Egiazko euskaldunak
Egiazko euskaldunak –
«Neska eibartarra eta euskalduna, horrela aurkeztuko nuke nire burua. Aitari aita esaten diot eta amari ama, mugikorrean ere aita eta ama dauzkat jarrita. Sei neba-arreba gara eta gure artean euskaraz egiten dugu. Baina, oraindik ere, badira etorkin ikusten gaituztenak».
Etorkin ikusten dutela dio euskararen EGA maila egiaztatuta daukan neska eibartar batek. Hori dio Euskal Herriko Unibertsitatean magisteritza graduko ikasketak euskaraz egin dituen 25 urteko neska gazte euskaldun batek. Bere ikasle diren neska-mutilekin euskaraz egiten duen andereño euskaldun batek. Romaesa Benslaiman musulmanak. Buruzapia jazten duen musulman euskaldunak. Noiz utziko dio askoren begien aurrean etorkin izateari? Noiz izango da gutarra? Noiz arte jarraituko diote bere euskalduntasunari entzungor egiten?
«Askotan euskaraz egin eta gaztelaniaz erantzuten didate. Ez dut ulertzen hori. Badirudi burmuina gelditu egiten zaiela, stop! Ez dute entzun ere egiten euskaraz ari naizela!».
Horrelakorik sekula ezagutu ez dutelako, euskaldun askori ez zaio burutik pasa ere egiten arabiar eiteko neska batek euskaraz egitea daukanik. Erabat ezinezkoa iruditzen zaie eta beren buruari ukatu egiten diote solaskideak euskaraz egin dezakeenik. Eta ukazio horretatik egiten diote erdaraz.
Gazteizko plaza batean magoa ekarri dute umeen gozagarri eta aztoragarri. Magoak atsegin eta jator azaldu nahi du umeen aurrean eta, haurrak bereganatzeko, galdezka hasi zaie (Barquín, 2018):
Magoa: Kaixo, nola duzu izena?
Rachid: Rachid.
Magoa: Eta nongoa zara?
Rachid: Gasteizkoa.
Magoa: Ez, baina zu, nongoa zara?
Rachid: Ba, Gasteizkoa.
Magoa: Baina, zure gurasoak nongoak dira?
Rachid: Algeriakoak.
Magoa: Eta non Algerian?
Rachid: Ez dakit.
Noiz arte erantzun beharko dio Rachidek nondarra deneko galderari? Nongoa den galdetuz, noiz arte ukatuko diote Rachidi bere euskalduntasuna? Rachidek noiz arte ordaindu beharko du larrutik bere azalmintz kolorea?
Rachidek eta Romaesak bezalako bizipenak dituztenek maiz beren burua ez dute ez hemengo eta ez hango ikusten. Hemen bezala, han ere bere hangotasuna ukatzen dietelako. Maiz beren burua ez dute inongo ikusten. Identitate oro ukatzen zaielako, hangoa eta hemengoa.
Romaesak oso argi azaldu digu:
«Ez daude ohituta eta kosta egiten zaie hori buruan sartzea. Batzuetan jendeak ez du ulertzen musulmana eta euskalduna izatea, ez hemen, Euskal Herrian, ez han, Tangerren. Landare bat toki batetik bestera eramaten duzunean, landarea nongoa da? Non ditu sustraiak?».
Lursagarra —patata— aipatu digu Romaesak. Landarea XVI. mendean Amerikako Ande mendien goi-lautadan ia 4.000 metrora dagoen Titikaka aintzira ingurutik ekarritakoa dugun arren, gaur egun Arabako patataren jatorri izendapena dugu: Euskal Herriko patata. Musulman euskaldunekin ere berdin gertatuko dela dio Romaesak baina horretarako denbora beharko dugula:
«Hemen oraindik atzeratuta gaude immigrazioa berandu heldu zelako. Amerikan eta Ingalaterran hori gaindituta dago. 40 urte barru, hemen ere, beharbada, gauzak Ingalaterran bezala izango dira».
Romaesak euskararekin duen ustearen berri ere eman digu. Bertakotasuna ukatzen zaiolako bere burua hemengo ikusten ez duenak beste ukazio batekin erantzun ohi du eta, horregatik, gehienetan, euskara ikasteari uko egiten dio. Nork bere burua bertakoa izatea bezalakorik ez dago euskara kolkoratzeko.
Gure gizarte hurbila gero eta zabalagoa eta anitzagoa bihurtzen ari zaigun honetan, elkarbizitzarako txertoaren premian gabiltza, aurreiritziak sendatzeko txertoaren premian. Txerto hori gabe, bidegabekerian oinarritutako gizarte egiturak eta praktikak eraikiko baititugu.
Gure seme-alabak, ilobak eta bilobak larruazal ilunagoko euskaldunen eskolakide, ikaskide, gelakide, taldekide, mahaikide, jolaskide, adiskide, anaikide, herrikide, etxekide, bizikide, bikotekide eta, azken batean, parekide nahi al ditugu?
Seme-alaba, iloba eta biloba horien ikaskidea sultan edo kalifa musulman baten aberats-etxeko alaba balitz, edo Algeriako gasarekin aberastutako enpresari baten semea, eta, gainera, ikaskide horiek euskaradunak balira, jarrera bera izango ote lukete aita-ama, osaba-izeba eta aiton-amona horiek?
Hemen, gure artean, hazten eta hezten ari dira; eta hemengo guztia ere bada beraiena. Euskalduntasuna ere bada beraiena. Euskaldun peto-petoak izatea ere bada beraiena. Egiazko euskaldunak izatea ere bada beraiena eta, batez ere, berdinen arteko elkarbizitza ere bada beraiena.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)
- Estreinakoz patxisaez.eus-en argitartua.
- Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.
Euskara ez dakien pertsona bat baino bertakotuagoa egongo da baina euskara jakiteak ez zaitu tribuaren parte egiten (komunitate etno-kulturalaren kidea izatearen zentzuan). Euskalduna izatea ez da soilik hizkuntza kontua, euskalduntasuna definitzen duten faktore etno-kultural gehiago daudelako eta horregatik ea nongoak diren edo haien jatorria zein den galdetzen diete Romaesa eta bere familiako kideei.
Nola dakizu Romaesa eta bere familiako kideak ez direla komunitate etno-kulturalaren kide izateko faktore horien jabe?
Zein faktoretaz ari zara?
Faktoreak: Etnikoak, genetikoak, linguistikoak, kulturalak (tradizioak, ohiturak, ethosa, baloreak…), erlijiosoak, historikoak…
Bistan da Romaesak ez dituela euskaldunekin zenbait ezaugarri partekatzen. Horrela, bat-batean esanda:
– Ez ditu euskaldunekin ezaugarri genetikoak partekatzen. Magrebko fenotipoa du.
– Musulmana izanda ez dirudi europar paganismoa, kristautasuna eta filosofia europarrak garatutako Mendebaldeko kultura barneratuta duenik.
– Euskal arbasoekin elkarbanatzen duen jarraipen historikorik ez du.
Nagusiki desberdinatasun horiek dira gure begietara atzerritarra bezala ikustearen arrazoiak.
Buruzapia jartzen duen momentutik argi dago gure (europar) zibilizazioaren ezaugarri batzuk ez dituela bere egiten, beraz, euskaraduna bai, baina euskalduna bezala ez nuke identifikatuko
Ba nik, euskaraz ongi, bere lehen hizkuntza balitz bezala moldatzen bada, euskalduna bezala identifikatzen dut.
Ezin zara izan euskalduna eta arabiarra?
Laister ezingo zara izan, euskalduna eta lesbiana edo homosexuala. Edo euskalduna eta feminista (umeak eduki nahi ez duena)….
Barka, eta arabiarra beharrean, musulmana esan nahi nuen.
Oraindik arrazaren eta odolezko jatorriaren kontu zahar, desfasatu eta baztertzailearekin ari gara?!
Ze kristo. Euskalduna da euskal hiztuna, euskararen jabe dena, euskara duena.
Zer uste duzue zuen arbasoekin ez zutela larrutan egin (eta beren geneak bertan utzi) hemendik igarotako erromatarrek, gotuek, vikingoek, frankoek, gaskoniarrek, arabiarrek edo gaztelauek?
Gorago Hego-k dio “– Euskal arbasoekin elkarbanatzen duen jarraipen historikorik ez du”
Euskal Autonomia Erkidegoan biztanlegoaren erdiak (%50ak!) ez du euskal abizenik lehen abizen bien artean eta beste laurden inguruk (%25ak) abizen bakarra. Zure pentsakeraren arabera, EAEko biztanlegoaren erdi horretako partaide den inor ezingo litzateke “euskaldun” bezala aitortu bere jatorri atzerritarragatik, euskal hiztuna izan ala ez.
Iruditzen zait azak eta bixiguak nahasten ari zarela. Euskalduna da euskara bere egin duena, euskal hiztuna azken finean.
Gai hau kokatzeko nahaste handia ikusten dut oraindik. Nik uste puntu batzuk argi behar luketela.
Hasteko neska honen adibidea eredugarria da etorkinen integrazioari dagokionez. Kanpotik etorri eta euskal komunitatean barneratzeko ahalegina egin du gure hizkuntza bere eginez. Hortaz euskaraz bizi bada eta gainera euskal komunitatearen parte sentitzen bada euskalduntzat har daiteke, noski. Are gehiago bere eskubidean dago bai bere berezitasun kulturalak mantentzeko eta baita kasua balitz naziotasun bikoitza izateko ere (hau da euskalduna eta arabiarra adibidez).
Horrelako kasuak badaude, hau da, atzerritik etorri eta euskaldun bihurturikoen kasuak. Batzuek bizia ere eman izan dute euskaldunon askapenaren aldeko borrokan. Beraz jakina, nahiz eta euskalduntzea hizkuntza baino gehiago izan, posible da beste komunitate batetik euskal komunitateko kide izaterako urratsa egitea.
Baina neska honena eta hamarkadetan zehar euskaldundu diren etorkinen kasuak, ez dira araua, salbuespena baizik. Denok topatu ahal izango dugu Espainiatik etorri eta eredugarriki euskaldundu denaren adibidea. Baina denok topatu ahal izango ditugu Espainiatik etorri eta Espainian daudela pentsatu eta euskal kultura erabat mespretxatzen duten 10 aldiz kasu gehiago. Salbuespena ez da ukatu behar eta eredu gisa azpimarratzeak ere izan dezake alde onik, baina salbuespena arau gisa ikustaraztearen distortsioan erortzen ez bada.
Etorkin espainiar eta frantziarren kasua eta 2.000. urtearen bueltatik Euskal Herrira iritsi diren milaka atzerritarren kasuak orokorrean berdinak dira kontu honetan. Salbuespen batzuk euskaldundu dira, gehiengo ia erabateko bat ez da euskaldundu.
Zifrak aldatzen badira ere 300.000 inguru lirateke azken 20 urteetan etorritako etorkin horiek. Asko jota zenbat dira gaur euskaradun edota euskaldun horien artetik? %1? %2? %5? Askoz gehiago ez behintzat. Beraz, euskalduntze kasuak egon arren, horrek objektiboki suposatu du eta suposatzen du 290.000 erdaldun gehiago egotea.
Beraz, egiazko euskaldun bihurturikoen kasuak azpimarratzea ongi dago, baldin eta egiazki eta objektiboki egungo egoeran inmigrazioak hizkuntza eta nazio egoeran duen eragina ere agertzen bada. Eta nago ez dela egiten eta areago, salbuespen diren kasuak agertaraziz, errealitate orokorra ezkutatu eta aurretik ditugun erronkak toki desegokian jartzera jotzen dela.
Oker ez banaiz Patxik berak beste pare bat artikuluetan azpimarratu izan ditu euskalduntzean gako diren bi aldagai: bata BEHARRA eta bestea BEREZKO EUSKALDUNEN GARRANTZIA.
Nire ustez gai honekin ere horiek gogoan hartzea ezinbestekoa da. Beharrari dagokionez eta orokorrean, Berriatuako kasua oso argigarria da. Berriatuan duela urte batzuk azterketa bat egin zuten euskararen erabilerak herrian izandako beherakada aztertzeko eta etorkin berrien iritsierarekin lotura zuzena aurkitu zuten (hau Euskal Herri mailan ere ematen dela argi dago nire ustez, enpresa txiki batean erdaldun bakar batek duen eragina ezagutzen badugu, 295.000 erdaldun gehiagoren duten eragina ez baita txikia ). Bada azterketa horretan jasota dago herrira iritsitako lehen familia bakanen haurrek ia berehala ikasi zutela euskaraz etahasieran ez zela inpaktu linguistiko nabaririk gertatu. Baina gero familia gehiago iritsi ziren, askoz kopuru handiagoan eta orduan bai aldatu ziren gauzak. Orduan erdara gehiago entzuten hasi zen herriko plaza eta parkeetan, etorkinak beraien artean ibil zitezkeen gero eta gehiago euskararen beharrik gabe eta denbora asko igaro baino lehen etorkinek euskaraz egin ordez, euskaldunak (haurrak baren) hasi ziren gero eta gehiago erdaraz egiten tartean gero eta erdaldun gehiago zegoelako.
Honek eramaten gaitu aipaturiko beste faktorera, berezko hiztunen arlora edo are argiago berezko komunitatearen indarraren garrantzira.
Euskal Herria menperaturiko herria da eta euskal nazioa minorizaturiko nazioa. Ondorioz gure kultura eta hizkuntza ere minorizatuak daude eta euskara ez da beharrezkoa. Ez da beharrezkoa orokorrean, euskal komunitateak izatez bere indarragatik beharrezko bihurtzen duen tokietan izan ezik (praktikan oso herri gutxi eta oso txiki batzuetan soilik).
Egoera horretan hemen jaiotako askok erdaldun izaten jarraitzen duten bitartean, etorkinek beraien hautuz euskalduntzeko hautua egingo dutela pentsatzea edo sinestaraztea inoxentea izatea edo espektatiba faltsu eta gure kasuan hilgarriak zabaltzea da.
Nazionalki eta kulturalki berrindartzeko gakoa euskal komunitatearen ugaritzean dago. Euskaldunok zenbat eta gehiago izan, gero eta indar faktiko gehiago izango dugu gure hizkuntza gure herrian beharrezko egiteko eta etorkinengan ere gehiago eragiteko ahalmena izateko. Ameriketako Estatu Batuetara doazen migratzaile latinoek ingelesa dute beharrezko, ez txerokeen edo siouxen hizkuntza. Jakina egongo dira kasu eredugarri batzuk eta oso exotiko geldituko dira agian, baina txerokee eta siouxak hain daude minorizatuak ezen euren eragite ahalmena hutsaren hurrengoa den.
Gure erronka nagusia gu geu indartzea da eta horrela izango dugu gu beste komunitateetan desagertu beharrean, besteak gure komunitatean integratzeko ahalmena. Eta horretarako zeregin nagusia euskalgintzan adibidez ia orain arte bultzatzen ez dena, euskaldunok euskaldun gehiago sortzean datza. Familia euskaldunetan haurtxo bat edo bi izatearen eredua gainditu eta 3-4tik gora izatea orokortzen denean beste oilar batek egingo du kukurruku. Biratean ezintasun etengabean ibiliko gara.
Nola-k dio: “Familia euskaldunetan haurtxo bat edo bi izatearen eredua gainditu eta 3-4tik gora izatea orokortzen denean beste oilar batek egingo du kukurruku.”
Ados.
Eusko Jaurlaritzak ez du EAEko biztanlegoaren artean jaiotze-tasa handitzen laguntzeko politikarik, eta euskal gizarteko talde batzuetan gaizki ikusten dute gurasoek seme-alaba bi baino gehiago sortzea.
Nire hurbileko ama batek esan zidan hirugarren haurraz haurdun geratu zenean bere auzokide batzuek kuestionatu egin zutela hirugarren seme-alaba zekarrelako mundura (nolako arduragabezia omen zuen beste ume bat munduratzeko…) Gutxi batzuek esan omen zioten beraiek ere beste ume bat izango luketela baliabide ekonomiko malguagoak izango balituzte.
Hala gabiltza gure herrian, seme-alaba gehiago sortzeko ausardia dutenei erru konplexua sortzen eta seme-alaba gehiago sortzeko gogoa dutenei gogoa gauzatzen laguntzeko baliabideak ukatzen. Bitartean, inoiz baino zaharkituagoa dugu Euskal Herria.
Québec-en orain zenbait urte ondokoa esaten zuten: “Naitre ou ne pas être” (“Jaio edo ez izan”)
Aipatzen duzun hori, horrela da bai. Eta adinarekin ere badago antzeko zeozer. Neska batek erabakitzen badu 25 urte inguruan ama izatea, bere inguruan (eta askotan familian bertan) poztu eta lagundu beharrean, erabakia erreprotxatu egiten zaio. Mentalitate horiek aldatzean asko irabaziko dugu.
Pozten naiz eztabaidara demografiaren kontua ekarri izanak. Nola?k aipa bezala horrelako kasuak ederki geratzen dira iritzi publikora begira, baina salbuespen hutsa direla ez dugu ahaztu behar. Gaur gaurkoz inmigrazioa epe ertain-luzera Euskal Herriaren biziraupenerako mehatxuetako bat da, eta argi eta garbi eduki behar dugu kon baino kalte gehiago egiten digula kasu guztietan.
Aitzol Azurtzari, nik espainola eta ingelesa ditut bigarren eta hirugarren hizkuntza gisa, eta herri horien oinarrizko kode kulturalak ezagutzen ditut. Are gehiago, azentuagatik ez balitz erraz pasako nintzateke bi herri horietako kide gisa. Hala eta guztiz ere ni euskalduna naiz, ez espainola eta ez ingelesa. Hizkuntza jakitea ez da nahikoa herri bateko kide izateko.
Mikelats-i:
“Euskaldun” ez da kontzeptu politikoa, “britainiar, frantziar eta estatubatuar” kontzeptuak politikoak diren bezala. “Euskaldun” kontzeptu linguistiko-kulturala da, nahiz-eta azken urte hurbiletan zenbait jende hitzari zentzu politikoa ematen saiatzen ari den.
Euskalduna “euskara duna” da eta “Euskal Herria” “euskaldun jende multzoa bizi deneko lurralde eremua”. Biak ala biak nortasun kontzeptu linguistiko-kulturalak.
“Euskaldun” eta “Euskal Herria” kontzeptu politikoak ez direlako sortu zituzten Aranatarrek “Euskadi” eta “euskotar” hitzak. Hauek biak kontzeptu politikoak dira, “Estatu Batuak” eta “estatubatuar” kontzeptuak bezalaxe. “Euskadi” “euskotarrak bizi direneko lurraldea da” (“Euskadi da euskotarren aberria” dio esaera jeltzaileak). “Euskadi” hitzaren lurralde eremua, jatorrian, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa Garaia eta Beherea, Zuberoa eta Lapurdik osatzen dute.
Azken urteotan, “Euskadi” kontzeptuaren erabilera okerra egin du Euskal Autonomia Erkidegoko zenbaitek.
“Euskaldun” kontzeptuaren antzekotasun handia duten kontzeptuak badira beste hizkuntzetan, hala nola “francophone/ Francophonie” edo “hispano, Hispanic”. Nahi izanez gero (saiatuz gero) britainiar, frantziar eta estatubatuar hiritar bilaka zintezke, baita frankofono eta hispanofono ere. Gizon-emakumea edonongoa izanik ere, saiatuz gero, euskaldun bilaka daiteke euskal hizkuntza eta kultura bereganatuz.
Ezin dena, gaur gaurkoz, euskotar hiritarra izatea da, gure aberri independentea ez dugulako oraindik. Euskaldunok Espainiako, Frantziako edo beste nonbaiteko hiritarrak gara.
Euskaldunak nafar hiritarrak gara eta gure estatua Nafarroa, inoiz ez dugu muzin egin gure askatasuna eta estatuari.
Zu espainiartzat edo frantziartzat izatea zeure burua oso sintomatikoa da.
[ Euskalduna “euskara duna” da eta “Euskal Herria” “euskaldun jende multzoa bizi deneko lurralde eremua” ]
Nik ez dut hori horren garbi ikusten, izan ere, onartua da *eusk erroa Ausci izenaz ezaguturiko tribu akitaniarrari dagokiola, hau da, leinu/tribu/enda baten izena adierazten duela. Eta jakinda *ara = era dela, eusk+ara litzateke auscien, hots, euskotarren hitz era.
Horri jarraituz, “euskal” hitza ez letorke euskaratik, baizik eta biak lirateke *eusk erroaren deribazio, eta, horrenbestez, “euskal” izenak ez luke zertan hizkuntza adieraziko, baizik eta “euskoari” dagokiona.
Beraz, euskalduna izan daiteke euskotartasunaren eramailea, euskaratik harago doan nortasun baten jabea, alegia. Eta Euskal Herria, era berean, euskotarren herria izan liteke.
Eta hala ez balitz ere, “Herria” hitzak berak emango lioke linguistikoa edo kulturalatik haragoko zentzua Euskal Herriari. Zeren “Herria” hitza esparru geografiko gisa ulertu daiteke, baina baita talde edo komunitate moduan.
Finean, ezin uka “Euskal Herria” terminoak konnotazio tribal eta, horrenbestez, politikorik ez duenik, hizkuntza hutsetik harago doana.
Niri harritzen nauena da zergatik tematzen zareten batzuek euskalduntasuna hizkuntzaren ezagutza/erabilera hutsera mugatzen, hori gure nortasunaren aurkako eraso erredukzionista bat denean argi eta garbi.
Nafar-ek dio: “Euskaldunak nafar hiritarrak gara eta gure estatua Nafarroa, inoiz ez dugu muzin egin gure askatasuna eta estatuari.”
Nafarroa ez da estatu burujabea, Espainiaren eta Frantziaren menpeko lurraldea baizik. Hortik hasi behar dugu, ez desiratzen dugun errealitate batetik non Nafarroa balizko estatua zatekeen.
Nafarroa ez da independentea. Nafarroa ez dago Nazio Batuen Erakundean. Nafarroak ez du pasaporterik igortzen. Nafarroako hiritartasunik ez da nazioarteko zuzenbidearen arabera. Nafarroako hiritartasuna izan bazen baina egun ez da.
Nik ere Euskal Herrian euskal estatu independentea izan dadin nahiko nuke eta berdin zait estatu horrek “Euskadi”, “Baskonia” edo “Nafarroa” izena duen (euskaldunak izan baziren Iruñeko Erresuma 824 urtean sortu baino askoz ere lehenagotik).
Euskal Herrian baditugu erakunde politiko-administratiboak jada (udalak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Hiri Elkargoa) eta beraiek erabili behar ditugu gaur egun ez den euskal hiritartasun hori itxuratuko duen estatu burujabea sortzeko.
Oier-ek dio: “Niri harritzen nauena da zergatik tematzen zareten batzuek euskalduntasuna hizkuntzaren ezagutza/erabilera hutsera mugatzen, hori gure nortasunaren aurkako eraso erredukzionista bat denean argi eta garbi.”
Ni harritzen nauena da hemen zuetako zenbait zergatik tematzen zareten euskal hiztunei beren euskalduntasuna ukatzen, zuek euskaldun puruagoak, garbiagoak, jatorragoak edo egiatiagoak bazinete bezala.
Oier-ek dio: “Nik ez dut hori horren garbi ikusten, izan ere, onartua da *eusk erroa Ausci izenaz ezaguturiko tribu akitaniarrari dagokiola, hau da, leinu/tribu/enda baten izena adierazten duela. Eta jakinda *ara = era dela, eusk+ara litzateke auscien, hots, euskotarren hitz era.”
Euskaraz hizkuntzen izenak herrialdearen izenetik eratortzen dira (Errusia/errusiera, Suedia/suediera, Italia/italiera, Arabia/arabiera, Gaztela/gaztelera eta abar) salbuespen gutxi batzuk izan ezik (haien artean Frantzia/frantsesa). Arau orokorrari jarraituz “euskera” ezin daiteke “Auscii” tribuaren izenetik eratorri baizik-eta tribua bizi zeneko lurraldetik.
Hona hemen nire hipotesi xumea.
Demagun “Auscii” hauen lurraldeak “Auskia” izena zuela, orduan beren hizkuntza “auskiera” izango zatekeen. “Auskiera” hau “auskera/euskera/euskara/uskara” hitzetan garatu zatekeen mendeen iraganaz.
“Auscii” tribuaren lurraldean (egungo Auch/Aush hiri okzitaniarraren ingurukoan) “auskiera/euskera” hitzegiteari utzi ondoren, mendebalderago eta hegoalderago bizi ziren hizkuntzaren erabiltzaileek ezin izango zuten herrialde hori erreferente bezala erabili beren burua identifikatzeko, beraz zentzua leukake beren burua hizkuntzaren arabera (eta ez tribuaren lurraldearen arabera) identifikatzen hastea.
Honela “auskiera/euskera” erabiltzen zutenek beren buruari “auskiera dun/euskera dun” deituko liokete (eta ez “auscii” edo “auskiar”). Lurraldeak gizataldea definitzeko elementu izateari utziko lioke eta hizkuntzaren bidez identifikatuko lukete “Auscii” hauen ondorengoek beren burua.
Horrelako artikulu bat, kanpotar batek EGA duela, ez litzateke inoiz albiste izango Espainian espainola ikasi duen kanpotar bat tarteko. Beraz, artikulua bera lekuz kanpo egon beharko litzateke baina horrela gaude, galtzak galduta. Patxi Saez-ek eta mundu guztiak ondo daki neska honen kasua salbuespen bat dela. Nik ez dakit zer adierazi nahi duen artikulu honekin: pertsona hauek euskaldunak direla adierazteko soilik idatzi badu, berarekin bat nator baina beste zerbait gehiago ere adierazi nahi ote duen nago ni. Inmigrazioa euskararentzat ona dela adierazi nahi badu, oso oker dago eta oso oker egoteaz gain globalizazio hiltzailearen agente bihurtu da. Inmigrazioa ez da ona euskararentzat, beraz “ongi etorri errefuxiatuak” diotenak zertan dabiltzan inoiz ez dut ulertu. Hasteko, gure herrietara datozen errefuxiatuak ez datoz Euskal Herrira, Espainiara eta Frantziara baizik. Eta horrez gain, inmigrazioa hain ona bada, zertan gabiltza beti a ostia limpia espainolekin. Horrez gain, Patxi Saez-i ahaztu egin zaio Romaesa Benslaiman-i buruz zerbait gehiago esatea:
https://elpais.com/politica/2017/03/13/diario_de_espana/1489393796_597608.html
“En Euskadi hay 386 alumnos de Infantil, Primaria y Secundaria que reciben clases de la doctrina islámica durante este curso académico…”
http://www.noticiasdenavarra.com/2018/09/06/sociedad/navarra/la-oferta-de-religion-islamica-empezara-este-curso-en-seis-colegios
Guzti hau ez da inozentea, globalistek irudikatu nahi diguten aniztasuna eta mundu koloretxu hori. Nafarroa, euskaldundu baino lehenago musulmanduko da. Historia amaitu dela sinestarazi nahi digute globalistek, gure demokraziak betirako direla. Ez, ez… Historia ez da amaitu, kolonizazio kulturalak jarraituko du existitzen eta aniztasun koloretsuan bizi dena desagertzera kondenatuta dago, horretarako sortu dute eta sinekera hori, identitateak desegiteko. Mundu guztia ohartu da dagoeneko eta sistema honi uko egin nahi diotenak geroz eta gehiago dira. Establishmenta gogor saiatzen ari da erreakzio hau itzaltzen, populista etab bezalako adjetiboak erabiliz baina jendea ez dute engainatzen jada. Bere identitatea babesten eta defendatzen ez duena kondenatuta dago, besterik gabe.
Patxi Saez, zertara dator honako hau: “Hemen oraindik atzeratuta gaude immigrazioa berandu heldu zelako. Amerikan eta Ingalaterran hori gaindituta dago. 40 urte barru, hemen ere, beharbada, gauzak Ingalaterran bezala izango dira”.
Aurpegia behar da hori esateko. Hasteko, hori esan duenak ez du AEB ezagutzen zipitzik ere. Erabateko ezezagutza nabari da esaldi horretan eta Patxi Saez-ek bere artikuluan hori ere gehitu izanak artikuluaren helburuari buruzko susmoa pizten du.
Eta bukatzeko beste zerbait esan nahi nioke Patxi Saez-i: artikulu hau idatzi duzu eta ondo, salbu zaude, baina inmigrazioa kritikatuz idatzi izan bazenu, laster utzi beharko zenuke Euskaltzaindiaren euskara sustapenerako batzordeko kide izateari eta euskara teknikari izateari. Eta zuk ondo dakizu hori. Hori da globalistek jarri diguten diktadura.
Ordun Mikelatz. Euskal Herrian jaio ezkero, hemen bizi ezkero, euskeras hitzegin ezkero eta nire familia hemengoa balitz… baina musulmana izateagatik eta buruzapi bat eramateagatik, ez naiz euskalduna?
A ze txorakeriak esaten dituzue!! …
Neska honek euskaraz bizi egiten du, Kalean, etxean, lanean.. Zergatik ez dezute euskaldun bat bezala ikusten? Edo bakarrik dirá euskaldunak koletilla kutrea eta palestino daramaten personak? Mesedez… XXI mendean gaudela….
Ordun ez bazara egunero olentzeroz bezala jantzita junten Kalera, zuk ere ez zara euskalduna!!! Jajaja.
Oier-ek dio: “Horri jarraituz, “euskal” hitza ez letorke euskaratik, baizik eta biak lirateke *eusk erroaren deribazio, eta, horrenbestez, “euskal” izenak ez luke zertan hizkuntza adieraziko, baizik eta “euskoari” dagokiona”
Hemen zure azalpenera lerratuko naiz eta arrazoi izan dezakezula esango dizut.
“Euskal” adjetiboak beharbada ez du hizkuntza (euskara) adierazi nahi, baizik-eta gizataldea (“Auscii” tribua) adieraz lezake.
Hona hemen nire bigarren hipotesi xumea zuk diozuna sustengatzen duena.
Demagun “Auscii” tribua bizi zeneko lurraldeak “Auskia” izena zuela. Bertako jendea “auskiar” litzateke eta bertakoek “auskiera” hitzegingo lukete.
