Egun bat nire bizitzan
Egun bat nire bizitzan –
Ordua egunaren arabera aldatzen da, baina normalean 7ak aldera altxatzen naiz, eta, pilulak irentsi ondoren, neskalagunari “egun on” erraten diot whatsappen bidez; normalean, berehala erantzuten dit eta eguna ongi joatea opa ohi diogu elkarri, euskaraz edota katalanez. Dutxa hartu, gosaldu eta lanari ekiten diot, aurrez aurreko ikasleekin edo online ikastaroan. Euskara hutsean, jakina.
Goizean, oso ohikoa da lan-bileraren bat izatea (euskal bileritisa oso bizirik dago gurean), eta horretan ere euskaraz aritzen gara. Erosketak, aldiz, espainolez egiten ditut normalean, ez bada zerbait oso zehatza. Zorionez, umore kutsuko oasiak ere agertzen dira eguneroko normalkeriaren basamortuan, lagunen baten memeak eta iruzkinak jasotzen ditudanean, euskaraz zein espainolez. Talde horretan biak uztartzen ditugu naturaltasun osoz, euskañolaren amildegian erori gabe. Eta, erran behar da, inor haserretu edo baztertuta sentitu gabe.
Beste askok bezala, telebistaren aurrean bazkaltzen dut, eta, zer ordu den, oso aldakorra da entzuten dudan hizkuntza. Sukaldaritza saioak euskaraz, albistegiak euskaraz eta espainolez, fikzioa espainolez edo ingelesez… Gure indargune eta gabezien ispilu mediatikoa, azken finean. Gero, “etorri” xuxurlatu eta katua ziztu bizian etortzen zait, zenbait minutuz elkarrekin lo egitera.
Arratsaldeak lana dakar, euskaraz, erran gabe doa. Zalantzak argitu, arazo teknikoren bat konpondu, zuzenketak egin… Eta 18:30ean azken txanpa dator, aurrez aurreko taldea artatzeko unea. Bertan, ikus eta mirets dezaket 12 pertsonak egiten duten lan ikaragarria beren burua euskalduntzeko. Gehiagotan erran beharko nieke, baina hunkigarria da egiten dutena, zinez; beraiek ematen diote zentzua egunero ohatzetik altxatzeari.
Azkenik, etxera itzuli, afaria prestatu eta zerbait ikusi telebistan, euskaraz, espainolez edo ingelesez. Neskalagunarekin solastatzen naiz telefonoz, katalanez eta euskara pixka batez berak, eta katalanez, espainolez eta euskaraz nik. Ohean dagoeneko, minutu batzuk (gehiegi) ematen ditut irakurtzen: historia liburuak espainolez edota ingelesez, eta fikzioa, normalean, euskaraz.
Hori da ohiko egun bat niretzat, edozein langileren epikarik gabekoa, non zenbait hizkuntza nahasten diren, euskara tartean. Baina nork eta nire alkateak erran berri du Erriberan inork ez duela euskaraz hitz egiten, eta inor ez dela sekula hizkuntza horretaz mintzatu. Tuteran, denok dakigu Toquero jaunari iritzia ematea beste edozer baino gehiago gustatzen zaiola (bereziki, gaia ezagutzen ez duenean), baina jakin badaki Tuteran eta Erribera osoan ehunka pertsonak egunero erabiltzen dugula lingua navarrorum izenekoa. Orduan, zergatik bota du horrelako astakeria?
Anitz hipotesi egin genitzake, noski, baina denak dira kezkagarriak. Nire ustez, twitterreko kontu parodiko batek bete-betean asmatu zuen: Erriberako euskaldunak ez gara, alkatearen ustez, benetako erriberarrak. Nolabaiteko distortsio bat gara, bitxikeria deseroso eta gogaikarria, baztertu beharrekoa, zeren bere kontaketa, non bera den tudelanismoaren zaindari nagusia, zikindu eta kolokan jartzen dugun izatearekin berarekin. Eta herritarrak baztertu nahi direnean, existitzen direla ere ukatzea hasiera ona izan daiteke.
Zorionez, gu ez gara desagertuko. Hemen gaude, ez gara beste inondik etorri eta jarraituko dugu, ahal dugun heinean, euskaraz bizitzen. Bazirudien UPNk diskurtso inklusiboagoa garatu nahi zuela, baina azken adierazpenok argi uzten dute betiko obsesio identitariotan lerrokatuta daudela. Alferrik dabiltza, baina. Fanatiko gutxi batzuk kenduta, Erriberan euskara gero eta normalizatuta dago, presentzia handiagoa dauka gure kaleetan egunez egun, eta gero eta jende gehiagok ikasten du, Tuterako alkateari gustatu ala ez.
Hobe lukete berak eta bere zaleek errealitatea onartu eta NODOren zuri-beltza atzean utzi; azken finean, bizitza eta gizartea gero eta koloretsuagoak dira, Erriberan ere bai.
Biziki Pozten nau zuen erabakiak eta kemenak.
Ulertzekoa da Instituzioen jarrera.
Gogoratu GALILEOren hipotesiaren aurrean (Heliozentrismoa) zer gertatu zitzaien ESKOLASTIKOEI (orduko Instituzio Ofizialekoei), euren Dogma Lur-zentrikoa eztabaidagai bihurtu zenean:
Zera planteatu zuten: “Utrum… ea, behar izatekotan, EGIA GEZUR IZAN ZITEKEEN”
Halaxe, hitzez hitz!!!
Ah, Aristoteles
Hori duk hire benetako izena?
Baina ez duk izango hura bezala pentsatzen dualako, ezta?
Eskerrik asko Aristoleles zure artikulua interesgarria da eta pentsatzera eman didalako.
Lehenik, zinez meritua duzue zuk eta Tuterako zure ikasleek.
Baina zure lekukotasuna halako bat egiten dit:
Seguraz ere paseista naizelako, deskribatzen duzun eguna ez da enetako “euskaraz bizitzea” dei nezakeenaren irudikapena.
Euskaraz lan egiten duzu zuk bai ( oso inportantea!!!), euskaratik bizi zara ere bai, baina, oker ez banaiz, hau ez da “euskaraz bizitzea” baizik eta bizi multikultural globalisatu eta konektatua bat, euskarazko osagai batekin.
Euskaraz bizitzeko behar da euskal komunitate sendo batean bizi izan eta gaurko egunean suerte hori biziki gutik ezagutzen du zorigaitzez. Eta hau da gu guzion problema pertsonala, kolektiboa eta existentziala.
Erraten duzula euskara dero ta normalisatua dela Tuteran, harritzen nauzu. Baina nago ez ziren iparraldeko euskara teknikari batzu bezalakoa gurekiko alderantzikoan arrazoitzeko usaia dutenak.
“zenbat eta erdaldun gehiago, egoera linguistikoa okerrago, hain bat eta lanerako etorkizun itxaropentsuago”
Espero dut oker naizela eta erranen didazula.
Adeitasunez