Borondatea nahikoa ez denean

Borondatea nahikoa ez denean –

Borondatea nahikoa ez denean

Sortu alderdiko zuzendaritzakide batek, Naiz hedabideko bere blogean idatzi berri duenez, Joseba Sarrionandiari kazetari batek euskaraz zergatik idazten zuen  galdetu ei zion.
«Gustatzen zaidalako eta nahi dudalako», erantzun omen zuen Sarrik. “Borondate hutsean oinarritu zuen bere hautua… politikoki eraikitako borondatearen emaitza. Konplexurik gabeko euskaldun batena” dio artikulugileak. Ederto.

Aipatzen du, aurrerago, “gutxiagotasun konplexua gainditu ezinda” gabiltzala, eta Europako hizkuntza zaharrena izan ordez, hizkuntzarik berriena balitz ere, berdin-berdin defendatu beharko genukeela. Eta argudio okerra dela «gure arbasoak» aipatzea euskararekiko atxikimendua justifikatzeko, kanpoan utziko genituzkeelako “milaka eta milaka euskal herritar, bertan nahiz kanpoan jaioak baina arbasoak beste nonbait dituztenak”.

Azkenik, eztabaidagarria iruditzen zaio, “mende askoan erdaraz bizi izan diren lurraldeak dekretuz «euskararen lurralde» izendatzea, bertako biztanleen iritzia kontuan hartu gabe”. Ez omen baita modurik onena euskarara biltzeko. Eta antzinatasun zigilurik ez duela behar euskarak, euskal herritarron borondatea baizik, “denon mesederako”.

Sarriren erantzuna oso egokia iruditzen zait niri ere. Menderakaitz desakonplexatuarena. Izan ere, inork ez lioke galdetuko ¿Porqué escribes en español/francés? Rosa Monterori edo Virginie Despentesi, ezta?

Sarrik erantzun zezakeen berea duen “euskara delako gure territorio libre bakarra” ere, aurrekoa bezain egoki.

Gutxiagotasun konplexuak bizi gaitu, bai, baina ez da berezkoa edo “gurea”, españolek eta frantsesek mende luzetako zapalkuntzaz hezurretaraino txertatua baino. Bada, konplexu horiek sendatzeko, euskaldunok jasan eta pairatzen dugun bazterketaren memoria eta erreparazioa lantzea ezinbestekoak dira. Aipa zezakeen Sortukideak hori, baina ahaztu zaio, nonbait.

Gure arbasoek gaurdaino ekarritako hizkuntza dela esateari ez diot okerrik ikusten. Aldiz, Espainia eta Frantzia bezain auzo-herri zakar eta zapaltzaileak alde banatan izanda, oso harro egoteko modukoa iruditzen zait, eta uste dut harrotasun horrek erakarri izan dituela arbasoak kanpotarrak (españolak edo frantsesak sarri) dituzten euskaldun asko eta asko, era berean, denborarekin, etorkizuneko euskaldunen arbaso bilakatuko direnak.

Euskararen lurraldea esaten diogu askok Euskal Herriari, etimologikoki egokia delako, historian zehar nagusiki hala izan delako, eta Sarriri bezala, gogoak ematen digulako. Ez “dekretuz” baina. Izan ere “dekretuz” ezarrri zaizkigunak, gaurdaino, española eta frantsesa dira. “El castellano (o español) es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocer el castellano…” dio Espainiako Konstituzioak, euskalerritar gehienok berretsi EZ genuen hori. “La lengua de la república es el francés” dio, lehor, Frantziakoak.

Borondatea ez baita aski Euskal Herrian, gehienetan, euskaraz aritu ahal izateko. Borondatea bai, eta grina, eta konbentzimendua, eta adorea behar baititu euskaraz bizi nahi duenak, eta horiek guztiak batera ere ez dira nahikoak, azken herri euskaldunetatik kanpo bederen.

Ohituta geunden “borondatearen” argudio tranpatia  eragile politiko “kosmopolitagoengandik” entzuten, baina dirudienez, oinarri elektorala zabaltzeko ahaleginak ardatz ideologikoak “malgutu” eta ornogabetzea dakar.

Hauxe da despedidea… gustatu zait Zigor Garrok arestian aipatutako artikuluari buruz idatzi duen hau: “Ildo politiko bat “demokraziaren” arabera finkatzea, demokraziarik ez denean, antipolitika da, edo ustezko asmoak gauzatzeko zinezko asmorik eza, politika litekeena ezinezko bihurtzearen artea balitz bezala, eta ez aurkakoa. Ezina betikotzea, bai programa negargarria.”

Borondatea nahikoa ez denean

Oinezkoa

2 pentsamendu “Borondatea nahikoa ez denean”-ri buruz

  • Borondatearen aitzakia agintari abertzale batek, eta areago euskaldun batek agerraraztea zinez tristea da. Edo euskara soilik abagune “erosoetan” (gutxitan) erabiltzen duelako seinale.
    Julia Ojeda hizkuntzalariaren aipua da ondokoa:
    “Katalanen %52k nahiago du katalanez jardun, baina gaztelera erabili ohi du “arazoak ekiditeko”.
    “Arazoak ekidin” = Katalunian katalanez hitz egiteko beldur izatea.
    EHn bezala, norbere herrian, norbere hizkuntzan hitz egiteko beldur izatea. Nazio okupatuaren definizioa.”
    Izan ere, euskaraz egiteko “borondateak” oztopo askori, sarri gaindiezinei, egin behar izaten die aurre, euskaraz bizitzen saiatzen den edonork ondotxo dakien bezala.

  • Estatu modernoen hizkuntza trataerari dagokionez, puntu hau aztertzen hasita, esan behar dut: “dekretuz” ezarrri zaizkigunak, gaurdaino, española eta frantsesa dira. “El castellano (o español) es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocer el castellano…” dio Espainiako Konstituzioak, euskalerritar gehienok berretsi EZ genuen hori. “La lengua de la república es el francés” dio, lehor, Frantziakoak.”

    Gure herri honetan behin eta berriz egiten den salaketa da euskararen aurka egindako lege horien interpretazio sasikoa. Artikulu horien antidemokratikotasuna agerikoa da, euskararen aurkako edo mugatzaile moduan interpretatzen badira behinik-behin (eta gutxik jartzen dute salantzan beste era batera interpreta litezkeenik). Espainola (edo kastilanoa) ezartzen da “dekretuz” kastilanoa berezkoa ez duten leku guztietan. Seguruenik erregimen totalitarioek aurretik hala ezarria zutelako; inposizio totalitario hori naturalizatuz gaur eguneraino. Eta interpretazio oker eta maltzur horretan hezitako umeek, eta gizarteak; inolako kritikarik egin ez duen ideologia supremazista horretan hezitako kazetariek (fede txarrekoak ez direla ez esatearren), Josebari egiten dioten bezalako joera antidemokratiko argia duten galderak egiten dituzte. Euskaldunen kontrakoak eta mugatzaile edo sentzuratzaileak. Natural-natural egin ere. Euskaldunei ez beste inori ez dio arretarik pizten, gainera.

    Gaineratzeko modukoa da: “dekretuak” hitzaurrean aipatzen du lurralde eta hizkuntza ezberdinen arteko ordurarteko auzia konpontzera datorrela (dekretua bera alegia; bere zeregin nagusia hori duela). Ordurarteko erregimen totalitarioek ezarritako inposizioaren auzia konpontzera, alegia. Uste dut hitzaurrean adierazten dena ez dela arautzailea (zuzen-zuzenean); baina bai arautzailea den zatia nola interpretatu behar den adierazten duena. Hortaz, interpretazio sasi-demokratikoa egin nahi ez bada; kazetari horiek (eta nik esango nuke epaile, eta gainerako agintariek, eta gizarteko kideek ere) bestelako interpretazioa egin beharko dutela (eta dugula); betiere fede onez ari den jendeez hitzegiten ari bagara behintzat. Hau da, hizkuntzaren gaiari dagokienez: oraindik aurreko erregimen-politikoak inposatutakoa inposatzen jarraitzearekin lasai al gaude? Nola aldatu kazetari horiek erakusten duten aurre-iritzi hori; heziketa oker edo arauaren interpretazio toxiko hori jedeen hezur-muinean ezarritakoa nola aldatu? Izan ere demokraziaren aurkakoa eta pozointsua delako aldatu beharra dago.

    Indarrean ezarritako “Dekretuak” 3. artikuluan dioena euskararen aurkakoa ez dela interpretatzea ez da erraza; baina gehiago ere badio, eta gauzak asko txartu eta aldatu nahi ez badira, demokratikoa izateko nahian bilatu beharko da kastilanoaz gainerako hizkuntzak kastilanoaren parean jartzen dituela esaten duenaren esanahia (edo hori dela bere nahia adierazten duen esanahi zuzena, demokratikoa den heinean). Gainerakoan, ez dago interpretazio demokratikorik egiterik-eta. Bestela esanda estatu osoan derrigorrez jakin beharrekoak dira gainerako hizkuntza espainolak ere. “Dekretuaren” horrelako interpretazioa eginda soilik dator demokrazia erregimen politiko honetara. Interpretazio bide horretatik soilik etorriko dira gizarteren aurreiritzi sanoa, eta iritzi publikoaren demokatizazioa, ez bestela.

    Frantziako “zatian” beste hainbeste esan beharra dago. Batzuk kontrako norabidean eginahalak egin arren, interpretazio horretan izango da demokratikoa. Gainerakoan, berriz, sasikoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude