Elebitasuna… ala hizkuntza-gatazka?

Elebitasuna … ala hizkuntza-gatazka? –

Ez da arraroa izaten bizi garen mundu honetan kontzeptuak nahastea, guztioi gertatzen zaigu. Horren adibide dugu Euskal Herrian elebitasuna daukagula dioen jendea. Bada, arrazoirik ez zaie falta; elebitasuna, egon, badago. Alta, agerikoa da adierazpide hori errealitatearen azalean geratzen dela, egoeraren benetako gordintasuna islatu ezinean… ala ez da horren agerikoa? Zer pentsatuko luke jende horrek erranen banie hizkuntza-gatazka terminoa dela Herriko egoera soziolinguistikoa hobekien deskribatzen duena, eta ez elebitasuna? Gizaki garen geu batzuetan konnotazioetan galtzen gara, baina bertze batzuetan konnotazioan datza gakoa. Bada, azter dezagun, arin eta azaletik, zergatik den zuzenago hizkuntza-gatazka terminoa.

Hasteko, zalantzarik ez da Euskal Herrian ukipen-egoera daukagula, zeinetan euskarak bat egiten duen espainolarekin eta frantsesarekin. Horren ondorio zuzena dugu elebitasuna, eta hiztun elebidunak dauden heinean, hizkuntzen arteko harremanak sortzen dira, ezinbertzean. Oraingoz erran guztia ebidentzia hutsa bertzerik ez da, baina ez dira izaten horren agerikoak hizkuntzen arteko harremanen ondorioak.

Gizarte-mailan, elebitasunaren ondorioa diglosia da. Gizarte batean hainbat funtzio bereiz daitezke ikuspuntu soziolinguistikotik, hala nola erlijioa, irakaskuntza, lana, etxeko harremanak edo administrazioa. Aditu batzuek gizarte-funtzio deritze, bertze batzuek eginkizun, bertze batzuek txoko sozioekologiko… Alabaina, gauza beraren inguruan ari dira. Bada, gizartean hainbat funtzio dago, eta horiek betetzeko hizkuntza beharrezkoa da. Baina, zein hizkuntza? Hizkuntza bakarra dagoen gizarteetan (arraroa dena) zalantzarik ez dago. Ukipen-egoera eta elebitasuna gertatzen direnean, ordea, arazoak hasten dira; izan ere, gizarte-funtzioen banaketa gertatzen da, hau da, funtzio hainbat hizkuntza batek beteko ditu, bertze zenbait bertze batek, eta gainerakoak biek, kasurik kasu eta inoiz ez era orekatuan. Beraz, funtzioen banaketa gertatzen den egoera horri deritzo diglosia, hain zuzen.

Elebitasuna … ala hizkuntza-gatazka?
1. irudia: diglosia egoeraren adibidea. Alegiazko gizarte honetan, B hizkuntza erlijioan eta justizian erabiltzen da, hertsiki. A hizkuntza, aldiz, lanean, hedabideetan, etxean eta pentsatzeko (nor norbera izateko) erabiltzen da, hertsiki ere bai. Azkenik, bai A eta B hizkuntzak erabiltzen dira irakaskuntzan.

Orain bada, pauso bat gehiago egin dezakegu, eta diglosiaren ondorioak aztertu. Hainbat diglosia mota dago, baina zalantzarik gabe munduan orokortuena diglosia total edo glotofagiko deritzona da. Egoera horretan bi hizkuntza bereizi behar dira: menperatzailea, alegia, boterea duena (izan politikoa, ekonomikoa, militarra edo dena delakoa), eta gutxitua. Areago, diglosia mota horrek ezaugarritzat du hizkuntza gutxituak ez dituela inon gizarte-funtzio guztiak bermaturik, eta menperatzaileak, aldiz, bai. Diglosia mota honen adibide ezin argiagoa dugu Euskal Herrian daukagun egoera. Hegoaldean, adibidez, espainola da hizkuntza menperatzailea, botere osoa biltzen duena eta, gainera, Herritik kanpo erabat bermaturik ditu funtzio guztiak (adibidez, Andaluzian). Euskarak, aldiz, ez ditu funtzio guztiak bermaturik, ez bere berezko eremuan, ez inon.

Eta zuek beharbada pentsatuko duzue: ados, honaino ongi, eta zer? Bada, diglosia glotofagikoa erabat suntsigarria dela eta desagerpenerako bidean jartzen dituela aipatu hizkuntza gutxituak. Izan ere, gizarte-funtzioen banaketan adostasunik ez dagoenean (diglosia glotofagikoaren ezaugarritzat ere jo daitekeena) ezegonkortasuna sortzen da, eta hizkuntzak norgehiagoka hasten dira ahalik eta funtzio gehien bereganatzearren. Egoera horri deritzo, hain zuzen, hizkuntza-gatazka.

Gauzak horrela, erran gabe doa gatazka ez dela inoiz orekatua izaten, aipatu bezala beti baitago menperatzailea den hizkuntza bat. Ondorioz, hizkuntza gutxituak funtzioak progresiboki galtzen ditu, hizkuntza menperatzailearen mesedetan. Gutxinaka-gutxinaka, hizkuntza gutxitua funtzio jakin gutxi batzuetan zokoratzen da menperatzailearen ekimenez, eta argi dago zein den istorio honen amaiera: erabateko ordezkapena, hau da, hizkuntzizidoa. Eta hizkuntzizidioaz ari naiz, hizkuntzak ez baitira berez hiltzen, erail egiten dira.

Beraz, orain bai, “eta zer?” galdetzen badidazue, nik erantzunen dizuet Euskal Herrian pairatzen dugun egoera soziolinguistikoaz ari garenean, ez dela gauza bera elebitasunaz aritzea edo hizkuntza-gatazkaz aritzea. Elebitasun hitza inertea da nolabait, zuria. Hizkuntza-gatazkaren kasuan, aldiz, horrek ondorio du munduko hizkuntzen % 50 baino gehiago desagertzeko arrisku larrian daudela, aniztasun galera izugarri bezain tamalgarria.

Argi dago euskara etengabeko erasopean dagoela. Espainiar eta frantses botereak ezin eraginkorragoak dira bakoitza dagokion hizkuntzaren erabilera sustatzen eta zabaltzen. Euskaldunon ahaleginak ezin zaizkie inolaz ere parekatu, ez baitago baliabiderik ezta, larriagoa dena, kontzientziarik ere. Salbuespenak egon badira, baina salbuespen diren kontzientziadun hiztun horien ekimena ez da inolaz ere nahikoa, talde txiki batek ezer gutxi egin baitezake ongi antolaturiko eta sistematikoki erasotzen duten bi administrazio erraldoiren aurka.

Agerikoa da talde horrek, orokorrean mintzatuz, bi gauza falta dituela: batetik, botere politikoaren babesa, egiazkoa eta eraginkorra; bertzetik, herriarena, alegia, hiztun-komunitate kontziente eta aktiboaren babesa. Bigarrenean enfasia eginik (baina lehenengoa inolaz ere gutxietsi gabe), desagerpenera daraman joera horri buelta emateko, hiztun-komunitate kontziente eta motibatua behar da, ezinbertzean. Gauzak horrela, kontzientzia hartzeko lehenengo pausoa egoeraz ohartzea da eta, beraz, argi izan behar dugu zer den esku artean daukaguna: hizkuntza-gatazka, eta ez elebitasun soila. Mintza gaitezen zuzen eta erabakitasunez, lehen pausoa baita.

Elebitasuna … ala hizkuntza-gatazka?
2. irudia:  Euskal Herriko hizkuntza-gatazkaren irudikapena. Koloreek hizkuntzen eremuak irudikatzen dituzte, ikurrek hizkuntza-funtzioak eta “monigoteek” hiztun-komunitatea. Hizkuntza-gatazka egoeran hiztun-komunitate biak bakoitza dagokion hizkuntzaren eremua zabaltzen saiatzen dira, ahalik eta gizarte-funtzio gehien bereganatzearren. Hizkuntza menperatzaileak botere handiagoa izanik eta hobeki antolaturik egonik, borrokan duen eraginkortasuna askoz handiagoa da. Hizkuntza gutxituaren kasuan, hiztun-komunitatearen kontzientzia piztea gako da hizkuntza gutxituaren eremuari eutsi ez ezik, eremua zabaltzen jardun dezaten.
Elebitasuna … ala hizkuntza-gatazka?

3 pentsamendu “Elebitasuna… ala hizkuntza-gatazka?”-ri buruz

  • Espainol komunitatekoek (gu barne, espainolez dihardugunean) ez dute kontzientzia hartzeko beharrik; espainola erabil dezakete askatasun osoz, esparru guztietan, eta hori nahikoa zaie hizkuntzari atxikitzeko.

    Euskarak, ordea, oso erabil eremu mugatua eskaintzen digu, funtzionaltasun txikia du, eta kontzientzia hartu behar omen dugu, bizirik iraungo badu.

    Baina ezin da kontzientziarik sortu baldin funtzionaltasuna eskasa bada. Logikoena da erabilera murriztua duen hizkuntza abandonatzea. Hala egin dute hainbat eta hainbat euskaldunek eta egingo dugu aurrerantzean ere.

    Horrenbestez, euskarari eusteko, ezinbestekoa da haren funtzionaltasuna areagotzea. Eta hori legeen bidez egiten da, inposizioarekin, erdarek EHn izan duten arrakastak frogatzen duenez.

    Erantzukizuna erabiltzaileen bizkarrean jartzea kaka nahasteko gogoa da, eta are maltzurkeria ere.

  • Gileni:

    Lehenik eta behin, eskerrik anitz interesa azaltzeagatik eta zure iritzia partekatzeagatik. Eztabaida sortzea beti da aberasgarria, gure iritziak osatzen edota zuzentzen laguntzen duen heinean.

    Bada, arrazoi handia duzu azaltzen duzunean espainolek ez dutela inongo kontzientziaren beharrik, askatasun osoz erabiltzen ahal baitute espainola esparru orotan, beti legearen babespean. Azken batean, espainola normalizaturik dago, eta euskara ez, eta hala izan dadin bermatzen dute lege espainolek.

    Alabaina, gaizki ulertu ez badut, zuk botere politikoaren aldetik fokatzen duzu konponbidea, eta “erabiltzaileen erantzukizuna” ukatzen duzu. Nago sekulako akatsa dagoela ikuspuntu horretan; izan ere, hizkuntza menperatzaileei dagokien logika eta estrategia aplikatu nahi diozu euskarari, baina errealitatea da euskara hizkuntza gutxitua dela, normalizaturik ez dagoena. Bertze hitz batzuez, zure ikuspuntua ez da errealista.

    Nik, artikuluan erran moduan, ez dut botere politikoaren beharra gutxiesten, ezta ukatzen ere. Berebiziko garrantzia du normalizazioaren bidean txoko soziolinguistikoak bermatzeko eta bereganatzeko. Hala ere, aldaketa ez da inoiz goitik behera gertatuko, baizik eta, gertatzen bada, behetik gora. Horretarako, tristea bada ere, presioa eragin behar duen hiztun-komunitate aktiboa beharrezkoa da, kontzientea, aldaketak eskatzen dituena, eta funtzionaltasuna areagotzen saiatzen dena. Zuk horri maltzurkeria deritzozu, baina ez da maltzurra hiztun-komunitatearen aktibazioaren beharra aldarrikatzen duena, baizik eta hizkuntza batek bizirauteko bere hiztun-komunitatea aktibo egon behar izan dadin eragin duena.

    Barkatuko nauzu, baina badago oraindik jendea zure ikuspuntu fatalista partekatzen ez duenik, herri hau berpizteko gogoa duenik. Euskara gutxiengotasun-egoeran dago, eta instituzioek emanen ez dioten bultzada beharrezkoa du, egia da. Hala ere, berez etorriko ez den aldaketa eta babes horren zain egotea, hizkuntza menperatzaileei dagokien logika aplikatu nahi izateagatik (gurea hizkuntza gutxitua izanik), jarrera izugarri arduragabea da, baita ipurdi zuritzailea ere.

    Daukagun errealitateari heldu behar zaio, eta ez alegiazko bati. Egoerari buelta emanen bazaio, biak beharrezkoak dira: botere politiko instituzionala (berme legalak eraginkorrak) eta hiztun-aktiboak, kontzientziadunak, aldarrikatzaileak, egunerokotasunean euskararen funtzionaltasuna handitzen tematzen direnak. Osagarriak behar dute izan. Hori da gure errealitate tristea. Benetako babes eta botere politikoak ez dira sekula etorriko hiztun kontzienteen oinarri sendoa existitu ezean.

  • Ni ere BerniRoyok aipatutakoaren aldekoa naiz. Hiztun-komunitatea da euskarari bizitasuna eman behar diona, hau da, behetik gorako ereduaren alde nago. Hiztun-komunitatea aktibo badago, botere politikoari hizkuntzaren aldeko eskaerak egingo dizkio (edo zuzenean botere politikoa kontrolatuko du).

    Adibidez, gogoan dut nola New Yorkekon bidaian eremu askotan gaztelania present zegoela (produktu batzuen kaxetan, garraio publikoan, telebistan…) eta hantxe ez da hizkuntza ofiziala, baina gaztelaniaz hitz egiten duen hiztun-komunitatea nahiko indartsua da.

    Gauza da euskaldunok hizkuntza aldatzeko (euskara alde batera uzteko) joera dugula eta horren ondorioz, leku askotan euskara ez dute baloratzen. Espainolek, ordea, beti bere hizkuntza errespetatzen ez dutenen aurkako boikota egiten dute.

    Bada garaia gauzak aldatzeko. EAEn, gazte eta haurren artean, euskararen ezagutza ia unibertsala da.