Bueltan da IgeriBizi: euskara, jolasak eta kirola Faduran, abenduaren 7an eta 8an

IgeriBizi: euskara, jolasak eta kirola Faduran, abenduaren 7an eta 8an –

IgeriBizi 24 orduz igerian Euskararen alde 2024Swim Camp Getxo igeriketa elkartearen egitasmo soziala da IgeriBizi. 2023an sortua, bigarrenez egingo dute 24 orduz igerian, euskararen alde egitasmoa. Bizarra Lepoan Euskara Elkartearentzat izango da aurten bilduko den dirua, antolatzaileen berbetan, “neurri handi batean, eurei esker daukagulako geure hizkuntzan bizitzeko aukera andana, geure herrian bertan”.

Aurten, Euskararen Nazioarteko Eguna laneguna izango denez, abenduko bigarren asteburuan egingo da IgeriBizi euskararen aldeko ekitaldia. Abenduaren 8an eta 9an, euskaraz eta jarduerez beteko dira, hortaz, beste behin, Fadurako igerilekuak. Zapatu eguerdian hasita eta domeka eguerdian amaituta, txandaka eta parte hartzaileek nahi duten distantzia eginda, hogeita lau orduz beteko da Fadura euskaltzalez. Adin guztietako lagunek gozatzeko moduko jarduerak egongo dira, gainera, tartean waterpolo topaketak.

Iaz bezala, aurten ere omenaldia merezi duen lagun batek egingo du lehen erreleboa: Mikel Erdozain kirolari paralinpiarra eta aurtengo Parisko jokoetako lehiakidea.

Getxoko eta Uribe Kostako bizi-kalitatea hobetzen duten elkarteak omentzen ditu IgeriBizik eta, aurten, Bizarra Lepoan Euskara Elkartearentzat izango da parte hartzetik jasotako dirua. Antolakuntzaren berbetan, “Getxon, neurri handi batean, Bizarra Lepoani esker daukagu geure hizkuntzan bizitzeko aukera andana”. Euskara bultzatzea eta normalizatzea, eta hizkuntzaren erabilera sustatzea dira Bizarra Lepoanen helburu nagusiak.

Zelan egingo den

Iazko arrakasta ikusita, formatu berbera mantenduko da. Enpresa, elkarte eta taldeek, 50 euroren truke ordubete erosi ahal izango dute eta, erreleboak eginda eta nahi duten erritmoan, ordu hori beteko dute. Nahi beste kidek hartu ahal izango dute parte eta, laguntzarik behar izatekotan, Swim Camp Getxoko igerilariek txandekin lagunduko diete. Orduaren erreserba egiteko swimcampgetxo@gmail.com posta elektronikora jo beharko dute argibideak jasotzeko.

Kuadrillek eta lagunek, pertsonako 5 euroko donazioa egingo dute eta nahi beste denbora egon ahal izango dira uretan. Ez dute zertan ordubete egin behar, ezta gutxieneko luze kopuru bat ere. Familiek, bestalde, 10 euroko donazioa eginda, familia nuklear osoarekin parte hartu ahal izango dute. Tituludun sorosleak, Swim Camp Getxoko igerilariak eta IgeriBiziko antolatzaileak izango dira bertan, 24 orduetan, segurtasuna, errespetua eta denek ongi pasatu ahal dutela ziurtatzeko. Izen emateak swimcampgetxo.com webgunetik egin ahal izango dira. Parte hartzaileek IgeriBiziko txanoak erosi ahal izango dituzte, aurretiaz zein egunean bertan.

IgeriBizi: euskara, jolasak eta kirola Faduran, abenduaren 7an eta 8an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude