EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

EITBko Euskara Batzordearen adierazpena –

EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen ezagutzaren eskakizuna.

EITBko zuzendari nagusiaren eskumena da zuzendaritzako kideak hautatzea eta izendatzea, eta, horren bitartez, EITBren historia luzean ez dira gutxi izan euskararen ezagutzari begiratu ez zaion kasuak. Inflexio-puntua 2013. urtean gertatu zen, EITBren lehen euskara-plana onartu zenean. Ordutik hona izan diren euskara-plan guztietan, EITBk konpromiso irmoa agertu du euskararen sustapenarekin, eta Zuzendaritza Nagusiak kontsekuenteki jokatzen izan du.

Konpromiso horren adierazgarri, bi helburu nagusi hauek ezarri ziren 2023-2027ko Euskara Planean, Euskara Batzordearen 2023ko apirileko batzarrean adostu zituztenak EITBko Zuzendaritzaren eta langileen ordezkariek:

«1. EITBren barruan euskararen erabilera sustatzea maila guztietan».

«2. EITBk euskal gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean».

Aurreko planetan, helburu berdintsuekin, urrats esangarriak egin ziren EITBn. Bat, oso garrantzitsua, EITBko lanpostu guztiei euskara-eskakizuna egokitzea izan zen. Eskakizunak 2014tik aplikatu dira EITBko langile berriak hautatzeko prozesuetan, eta baita, horrenbestez, 2022-2024ko egonkortze-prozesuan ere, zeinean EITBtik kanpo geratu baitira enpresan ibilbide luzea izan arren euskara-maila egiaztatu ez duten zenbait langile.

Testuinguru horretan, EITBko Zuzendaritzak euskaraz C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan, plantillako langileentzako eskakizunen parean. Hiru postu garrantzitsutan, ordea, hautatu diren pertsonek ez dute baldintza hori betetzen: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala.

Urraketa horiei gaineratuta, atera berri diren deialdietan, atzeranzko urrats handiagoa egin da, ez baita C1 maila eskatzen. Baldintza da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea», gehiago zehaztu barik.

EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek egoera salagarria dela deritzote, aipaturiko helburu biak zapuztu egiten dituelako. Alde batetik, euskaraz moldatzen ez den taldeburu batek gaztelaniaz behartzen ditu bere talde barruko harremanak, eta gaztelania ezartzen du bere ardurapeko gaien kudeaketan. Beste alde batetik, EITBk euskara gutxietsi eta baztertu egiten duen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean.

Hori horrela, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek erabakietan atzera egin dezala eskatzen diote EITBko Zuzendaritzari, eta berriz abiaraz ditzala euskara koloka utzi den postu guztietako prozesuak, EITBko lanpostu guztietan bezala maila akademikoari dagokion euskara-betekizuna ezarriz eta betearaziz.

Euskal Irrati Telebistako Euskara Batzordea

Euskal Irrati Telebista Herri Erakundeko Langile Batzordea

Euskal Telebistako Langile Batzordea

Radio Vitoriako Langile Batzordea

Euskadi Irratiko eta Gazteako Langile Batzordea

Radio Euskadiko Langile Batzordea

Eitbneteko Langile Batzordea

Euskal Telebistako Erredakzio Kontseilua

Radio Vitoriako Erredakzio Kontseilua

Euskadi Irratiko eta Gazteako Erredakzio Kontseilua

Radio Euskadiko Erredakzio Kontseilua

Eitbneteko Erredakzio Kontseilua

 

EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude