Eguesibarreko luxuak
Eguesibarreko luxuak –
Hizkuntza bat ez da galtzen zekitenei beldurrezko lotsa sentiarazten zitzaielako soilik, baita Eguesibarreko ludoteketan haurrei konstituzioaren kontraesanezko interpretazioak irakasten zaizkielako ere.
Badira hilabete batzuk eskuetako hatz luzeak kiribiltzen zaizkidala, uzkurtu, trabatu, sorgortu behingotz, peinetazale bikoitz batzuei ez bezala. Eta hau bai dela luxua, jakina, hatz biren funtzio grafiko eta soinu-funtziorik gabe geratzea. Pentsa, gaueko dantzaldietan kriskitin egiteari uztea dramatikoa dela niretzat. Bada oraindik ere, eta ez daitezen zimeldu, gauetan esparatrapuaz -traputarako jada ez duelako balio- inguratzen ditut hatz-hezurren giltzadurak -ez dut esango zeintzuen tartekoak ezen konbultsioak baitatozkit berehala. Barka nazatela, ze gorputzeko konpultsio horiek ez dizkit kontzienteak sortarazten, ziurrenik, sarraskien eragile ankerrek urtez-urte utzitako kiratsengatik izango delako. Adin kontua ere badenez, trepeta grafikoak luzatzeko ariketak egiten baditut, pare bat bihurdura alde batera zein bestera, eta esku ahurrak tinko zabaldu, ia egun osorako bere tokietan mantentzea lortzen dut. Noski, beste hatzekin parekatuz, nahiz tentagarria izan bi erdikoekin soilik destatzea. Are gehiago, ‘pasodoble’-aren pausuak baino askoz ere erabilgarri eta enpatikoagoa dela esango nuke, garunari ezkerreko hemisferioko eskualde peri-silviarrari mugimendua ematea lain.
Jo dezagun, beraz, luxuzko adibide korapilatsu honetara, hau da, ‘cool’-ak edota xamurrak ez diren mintzairak ikastearen aktibitate arriskutsura. Gaueko lokartzea baino ordu erdi lehenagoko aztikeriazko une horretan, non ulertutako lerroek ametsetan parte hartu eta biharamuneko norberaren mundua sortzeko ahalmenarekin jaikiarazten zaituzten, diot, halandaze euskarazko testuren bat hartuta, kriseiluaren argi-energia aurreztu daiteke begietatik ateratako laser batzuei esker. Hurrengo goizean, lehenengo hitzekin fosforo txuria irtengo zaizue ahotik eta barnean dauzkazuen ia sasi guztiak erreko ere. Arratsaldez berriz, kultura bako senti zaitezkete: Ezer esaterik ez duzuelako, ez egiterik, ez sentitzerik, ez ospatzerik, mundu arrotz batean bazinate lez. Hasieran jasangaitza egingo zaizue, baina ondorengo egunetan berriz ere antzekoa gerta badakizueke ere, zertxobait arinagoa. Horrela, urteak igaro ahala, ia dena eta ia ezereza, kasik ia dena eta kasik ia ezerezean eraldatzeko aukeran egongo zarete, eta horrela hamarkadetako prozesu lakar honetan arazoa lausotzen joango zaizue. Hori bai, ia dena ez delako ia perfektua, datozen belaunaldiei Beltzeburen aztarnak igarriko zaizkie.
Neurona piramidal polarizatuen istorioek, non komunikazioaren fluxua barreiatzen ez den, hain ‘horrelakoak’ diren inposaketekin hasi eta handik urte batzuetara besteen aukeren ezabatzearekin burutzen dituzte beraien jolasak. Materia erabilgarriari bainoago kontzientziari gehiago hurbiltzeko hautaldiak erdeinatzean, zalantzazko izate zenbagarriekin xisteran nahastuz, gune mistoko egintza eta egitateak surrealismoz hordituriko Cisneros kardinalaren betiko epikara bideratzen dira.
Justiziaren edertasuna meneratzen den lekuan, ni zu pozik ikusteaz alegeratuko naiz eta zu are gehiago poztuko zara nire bozkarioak era berean zu alaitzen zaituelako. Oroimen txarrik gogoan? Bai, ulertzen zaituztet… inbasioak, genozidioak, bonbardaketak, fusilamenduak, torturatzaile sadikoen argizarizko museoak, bortxaketak, zafraldiak, heroinaren ausazko distribuzioa, ihes egin beharrak, lapurretak, bortizkeriazko doktrinatzeak… Halakotz, ken diezazkietela diru laguntzak hizkuntza ia guztien ludotekei, eta soilki, ximenena eta errazena den elea biziraun beza.
Irudika ezazue bestela zelako gorrotoa darion euskarari non egunkarien gertakarietan ia denak lagunak diren, desberdintasunik gabe, arerio zitalena ere laguna izanik.. «… zortzi lagun atxilotu dituzte Nafarroako Villa del Burgoko ludotekan haur txiroen organoekin trafikatzeagatik…». Beraien artean lagunak izango dira, bai, baina nireak ez behintzat… gainera, martxa honetan, lagunik gabe geratuko gara. Bada ere kantu pare batetan-edo, non letrek halako zerbait dioten: «… gorroto duzuna ere zaindu behar duzu…», «… gorroto nuena maite dut orain…», «… denak konplizeak dituzulako…» … orduan… hostiyak!! orain konturatzen naiz… denak konplizeak badira… ’trumpero’ tranpatiaren jarraitzaile den Aznar agure augureak esan zuen bezala -oso iaioa hizkuntzetan berriz-,… osotasuna dela aintzineko grekeraren alfabetoko zazpigarren hizkia, ‘ÍTA’ adiera modernoan alegia… halakotz… kosmos osoa presondegira!! Beno, bizitza ere zenbaitetan espetxe erraldoi baten antzera ager dakiguke… enpin.