Elebitasuna: ona?
Elebitasuna: ona? –
Elebitasuna ona al da euskaldunontzat? Esan beharrik ez dago bi hizkuntza edo gehiago menderatzea pertsona batentzat, gizabanako bezala, oso onuragarria dela: elebitasun edo eleaniztasun indibiduala ona da, erabat harturik. Xehetasunetara joz gero, ñabardurak egin behar; esaterako, jende gehienarentzat posible al da euskara eta espainiera edota euskara eta frantsesa maila bertsuan menderatzea?
Hausnar dezagun poxi bat: hedabideetan ikusten ditugun aurkezle, berriemaile eta gainerakoen artean, badira euskaraz zein erdaraz ongi moldatzen direnak baina era berean badira hizkuntza batean hobeki moldatzen direnak bestean baino, eta gure kasuan, gehienetan erdaraz gertatzen da hori. Hedabideetako langileek, bestalde, hitza dute baliabide nagusi, irakasleek edota administrazioetako hainbat langilek duten bezala, eta alde horretatik hedabideetako langile edo irakasleez esaten dena ezin da besterik gabe gizarte osora zabaldu; denok ados egongo gara esatean, oro har, hedabideetako langile, irakasle edo administrazioetako langile ez direnak elebakarrago izan ohi direla; batez ere, hizkuntza nagusia (edo bakarra) erdara dutenak.
Ahozkotik idatzira igarotzen bagara, orduan elebidun orekatuen kopurua are gehiago murrizten da. Ahoz bietan ongi samar moldatzen edo defendatzen direnek ere, idazteko orduan, joera izaten dute batean moldatzeko ongi, eta bestean, traketsago. Bi hitzetan: elebidun orekatuak ahoz eta idatziz gutxi dira edozein jendarte elebidunetan ere; askoz gehiago dira elebakarrak edo onenean elebidun diglosikoak; jende gehiena hizkuntza batean bizi da bere etxean bezala, eta bigarrena, ez du hain etxekoa. Horrenbestez, ona bai bada elebidunak edo eleaniztunak izatea gizabanakoarentzat, baina elebitasuna, zer esanik ez eleaniztasuna, gehienen eskura ez dagoen egoera bat da, eta horixe da arrazoi nagusia komunitate elebidunak, zinez elebidunak, errealitatean, (ia) inon ez egoteko.
Jakina den bezala, Belgikan, hiriburuan, frantsesa da nagusi alde handiz. Bruselan, administrazioko langileek nederlandera eta frantsesa jakin beharrak dituzte baina herritar arruntak frantsesez bizi dira, nederlanderaz bizi diren auzo batzuk kenduta; Flandrian nederlanderaz, eta Walonian, frantsesez. Suitzakoa ere gauza jakina da, eskubideak lurraldeari dagozkio, ez norbanakoari. Eta gurean?
I. Mundu Gerraren ondotik batez ere Iparraldean, eta bereziki 36ko gerraren ondotik Hegoaldean, euskaldunontzat garbi zegoen herri bezala egoera hartan ezin ginela euskaraz luzaroan bizi, baina baziren, batez ere eskola gabeko edo gutxiko euskaldunak –klase herrikoiak noiz heldu dira/gara eskolara, eta noiz euskaraz jasotzera eskola!–, euskaldun izatearen kontzientzia garbia zutenak eta euskaraz erdaraz baino errazago eginik, herri batzuetan behintzat euskarari eutsi ziotenak. Hegoaldean, EAEn eta NFEn eremu euskaldunean, elebitasun ofizialaren aroan sartzearekin –Katalunia eta Galiziara ere begira dezakegu, estatu elebakar berak gobernatzen eta espainiera inposatzen digunez gero–, kasik berrogei urte honetan, zer gertatu da?, eta batez ere, egoera linguistikoaren zer pertzepzio dago?
Katalunian oso kezkatuta dabiltza batez ere katalanaren erabilerak azken hamabost urteotan nabarmen behera egin duelako, bereziki eskolan. Asaldaturik dabiltza oraindik orain eskoletako murgiltze ereduaren aurka egin duelako Kataluniako Auzitegi Nagusiak eskolen %25 gaztelaniaz ematera derrigorturik. Nor dabiltza asaldaturik? Jende asko, baina katalangintzan ari direnak ez ezik politikariak ere hein baten; han ere, ez dira politikari independentistak gehien gailentzen direnak jendartean; baina ikus-entzunezkoen legearekin eta, jendaurrean ere agertu izan dira kezkatuak, eta gurean ez, edo askoz gutxiago.
