mailakoa eta masiboa izanik, batzen gaituen ekimena delako. Euskara agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzen duelako. Munduan ez da halako ekimenik inon eta inoiz antolatu. Hortaz, munduari erakutsi diezaiogun herri honetan dagoen grina, batasuna, irudimena eta indarra euskara biziberritzeko mugimenduan.

Hurrengo Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da. Garaiz gabiltza. Aukera ezin hobea dugu euskaltzaleok edizio kolosala egiteko, badaukagulako esperientzia, ausardia eta anbizioa. Antola gaitezen eragile guztiok, nor bere espazioan, nor bere moduan parte hartuz. Euskaraldia elkar mugituz egingo dugu!

Elkar mugituz  Elkar mugituz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude