Diosas sí, Jainkosarik ez

Diosas sí, jainkosarik ez –

Diosas sí, jainkosarik ez
Arg: Iruñea Kultura

Mintzaldiak otsailaren 18tik maiatzaren 27ra bitarte izanen dira, Condestablen, Iruñeko Udalak antolatuak. Guzira, hamar. Lehendabizikoa, Marta Sanzek eman zuen; hondarrekoan, Belén Gopegui izanen dugu hizlari. Eta bakoitzean, emazteki idazle bat bere erreferentea den edo izan den bertze emazteki idazle batez ariko da. Errate baterako, Marguerite Durasi buruz aritu zen arestian aipaturiko Sanz, eta Adrienne Rich izanen du mintzagai Gopeguik. Bien bitartean, bertze zortzi idazlek bertze zortzi erreferente aurkeztuko dizkigute –zenbaitek dagoeneko aurkeztua digute–. Tira, Interneten programa bilatzea ez da batere zaila: Googlen “Oh, diosas amadas” idatziz gero, aise aurkituko dugu.

Gauzak argitze aldera, niri programan dagoen guzia ongi iduritzen zait. Falta denak arduratzen nau gehiago. Programa aurkitzea –errana dugu– erraza da; lan zailagoa izanen du, ordea, programan euskarazko mintzaldirik aurkitu nahiko duenak; edo, mintzaldia erdaraz emanda ere, bere lana euskaraz sortzen duen egilerik bilatuko duenak. Ana Malagonek, Eider Rodriguezek edo Katixa Agirrek ez dute erreferenterik? Ez dira itzal handiko idazleak –programako “influyentes” baldar euskaratuta, barkatu–? Kalitatea falta ote dute? Ez erantzun, mesedez.

Mintzaldi ziklo hau, nolabait, Iruñeko liburudenda batean egin zen Letraheridas literatura jaialdiaren segida da. Horren web-orriak jakinarazten digu letraheridas katalanismoa dela, lletraferides solasetik heldu dela. Beharbada horregatik, lehen edizioan katalanez sortzen duen idazle batek, Eva Baltasarrek, hartu zuen parte. Harrezkeroztik, solo letraheridas y solo diosas. Jainkosarik ez.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 15koa]

Diosas sí, jainkosarik ez

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

6 pentsamendu “Diosas sí, Jainkosarik ez”-ri buruz

  • Nafarroan egon arren, erdaldunen Panteoian (“pan” =“oro +”theon” = jainko, jainkosa) ikusi nahi izaten dugu geure burua, eta ez gara ohartzen haientzat euskalduna beti izango dela periferiko eta kulturalki “xeno” (atzerriko) edo “exoristos” (desterratu). Ezertxo ere ez, alegia.

    Haien jainko-jaikosak oro praktikan monolingue idiotak (“idiotés” = bakan eta bereziak) dira eta, berdin eskuineko, erdiko zein ezkerreko izan, mapamundi-a gaztelaniaren mugetan agortzen zaie. Beren miopiaren inguruan bukatzen zaie unibertso unibertsala.

    Gu haientzat deus ez, beraz.

    Ikasia behar genuke ikasgaia eta kontsekuentzia guztiekin jokatzen ikasi jarraian.

  • Inork ez al daki oraindik Katakrak euskaldunen etsai kamuflatua denik?

  • Itsu Erokerian 2021-03-23 17:39

    Handi-usteko jardun horretan motz geratzen bide zaizkie egile euskaldunak Kratakraktarrei. Eta euskaldunak berriro euskaldunen baztertzaile. Pena itzela da hau dena.

  • Normala, euskaldunok ez diogu seguraski diru nahikorik ematen argitalpen industriari. Baina hor errua beste norbaitena da, ez euskaldunena.

  • Euskal sortzaileak bazter uztea ez dirudi oso jokabide herrikoia.
    Besterik espero genuen jende hauengandik.