Bien bitartean, espainiarrak eta frantsesak beti beren hizkuntzen alde nabarmen eta lotsarik gabe. Alsaziara bazoaz, Estrasburgora, kasu, alemanek franko-prusiar gerraren ondotik (1871) alemana inposatzen aritu direla esango dizute hirian barrenako bira (tour) bat egiten baduzu, eta naziek presioa areagotu zutela, ezkutaturik Alsazia eta Lorrenaren mendeetako alemantasuna; eta Kataluniara bazoaz, hango unionistek esango dizute katalan independentistak katalana inposatzen ari direla tematsuki, eta berak Espainia osoan espainieraz bizitzeko duten eskubide santua aipatuko edo iradokiko dizute, eta, gurean, zer esanik ez, beste horrenbeste.
Hemengo politikarien artean printzipio nagusi bat dago indarrean Franco hil zenetik hona: euskara ahulegia da borroka politikorako, eta horregatik ez da aztertu ere egin nahi azken ia lau hamarkadetako hizkuntza-politikak zer eman duen, eta nolako aldaketak egin behar diren euskaldunok gero eta erosoago bizi gaitezen euskaraz eta euskal nazioa errekara joan ez dadin. Katalunian eta Euskal Herrian ere, hedatzen ari da ikuspegi hau: ez gara inoiz oraintxe baino okerrago egon euskararen erabileraren aldetik, ezta frankismoan berean ere; elebitasun mota hau, guztiz ere euskaratik gatozenon elebitasuna, kalterako dugu.
Martxa honetan, euskaldun gisa, euskal hiztun gisa desagertzera goazela esatea izan liteke gehiegikeria bat, baina jendartearena ez ezik politikari eta instituzioen erreakzio irmo bat beharrezkoa dela esatea ez. Noiz helduko diote EAEko 1982ko Euskararen Legeari eta NFEko 1986ko Foru Lege xaharkituei, euskaltasunari bultzada handi bat eman diezaiogun? Entzuten ari naiz: legea aldatzea ez da nahikoa. Ados, baina behar-beharrezkoa bai!
Elebitasuna: ona?
Zeruari euria eskatzeko “rogatibak” egiten ditugun bitartean, ez gaitezen lo egon. Igaroan dihoan egun bakoitza urregorrizkoa bezain erabakigarria da euskaldunon elearentzat.
Elebitasuna PNV eta euskal koldarren irizur handi bat da.
Elebitasunik ez dago, eakunde elebidunik ez dagoen moduan. GARA, DEIA, EITB,… elebidunak dira? Erantzuna argi dago. Euskal Herrian erakunde ekebidun guztiek erderaz funtzionatzen dute. Gehienez itzultzaile kasta koldar bat besterik ez da sortzen.
Josu, ezer ez esateko, hobe isilik…
Hi, Txikitero, errespetu gehiago ile-urdinei!
Irakur ezak, sikeran, erran dudana. Hik esandako gauza bera erran diat, baina beste “estllo” batez.
Ala ez zaizkik laket Estiloak ere?
“Euskal Herriko erakunde “elebidun” guztiek erderaz funtzionatzen dute. Gehienez itzultzaile kasta koldar bat besterik ez da sortzen.”
Euskarari esker bizi den kasta esker oneko eta epel bat hedatu da, bai, salbuespen batzuk, gutxi, badiren arren.
Itzultzaile, euskara teknikari, irakasle, eta hizkuntza politikarako arduradun politiko asko eta asko daude, ozta-ozta agintzen zaiena bete, eta beste ezertaz arduratzen ez direnak. Beharbada akatsa gurea da, euskaratik bizi diren guztiak euskaltzale militanteak izan behar zirela uste izateagatik. Argi baitago, horietako asko euskaltzale platonikoak direla, onenean, eta okerrenean, hori ere ez.
Nik ezagutzen ditudan euskarazko itzultzaile guztiak, izan funtzionario zein ez, euskaldun militanteak dira, eta askoz okerrago geundeke haiek gabe, ez dut dudarik. Zein da zure ekarpena, anonimo hori?
Eta asko dira? Ze halako sute handiegirik ez da nabari inon. Salbuespen bat edo beste bada, baina nik ezagutzen ditudan gehienak ez dira aktibistak. Erdaraz bizi diren euskararen profesional batzuk ere ezagutzen ditut.