Biziberritzea (Atik Zra)
Biziberritzea (Atik Zra) –
Lehen dena zen normalizazioa, lehen dena zen normala eta normari lotutakoa. Euskarari buruzko EAEko lege orokorrak normalizazioaren kontzeptua barneratzen du, hainbat udaletako euskara sailek ere normalizazio berba dakarte, eta gure “literaturan” mila eta bostehun biderrez erabili da delako kontzeptu hau. Jende arteko hizkerara ere egin du salto normalizazioak (diglosia berbak egin duen bezala, baina hori beste kontu bat da).
Lluis Aracilek asmatu zuen kontzeptua eta gutxi asko honela definitu: ordezkapen linguistikoari emandako erantzuna edo alternatiba da normalizazioa. Baina ordutik (1965etik!) kontzeptuak eboluzioa izan du eta bulgarizatu da. Azken finean, normalizazioaren helburua hizkuntza baten erabilera “normal” bihurtzea da, gizarteko bizitzako esparru eta funtzio guztietan normal erabiltzea: etxean, kalean, komunikabideetan, irakaskuntzan, erakunde publiko eta politikoetan, … noiznahi eta nonahi, alegia.
Zeharo hedatuta zegoenean Katalunian sortutako kontzeptu hau, ba etorri da buelta (ahaztu barik mugimendu feministak norma eta normatiboari egiten dion kritika latza). Eta biziberritzea erabiltzen hasi gara (ingelesez, revitalization). Eta, hara, gustatzen zaigu berba eta darabilgu barra-barra (neugandik hasita). Izan ere, biziberritzeak hizkuntza baten bizitasuna zaharberritzeko ahalegina adierazten du.
Eta hein batean normalizazioak zituen arazo batzuei egiten die aurre. Normalizazioa zedarritzea zeharo lan zaila da, definizioa eta irismena zehaztea oso zaila da. Eta, zer esanik ez, ikuspegi zientifiko batetik analizatu gura bada: zer da normala? Azken finean, normalizazioa kontzeptu zientifikoa baino, kontzeptu politikoa dirudi, imajinatutako normaltasun bati lotzen zaiona.
Eta beste esangura batzuk ditu normalizazioak (hizkuntza kodetzea edo estandarizatzea), eta nazioartean oso gutxi erabilia izan da (literatura zientifikoan behinik behin). Beraz, ora diezaiogun biziberritzeari eta, batez ere, ekin diezaiogun biziberritzeari, beharra dugu-eta.
Biziberritzea (Atik Zra)