Auskiarren herriari “auskiar herria” deituko genioke. Ez litzateke ezohizkoa izango denboraren poderioz “auskar herria” ere deitzea.
R hitzaren ondoren H ahoskatua esatea zaila eta traketsa denez, ulergarria litzateke hiztunak bukaerako R hori L batez ordezkatzea, ahoskera errazteko: “auskaL herria”.
Beraz, “euskal” adjetiboak “ausk(i)ar” hitza izan lezake muinean eta “Auscii” tribuari egin liezaioke aipu eta ez hizkuntzari.
Aitzol, zure hipotesiak ordena logikoa hankaz gora jartzen du zuzenean, hizkuntzaren izenaren jatorria lurraldean ezartzen duelako, hots, eremu geografiko batean, eta ez eremu hortan bizi eta hizkuntza horren jabe den gizataldean. Noiztik dute lur-zatiek hizkuntza bat sortu eta ezartzeko gaitasun magikoa? Logika hori jarraituz, zer litzateke hebreera, Hebreelandia herrialdean hitz egiten den hizkuntza? Ikusten nola horrek ez duen ez hanka ez buru?
Euskaran hizkuntzen izenak ez dira herrialdeen izenetik etortzen. Horren kontra, herrialde hartan nagusi den gizataldetik (nazio/etnia/tribu) dator bai herrialdearen izena bai eta herrialde horretako gizataldeak mintzo duen hizkuntzaren izena ere.
Hala, Suedia deitzen zaio eremu geografiko hori bertan historikoki suediarrak bizi izan direlako, eta, suediarrak direlakoz deitzen zaio hitz egiten duten hizkuntzari suediera . Bada, berdina behar luke euskaldunokin.
Hori dela eta ezberdintzen dut nik euskalduntasuna (nortasun etniko-nazionalari dagokiona) eta euskararen ezagutza. Ni enaiz suediarra izango sekula soilik suediera jakin eta Malmon bizitzeagatik, ezta pertsiarra izango ere soilik pertsiarrez jakin eta Theranen bizitzeagatik. Gauza bat da nazio/etnia/tribu baten parte izatea, eta bestea nazio horren lurralde historikoetan bizi eta bertako hizkuntza menperatzea.
Hizkuntzatik haragoko nortasun nazional indartsu baten beharraz luze hausnartzen dut behan txertaturiko artikuluan, irakurri nahi baduzu, baina azkar esatearren: gutxieneko homogeneotasun etniko/kultural/espiritual eta kohesio politiko eta sozialik gabe, euskaldunok ez dugu lortuko globalizazioari eta Estatu zapaltzaileen kolonizazioari bizirautea. Eta hori lortzeko, ezinbestekoa dugu euskaratik harago doan eta existentziaren esparru nagusienak kontuan hartuko dituen nortasun holistiko bat. Honakoa sinisten ez baduzu, erreparatu Erresuma Batua, Frantzia edo Suezia moduko esperimentu multikulturalen eboluzioa datorren urteetan, eta aterako ditugu kontuak orduan.
https://askatasunarenliga.eus/2018/03/21/korporatibismo-nazionala-iv-atala-euskalduntasun-berri-bat-xxi-mendeko-euskal-herrirako/
Ondo izan
Oier-ek dio: “Aitzol, zure hipotesiak ordena logikoa hankaz gora jartzen du zuzenean, hizkuntzaren izenaren jatorria lurraldean ezartzen duelako, hots, eremu geografiko batean, eta ez eremu hortan bizi eta hizkuntza horren jabe den gizataldean. Noiztik dute lur-zatiek hizkuntza bat sortu eta ezartzeko gaitasun magikoa? Logika hori jarraituz, zer litzateke hebreera, Hebreelandia herrialdean hitz egiten den hizkuntza? Ikusten nola horrek ez duen ez hanka ez buru”
Nik diodanak zentzu osoa du.
Esan dut “-era” atzizkiak lurralde batean hitzegiten den hizkuntza izendatzen duela, salbuespen batzuk izan ezik.
Judutarren hizkuntzari “heberkera” deitzen zaio (eta ez judeera edo israelera) bi mila urtez beren herrialde independenterik izan ez zutelako 1948an Israel sortu zuten arte.
Alemanian gizatalde nagusia ez da inoiz “Allemanii” tribua izan (hainbat tribu nagusiagoak bazeuden Errin ibaiaren bestaldean), hala ere “Allemanii” tribuak izena eman zion germaniarren herrialdearen zati nagusiari eta honek hizkuntzari (“Allemanii” tribuaren lur eremua egungo Suitza eta Baden-Wuttemberg inguruetan kokatzen zen).
Italia XIX. menderarte kontzeptu geografiakoa izan zen eta Italiar Erresuma 1860. urtean sortzearekin zentzu politikoa hartu zuen. Han ere ez dago gizatalde nagusirik. Saboiarrak, milandarrak, venetotarrak, siziliarrak, sardiniarrak… nor zen gizatalde nagusia Italia sortu zenean? Hala ere, Italiatik (lurralde izenetik) italiera eratortzen da (hizkuntzaren izena, zeina jatorrian Toskanako hizkuntza latinoa den).
Ez dut Suediako egoera ezagutzen baina Erresuma Batuko eta Frantziako egoerak ondotxo ezagutzen ditut.
Londonen zazpi urtez bizitu nintzen, urtebetez Whitechapel inguruan non auzokideen gehiengo handia Bangladesh-ko etorkinen ondorengoa zen. Parisen urte erdi igaro nuen Pigalle inguruan, zeina ipar-afrikarren ondorengoez beterik dagoen. Internetari esker Erresuma Batuko eta Frantziako gertakariak oso gertutik jarraitzen ditut eta haien bilakaera sozio-kulturala ez zaizkit eredugarriak iruditzen.
Hala ere, ez diot euskal hiztun bati inoiz bere euskalduntasuna ukatuko.
Besterik da gaur egun Euskal Herrira doazen etorkinen profilak euskal nortasunari kalte egingo dion ala ez eztabaidatzea. Nire ustez egungo imigrazio mota batek kalte egiten dio euskal nortasunari eta lehendik etorritako gaztelauen imigrazioak baino kalte handiagoa egin liezaioke.
Gure arazoa da Euskal Herriko migrazio politikak Frantziak eta Espainiak erabakitzen dituztela, Euskal Herriko idiosinkrasia kontuan hartu gabe. Are gehiago, Paristik eta Madrildik hartzen diren erabakiak agian berariaz hartuak izan direla esan nezake, Frantziaren eta Espainiaren menpean larri-larri bizirauten duten nazio txikiei apropos kalte handiagoa eragiteko.
Nik argi daukat euskal nortasunaren biziraupenerako eta gure herri eta hirietan oreka eta bake soziala ziurtatzeko Euskal Herriak euskal jatorriko etorkinak lehenetsi beharko lituzkela (euskal-argentinarrak, adibidez) baina Euskal Herriko erakundeek imigrazioaren eskuduntza lortzen ez duten bitartean jai dugu imigrazioaren kontu honetan.
Lidiari: ez dut inoiz ulertu “XXI. mendean bizi garela” dioen jendea. Zer gertatzen da? Historia amaitu dela? Gizarte perfektu batera iritsi garela eta hemendik aurrera horrela jarraituko dugula infinitura arte? Aurreko belaunaldietakoak baino hobeak garela? Ba nik gauza bat garbi daukat: gure belaunaldia ez da aurrekoak baino hobea inondik ere eta hurrengo belaunaldia are eta okerragoa izango dela iruditzen zait. Nazismoa ez dela itzuliko iruditzen zaizu? Ba begira zer diodan: nazismoa itzuliko da eta badakizu non? AEBetan. Bigarren Mundu Gerra amaitzean filosofo batek hori bera esan omen zuen eta hango gizartea apur bat ezagutu ondoren filosofo honek arrazoi zuela garbi daukat. Artikuluan AEBak goraipatzen ditu inmigrazioari dagokionez, bai, ba denbora izango da testigu han gertatuko denaz. Zer uste duzu, XXI.mendean bizi garenez Espainiaren esistentzia betirako izango dela. Ez, ez, Espainia egunen batean desagertu egingo da zorionez. Beraz… Historia ez da amaitu eta utzi iezaiozu XXI. mendea goraipatzeari, ez gara eta hobeak inondik ere. Apalagoak izan gaitezen.
Euskaldun bat-i: Ez dagoenean ere, besteen buruan zergatik ikusten duzu bartza, baina norberaren buruko zorria sekula ez. Besteok ez bezala, zure benetako izen-abizenak eta aurpegia ezagutzera eman gabe, gaur Hondarribian plastiko beltzaren atzean ezkutatu direnak bezala jokatzen duzu.
Ederra bota duzuna, Patxi! Hondarribikoa hemen sartzea gehiegi iruditzen zait, gaia gehitxo desbideratzea litzateke eta beraz hobe Hondarribitarrak EUREN jaiak ospatzen bakean uztea. Baina bai, horretan ere beste iritzi bat eman izan bazenu bihar lanik gabe zinen. Hauxe da bizi dugun diktadura globalista. Patxi Saez zarela diozu eta Euskaltzaindiko euskararen sustapen batzordeko kide. Zuk idatzi duzu hori hemen eta hemen idatzita duzulako horrela zuzendu natzaizu baina “Basajaun” zarela idatzi izan bazenu, berdin-berdin. Ez dit axola nor zaren eta idatzi duzuna soilik interesatzen zait. Benetako identitatea emateak adierazpen askatasuna mugatzen dizula badiozu (eta hori ondorioztatzen dut idatzitakoagatik), badakizu zer egin. Nire anonimotasunaren arrazoia ez da hori.
https://www.facebook.com/YourEverydayAsian/videos/488177964915225/UzpfSTEyNjIzOTIyNjY6MTAyMTYzNjAwNjc2OTUyNzM/?lst=1262392266%3A1262392266%3A1536449931
Hartsuagak bidalitako bideoan ikus daitekena da zenbait japoniarrek uste duela japoniartasuna arrazan oinarritutako nortasuna dela (eta “arraza” diodan lekuan “odola”, “tribua”, “leinua” edo “arbasoa” jar zenitzakete).
Hain zuzen ere euskal hiztunen gizataldeak hementxe du bere bertuterik handiena; euskal hizkuntza eta kultura bereganatzea nahikoa dela euskaldun izateko, arrazaren, arbasoen, odol-motaren edo beste ezein ezaugarri aldagaitz eta eskuragaitzaren aurrean.
Badakit zuetako asko tematu zaretela euskaldunen komunitateko partaide izan ahal izateko arbasoek, odolak, abizenak eta leinuak duten garrantzia azpimarratzeko. Zorionez oker zabiltzate.
Gure iragana aldagaitza da, ezin bait ditugu gure arbasoak aukeratu, ezta gure azalaren kolorea, odol-mota edo jaiolekua ere. Hauek guztiak ezaugarri esklubisoak eta aukeragaitzak dira. Baztertzaileak, azken finean.
Hala ere euskaldun izan ala ez izan aukera dezakegu, euskal hizkuntza eta kultura inklusiboak direlako. Euskara eta euskal kultura edonork bere egin ditzake horretarako borondatea baldin badu, bere iragana dena delakoa izanik ere.
Agian tribuari, odolari eta leinuari hainbeste garrantzia ematen diozuenok “euskaldun” termino inklusiboa alboratu eta bestelako termino zehatzago eta esklusiboagoak erabiltzen hasi beharko zenukete, hala nola tribuen izenak (baskoiak, barduliarrak…), edo leinuenak (ganboatarrak, oinaztarrak…) Bat-bateko proposamena da, besterik gabekoa…
Edozoin jatorrikoa izanikan ere, euskara ikas daiteke borondatearekin edo beharrarekin.
Ez dakit xuxen zer sartzen duzun kultura hitzean, bainan kultura, beste istorio bat da, borondatearekin eta beharrarekin ere zailagoa da askoz lotuagoa delako jatorriarekin, hau izan dadin pertsonala edo kolektiboa.
Zer pasatuko da talde arrotz haundi bat sartzen bada gure artean, guhaur, zapalduak eta estaturik gabe gaudela, akulturazio prozezu larri batean sartuak garela?
Izanen du talde horrek borondatea euskara eta kultura ikasteko? beharra segur ez du izanen.
Ezote du akulturazioa akzelatuko nahi ?
Horretan da beldurra, ene aldetik oso legtimoa, jende, den mendren arrazistek, zintzoenek ere senditzen dutena.
Barkatu erran nahi nuen:
“Ezote du akulturazioa akzeleratuko, nahi ala ez ?”
Beñat-ek dio: “Ez dakit xuxen zer sartzen duzun kultura hitzean, bainan kultura, beste istorio bat da, borondatearekin eta beharrarekin ere zailagoa da askoz lotuagoa delako jatorriarekin, hau izan dadin pertsonala edo kolektiboa.”
Kultura sartzen dut halabeharrez, hizkuntzak ez direlako gramatika eta hiztegi soila, hizkuntza bakoitzak kosmobisio berezia duelako eta hiztunek hizkuntza horrekin eta horren bidez kultura sortzen dutelako. Euskararekin ere horrela gertatzen da.
Okerra da hizkuntza gramatika arau multzo soila balitz bezala irakastea. Hizkuntzarekin batean hizkuntza horri sorrera eman zioten eta egun hizkuntza erabiltzen duten hiztunen historia eta kultura irakatsi behar dira.
Euskal hizkuntza eta kultura elkarrekin batera doaz, ezin bait da euskara ulertu hizkuntzari sorrera eman dion eta hizkuntza erabiltzen, moldatzen eta garatzen duen kultura ezagutu gabe.
Euskalduntzen diren etorkin horiek gero zeri izango dira leial? Komunitate euskaldunari edo euren komunitate erlijiosoari eta euren jatorrizko herrialdeko komunitateari?
Alemanian jatorri turkiarra dutenak askotan bandera turkiarrekin irten dira kalera bere arbasoen herrialdearen alde eta Erdogan-ren alde egiteko. Europan zehar erlijioaren izenean talde islamisten atentatuak bizi izan ditugu (Parisen atentatu zuen terrorista Bruselaseko Molenbeek auzoan babestu zuten) eta zenbait herrialdeetako auzoetan sharia da hango legea. Estatu Batuetako hauteskundetan arraza ezberdinetako pertsonen gehiengoak hautagai berbera batera bozkatzen dute haien komunitatea lehenesten dutelako (Obamak beltzen botoen %95a eskuratu zuen). Katalunian izugarrizko alde ideologikoa dago Bartzelona inguruan kokatuta dauden Espainiar jatorria dutenen eta Kataluniako barnealdean bizi direnen artean. Albaniar jatorria dutenek Serbiarra zen Kosovo ez ezik Mazedoniako lurraldea ere berenganatu nahi dute. Ekialde Ertainean barne-gatazkak ezberdintasun erlijiosoek areagotzen dituzte.
Aristotelesek jada esaten zuen demokrazia, biztanleriaren anaitasuna dela eta, soilik homogeneotasun etnikoak bermatzen zuela eta biztanleria zatikatuak (heterogeneoa) tiranoek gobernatzen zituztela.
Hasierako parrafoa irakurri det, eta fantasia hutsa iruditzen zait. Asmakizun bat.
Bestalde, gure arbasoei irain bat.
Agur benur. Hor konpon zuek.
okerrena, euskaldunak 4 katu izanik, gure defentsa legitimoaren aurka daudenak (zaudetenak). ZUEK ARRAZISTAK!
Mesedez, ez ezabatu idatzia ditudanak. Zentsura onartezina da.
Amaia-k dio: “Mesedez, ez ezabatu idatzia ditudanak. Zentsura onartezina da.”
Interneteko eztabaidaguneetan (ZuZeu.eus webgunean barne) zentsura erabat onargarria eta komenigarria da mezu-idazleak bere mezua besteak iraintzeko, gutxiesteko edo mehatxatzeko anonimotasunaren mozorroa erabiltzen duenean, “Amaia” izeneko mezulariaren kasuan bezala.
Mezua internetan idatzi izanagatik edozer gauza edonola esatea ez da onargarria, horregatik eztabaidaren moderatzaileak mezuen edukia eta berau adierazteko modua zentsura bidez zaintzea onargarria, onuragarria eta komenigarria da.
Faxismo zentsuratzaileak ez du lekurik izan inoiz EHn. Eta ez du inoiz izango eta beti ekingo du herri mugimenduak faxismoaren aurka. Kitto. Eztabaida librerik izan ezean gizakiak tximinorako bidea hartuko du, pentsamenduak eta sentimenduak oztopatuz.
Eta komunismo zentsuratzaileak?
“Aitzol Azurtza” delakoari:
Nere izena Amaia da. Abizena ez dizut emango, ezta nere dni-a ere. Gestapo maite duzu, ideia aniztasuna gorroto duzulako.
Ez baldin badakizu zer izan den zentsuratua, nola maite duzu zentsura?? Nork zentsuratzen du zentsuratzailea??
Pikitara zoazte totalitarismo horrekin.
Beñat ich ben eztakit zer…, miña ematen dizuna ari al zara ezabatzen? Onartu mezularion eztabaida.
Amaia-k dio: “Nere izena Amaia da. Abizena ez dizut emango, ezta nere dni-a ere. Gestapo maite duzu, ideia aniztasuna gorroto duzulako.”
Ezer gutxi dakizu nik zer edo nor maite dudan, eta are gutxiago dakizu nik zer egin dudan ideia aniztasunaren alde.
Ezjakintasunak ausardia ematen dizu jendea iraintzeko eta internetaren anonimotasunean babesten zara funsgabeko gauzak adierazteko.
“Aitzol Azurtza”-ri:
Trixtea benetan zurea.
Ideien kritika legitimotik deskalifikazio pertsonalera jauzi eginda, “Beñat ez dakit zer” bezalakoak irakurrita, nire errefusa handiena adieraztea dagokit orain eta hemen. Jakinda ere, Beñat eta Aitzol ondo kapazak direla beren burua defendatzeko euskal nagusitasun biologista berpiztuaren aurrean. Zuek, Amaia eta konpaiak, bazarete benetako euskaldunak, nik inuit gurago dut!! Ondo etorriak basamortuko edo New Yorkeko aire indarberritzaileak!! Kanpora biologismo-determinismo arriskutsua!!!