Denok gara Mañeru!
Denok gara Mañeru! –
Euskararen aldeko argudiaketak berrikuntza sakona eta zorrotza behar du. Garai hauetan, gainera, gure hizkuntza eskubideak jasaten ari diren eraso larriei ez diegu behar bezalako erantzunik ematen; ez arlo sozialean edo kulturalean, ez arlo politikoan, ezta maila ideologikoan ere. Hausnarketa labur honetan delako maila ideologikoari egin nahi nioke so, batik bat.
Mañerun gertatutakoa eta lehentxoago, Orkoien eta Nafarroako beste hainbeste herri eta udalen ahaleginei erakundeetatik eta epaitegietatik emandako erantzun eta jarritako oztopoen aurka ez dira protesta mugatuak besterik egin. Ematen du etsita gaudela. Iparraldean ikasle eta gurasoen greba bitxi bezain miresgarria antolatu dute azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuz, baina horrek ez du Errepublikako Jakobinismoaren oinarriak suntsitu beharra aldarrikatzen. Eta azkenaldian Euskal Autonomia Erkidegoan, EAEn alegia, Irunetik Ezker Alderaino edo/eta Gasteizko eta Arabako hainbat kasutan epaitegiek jarritako oztopoak bere horretan gelditu dira. Etsipen horrek hausnarketa eta argudiaketa berriak eskatzen ditu.
Izan ere, EAEko udalak ez dira dagoeneko helegiteak aurkeztera ausartzen, eta Iñaki Subijana epaile-buruak ulergarritzat justifikatu nahi izan du epaitegien jarduna. Baina ezin da horrelakorik onartu. Zentralismoaren eraso basatiak lortu duena da EAEko euskararen egoera juridikoa Nafarroako egoeraren pare jartzea; eta bietan —bai EAEn nola Nafarroan— egoera hori bidegabea da. Egia esan, hor daude aurrekaritzat Ertzaintza edo Osakidetza bezalakoek euskara baztertu izanaren adibide suminak. Subijana, gutxienez, komunikabideetan mintzatu da, baina hori ez da aski. Hizkuntza politiketan herritarrei aukeratzen duten hizkuntzan arreta eman ahal izatea da lehenik babestu beharreko ondasun juridikoa. Horrek markatzen du diskriminazioaren marra gorria.
Aldiz, bigarren mailako ondasuna da hizkuntza ez jakiteak inori jarri liezaiokeen zailtasuna. Onartuko al litzateke espainolez ez dakien ertzain edo foruzain bat? Mediku edo erizain edo abokatu tituluak dagozkien lanpostuetarako eskatzeak diskriminazioa sortzen al du, ba? Suitzako edo Irlandako edo Flandriako ereduak xedetzat jartzen hasi behar dugu; hau da, koofizialtasuna izatekotan, bi hizkuntzek maila berean egon behar dute. Zaila dela? Agian oraingo ikuspegitik bai. Baina Eiren edo Hego-Irlandan hala da, eta orain gaelikoa Ipar-Irlandan ere koofizialtzat aitortu dute. Eta batez ere, xedeak dira argi eta garbi azaldu beharrekoak.
Azken mende erdiko euskararen aldeko argudiaketa ereduak Krutwig, Aresti, Txillardegi eta abarrek lideratuak izan dira; eta haien ekarpenen zama eta ezaugarriak dauzkate atxikita. Errealitateak, ordea, bestelako baldintza batzuk ere jartzen dizkigu aurrean. Adibidez, eta hiru aipatzearren, hizkuntza eskubideen izaeraren, gaur egungo gizartearen eta batez ere, gazteen ezinbesteko eleaniztasunaren, edo/eta euskararen europartasuna eta nazioarteko izaeraren inguruan aldarrikatu beharko genuke.
Lehenari dagokionez, EAEko epaileek EAEko euskararen estatusa Nafarroakoaren maila injustura jaitsi izanak, bidegabekeria izateaz gainera, Estatutuaren beraren ustezko gaitasuna jartzen du kolokan. Nafarroari dagokionez, berriz, Konstituzioaren arautzea okerra izanik, 1982ko Amejoramenduak gehiago okertu zuen; 1986ko Euskararen legeak gehiago txartu; eta ondorengo dekretuek, aginduek eta azkenaldiko erabaki politikoek, PSNren zorigaiztoko partaidetzarekin eta epaileen erabakiekin, oraindik okerrago utzi dute. Zonen eredua bidegabea eta atzerakoia ez ezik, barregarria ere bada, eta ez bakarrik zona ez-euskaldunen aurkakoa, baizik nafar guztien aurkakoa.
Eta eraberritutako erasoaldi hauen guztien aurrean ez al du etsipenak aurrea hartu? Zein dira ideologia mailako kontra-proposamenak?
1.- Euskaraz bizi bezalako EHE eta halakoen aldarri maitagarriak ez dira aski. Familian euskaldun elebakarrak ezagutu dituen honek zera dio, ondorengo eleaniztunentzat taxutu behar ditugula aldarrikapenak.
2.- Kontseiluak, zalantzarik gabe borondaterik hoberenaz iragarritako «protokoloak» ez dira aski; iradokizun eta hausnarketetatik harago joan behar baita.
3.- Sarasuaren gogoetek eta antzekoek norberari errua botatzearen arriskua dute, nahiz borondaterik onena eduki.
4.- Euskaltzaindiak ez dauka aspaldian Jagon premiei erantzuteko behar bezalako kemenik.
5.- Aldarrikapen, aterabide eta jarrera politikoak behar dira; eta ez bakarrik ideologia mailan, baizik baita estrategia eta taktika arloetan ere; adibidez ez bakarrik balizko independentziaren eskakizunean oinarrituta.
Horiek argudiaketa ideologiko berriak eta tinkoak behar dituzte oinarritzat; hizkuntza eskubideak ez dagozkie soilik hizkuntza hori jakin eta erabiltzen dutenei, baita hizkuntza aukera hori egiten dutenei ere.
Hona hemen nire ustez oinarri-oinarrizkoak beharko luketen proposamen edo xedeak:
A.- Hizkuntza eskubideak giza eskubidetzat aldarrikatzea, gizartearen eta gizabanakoaren nortasunari dagozkienez.
B.- Hizkuntza koofizialen berdintasun juridikoa, koofizialtasuna benetakoa izan dadin.
C.- Gizarte eta herritar eleaniztunez osatutako gizartean, babestu beharreko eskubideak herritarrenak dira, hizkuntza ez dakitenen eskubideak barne.
D.- Euskara ondasun europar eta nazioartekoa aldarrikatzea. Erakunde europarretan ez ezik, nazioartean ere bultzatu eta sustatu ahal izateko moduetan.
Agerikoa da xede hauetako bakoitzak, baita iradokitako gogoeta bakoitzak ere, tesi edo liburu bana beharko lukeela. Baina balio beza behintzat nabaritzen den etsipenaren aurrean batzuen eta besteen kontzientziak eta ezinegonak suspertzeko eta ekimenak akuilatzeko. Euskarak zapaldua izaten jarraitzen du; ez gure arbaso elebakar haien denboretan bezala, baizik itxuraz leunagoak eta xamurragoak diren moduetan, baina agian haiek baino maltzurragoak eta hilkorragoak diren beste batzuetan.