Bourdieu eta merkatu linguistikoak

Bourdieu eta merkatu linguistikoak –

Garabide.eus ataritik jasoa.

Bourdieu eta merkatu linguistikoak

Bourdieu soziologo bete-betea da. Ez, ordea, askoren ustean, soziolinguista betea. Soziologiaren eta soziolinguistikaren arteko muga iraganezina ikusten dute batzuek. Klaseen arteko gatazkak ikertu eta ekinbidearen inguruko teoria bat sortu zuen Habitus kontzeptuaren inguruan. Botereaz jardun zuenez, bere lanek ezinbestean izan behar zuten inpaktua teoria soziolinguistikoan.

Linguistikak uste duenaren kontrara, egoera jakin batean zein hizkuntza erabiltzen den ez da soilik kontu linguistikoa. Ez da (soilik) hiztunen hizkuntza gaitasunaren edo motibazioaren araberakoa. Merkatu linguistikoak ere funtsezkoak dira. Horren arabera ekuazioa honela sinplifikatu daiteke: hizkuntza gaitasuna + erabiltzeko motibazioa + aldeko baldintzak.

Bitxia egin zait, azken asteetan haren hainbat aipamen aurkitu baititut, han eta hemen.

Rosa Ramos soziolinguista nafarrak proiektu berri (eta interesgarri) bati ekin dio: UHARRI soziolinguistika aplikatua [uharri.eus]. “Haurren aurrean, helduak heldu” proiektuaren baitan eman zuen hitzaldi batean horren aipamen bat entzun nuen. Bere blogean ere horrelako ohartxo bat irakurri diot, hiztun berriei buruz ari denean: “… sortu dugu euskaldunen arteko binarismoa: hiztun berria edo hiztun zaharra, ihes egiterik ez dago. Sailkapenak, bistan da, hierarkia dakar: hizkera batzuk beste batzuk baino zilegiagoak dira eta hobeki kokatuta daude gure azoka linguistikoan.”

Kathryn A. Woolard soziolinguistikak artikulu bat argitaratu du Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren azken zenbakian: Bourdieu i l’economia de la llengua a Catalunya. Bertan Bourdieu-k kapitalen inguruan sortu zituen teoriak azaltzen ditu eta, kontraesanak kontraesan, teoria horiek herrialde katalanetan nola funtzionatu duten azaltzen saiatzen da. Kapital ekonomikoaz, sozialaz, kulturalaz eta sinbolikoaz dihardu. Horiek azaltzen dute merkatu linguistikoek nola funtzionatzen duten. Kapital ekonomikoa da zuzen-zuzenean dirutan bihurtu daitekeena. Kapital sozialaren atzean harreman-sare iraunkor bat dago: elkar ezagutzeko eta elkar onartzeko sare bat ,alegia. Kapital kulturalak forma ezberdinak hartzen ditu, instituzionalizatua izan daiteke edo barneratua. Kapital sinbolikoak ez du berezko izaerarik… gainerako kapitalek hartzen duten forma da, besterik ez. Zein da hizkuntza batek duen balioa (kapitala, alegia). Kapital linguistikoa sinbolikoa da nagusiki. Artikulua hemen: revistes.iec.cat/index.php/TSC/article/view

Marina Massaguer irakasleak Llengua i Dret aldizkariak antolatutako topaketa batean parte hartu du: “Les mobilitats com a repte per a la sostenibilitat de les llengües minoritzades”. Harek ere gaia dezente landu du. Aztertu egin du katalanak zenbateko eragina du katalan-hiztun ez diren pertsonen kapitalizazio eta deskapitalizazio prozesuetan. Bereziki katalana lehen hizkuntza ez duten pertsonen inguruan egin ditu bere azterketak. Bi joerak ikusten ditu:

  • Bestelako kapitalak dituzten pertsonek (kapital linguistikoa, sinbolikoa zein soziala), litekeena da katalana beharrezkotzat ez jotzea.
  • Kataluniara iritsi eta beren burua deskapitalizaturik ikusten dutenek, ordea, katalana aukeratzat har dezakete, kapital berriak eskuratzeko; hots, balio sozial, ekonomiko eta sinbolikoak irabazteko: beren burua kapitalizatzeko.

Hitzaldia hemen ikus daiteke: youtube.com/lIyvX8as

Ez dakit, bada. Ez dira ideia berriak, baina iruditzen zait horren guztiaren atzean badela gure soziolinguistika aberasten duen begirada ezberdin bat.

Bourdieu eta merkatu linguistikoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude