Bizkarsoro aunitz
Bizkarsoro aunitz –
Enrike Diez de Ulzurrun, Noticiasen.
Euskal Herriko hainbat tokitan batera estreinatu eta hiru astera iritsi da Iruñera, Kondestablera, hiriko hiru euskal elkartek ekarririk eta ordaindurik. Bi saio, biak lepo, gonbidapenak oro agorturik, eta jendea kanpoan, sartu ezinik. Bigarrenean, protagonisten solasaldia eta guzti.
Film hunkigarria ondu du Josu Martinezek, malkoa begi-ertzera erakartzerainokoa, Lehen Mundu Gerlaren garaitik abiaturik, lehen istorioa Baxe Nafarroako eskola batean kokaturik, baina Nafarroa Garaiko herri aunitzetan koka zitekeen. Konparaziora, Garesen, 1820an, herriko haur euskaldunak zigortzeko agindua eman baitzitzaion herriko maisu nagusiari, haur garestarrek eskolan ere euskaraz egiten zutelako. Horrelako gertaerak ezagunak izanagatik ere, halako hunkidura berezia eragiten du pantaila handian ikusteak. Hunkidura eta sumina, jakina. Sumingarria baita agintarien jokabidea, bai eta haien ekimenez herritar euskaldun aunitzengan eragindako jarrera ere, hots, euskararen aurkakoa, beren buruaren kontrakoa, beren burua ukatzerainokoa, beren hurko euskaltzaleak mespretxatzerainokoa.
Aski eta sobra ikusi ditugu halakoak gure bazterrotan. Bizkarsoroko ikastolaren sorrerako gertakariak ere asaldagarriak dira (1982), hura guztia bizi izan zuten protagonistek berek solasaldian zehazturik. Ezkerreko hezkuntza sindikatak ere ikastola zabaltzearen kontra agertu baitziren. Bortuz bi aldeetako egungo ezkertiar jakobinoen jokamolde berbera, dela Mauleko alkate komunistarena, dela Ahal Dugu-ko ordezkari batzuena; oroitu bertzenaz nola agertu ziren txio bidez Herri Urrats egunaren kontra joan den maiatzean, hura segregazioa bultzatzen duten ikastola pribatuen aldeko jaia delakoan, trufaz erauntsiak Senpereko ibilbidea eta euskaltzaleen esperantzak ito zituelako. Han, segregazioa. Hemen, pribilegioa. Orkoiengo alkatearen ezpal berekoak.