ELAk Euskararen Dekretuaren aurkako jarrera berretsi du Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituelako
ELAk Euskararen Dekretuaren aurkako jarrera berretsi du –
ELAk Euskararen Legea aldatzearen alde egiten du, Nafarroa osoan euskaraz hitz egiten duten pertsona guztiek hizkuntza eskubide guztiak garatzeko eta euskaraz egiteko eskubidea izateko Administrazioarekiko harremanetan, eta administrazioetako langileen kasuan, euren lan jardueran, egungo egoeratik abiatuta, pixkanaka.
Nafarroako Gobernuak 2023ko abenduan merezimenduen dekretua aintzat hartzea onartu ondoren -ELAk gogor kritikatu zuena-, Nafarroako Kontseiluak “neurriz kanpokoa” iritzi zion euskarari Osasunbidean ematen zitzaion balorazioari, eta Funtzio Publikotik Mahai Orokorreko sindikatuoi beste dekretu proposamen bat helarazi ziguten, alegazioak egiteko.
Gaur, abuztuak 8, izandako Mahai Orokorreko bileran, Dekretuaren zirriborroak ELAk baztertu zituen alderdi guztiak mantentzen dituela ikusi da:
- Eremu ez euskaldunean euskara meritu gisa desagertzen da, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan hartu ahal izango dira.
- Zerbitzu zentralen kontzeptua desagertzen da, hau da, Nafarroa osoari zerbitzua ematen diotenak, non kokatuta dauden alde batera utziz.
- Eremu mistoko edozein lanpostutarako gutxieneko balorazioa desagertzen da.
Gainera, zirriborro berriak ezabatu egiten du Osasunbideko lanpostu sanitarioen eremu mistoaren balorazio orokorra. Erredakzio berriaren arabera, bai Osasunbidean, bai gainerako Administrazioan, deialdietan aztertuko dute euskara zein lanpostutan baloratuko den. ELA kezkatuta dago Departamentu bakoitzak interpretazio murriztaile eta arbitrarioak egiteko izango duen tarte zabalarekin. Kezkatuta gaude, halaber, euskararen normalizaziorako kaltegarriak diren interpretazio horien aurrean, Dekretuak ez duelako heldulekurik eskaintzen Departamentu bakoitzari euskararen balorazioan gutxieneko bat eskatzeko orduan.
ELAren ustez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2019ko epaiak, Nafarroako Kontseiluaren irizpenak eta dekretu berriaren azken zirriborroak agerian uzten dute euskararen lege berri bat onartu behar dela, Nafarroa osoan ofizial deklaratzeko, egungo zonifikazioa ezabatzeko eta pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko.