“Diaspora” eta “incola”, galiziera eta euskararen harira

“Diaspora” eta “incola”, galiziera eta euskararen harira –

"Diaspora" eta "incola", galiziera eta euskararen hariraOrain egun batzuk, ate-joka dituzten Galiziako hauteskundeen giroan, euren parlamentuan ikusitako irudiak zer pentsaturik asko eman dit. Hor ari ziren, elkarri mokoka alderdi guztiak, zein baino zein gaituago daukaten egoerari aurre egiteko, hor ari ziren jo eta ke, sutsu, azken txanpa horren epelean. Hor ari ziren, bete-betean, eta ezein traba, ez mugarik gabe, direnak eta ez direnak elkarri botatzen eta leporatzen. Lehia edo ika-mika horren beroan ematen ari zen politika mailaren kalitatea, ona, txarra edo erdibidekoa ote zen bazter utzirik, komunikazio jarioa, efizientzia zein eraginkortasunak ez zuten deusik ere falta. Eta delako elkarri mokoka jardute hori zertan ematen ari zen eta galizieraz bete-betean. Inork ez zuen gaztelaniaren beharrik batere izan; alderdi guztietako ordezkariak, BNGetik hasi eta PPraino, guzti-guztiak, ari ziren sutsu, eta galizieraz, naturaltasun osoz, eta, areago ere esango nuke nik, galizieraz ere ari zirela ohartunak izan gabe.

Irudi hori ikusita, bada, geurera ekarri nuen begirada, eta hemen, euskarari dagokionean, bizi dugun errealitate guztiz bestelakoarekiko alde handia ezin saihestuta, hausnarketa batzuk egosi ziren neure baitan. Hizkuntza minorizatuen kasuetan, eta hortaz, gizarte berean bi kulturen, eta bi hizkuntzen arteko lehia egonda, bat hegemonikoa edo normatiboa, eta bestea aldiz azpiratua edo subalternoa direnean, badago eskema bat oso iradokigarri bat dialektika horren argazkiaren zer-nolakoa emateko. Inkolak eta disporak deituriko bi poloen edo guneen inguruan ardaztutako eskema ekarri nahi dut hona hausnarketa hau egiteko. Ibai Iztuetak Cultura Vasca versus Euskal Kulturaren liburuaren azken aldera jasotzen ditu zuzen onez termino horiek eta zer pentsaturik asko eman lezake bereizte delakoak. Bi termino hauek baliaturik, alegia, incola eta diaspora, “hizkuntzarekiko harremanaren eta arroztasun sentimenduaren inguruan eraikitako dikotomiaren” (I.IZTUETA, 350. orr.) berri eman dezakegu. Hizkuntzarekikoan “disporan-edo” dagoen horrek hizkuntza (gurean euskara) erdigune sinbolikoan jartzen du. Euskara “incolatik” bizi duen horrek, aldiz, euskaratik bizi du bere burua, euskarak bizi du berau, baina, zenbait eta zenbait zonalde, eremu eta instantzia formaletan berez euskarak bizi duen egoera minorizatu eta hortaz anormal tarteko, euskaraz egiteak, bere eta hemengo berezko hizkuntza den horretan aritzeak, norberari bere lurrean arrotz sentimendu nolabaiteko batez bizitzea eragiten dio; hau da, ustez eta espero izateko den “hemengoen” den hizkuntza horretan aritzeak “hemendik kanpo” nolabaiteko batean kokatzen du hiztuna; ustez “hemengoen den erara” arituta, berez eta izatez “kanpo” geratzen da azkenerako.

Diasporatikoa”, ostera, euskaraz ez jakinda, edo ez bederen berorretatik bizi ahal izateko adinako mailan, “euskaldunaren izaera diasporikoan” bizi da, hau da, euskararen lurraldean bizirik, euskarekiko erbestea bizi du.

Eta orain, abiaguneko argazkiak gurean iradokitakora bueltatuta, eta lerro hauei buru emate aldera, aipatu termino horietan oin harturik, are argiago, are nabarmenago, gera dakiguke, hizkuntzaren dinamikarekikoan, Galiziakoak erakutsitako argazkiaren eta, esaterako, Eusko Legebiltzarreko saio oso batek eman lezakeenaren arteko kontraste itzela. Ez dakit nik, bada, Galiziako parlamentuan, hura ere Espainia dela sendo usteta legokeen baten batek-edo, bere gaztelania arroztasunez eta hortaz incolatik biziko ote duen, baina argi eta garbi daukadana zera baino ez daukat; gurean, Eusko Legebiltzarrean, aldiz, askok arroztasun sentipen guztizkoaz bizi dutela euren berezko euskalduntasuna, eta hortaz euren berezko hemengotasuna.

Igor Goitia

“Diaspora” eta “incola”, galiziera eta euskararen harira

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude