Biolentzia demokratikoa
Biolentzia demokratikoa –
ETAren borroka armatua historiara pasatu ezkero, agerian geratu da konfliktuaren benetako izaera: existitze hutsagatik euskaldunok ez-euskaldunen biolentzia jasaten dugu. Zehatz dezadan nortzuek osatzen duten “ez-euskaldun” hori, lehen begiratuan dirudien baino termino zabalagoa baita: espainolak eta frantsesak (EHn bizi nahiz ez, abizen euskaldunak izan ala ez), basko abertzale belarrimotzak eta euskaradun espainol/frantses zaleak (“erdara ere bada gure hizkuntza”). Horiez gain, euskaldun praktikanteok ere Frantzia eta Espainia eraikitzen ditugu erdara erabiltzen dugun bakoitzean, ez dezagun ahaztu. Baina ezin hemen bizi erdararik egin gabe gauza inportante gehienetan: hipoteka, Seguritate Soziala, mobilaren kontratua, eskailerako bilera, amazonen erosi, Netflixera abonatu…
Zeren euskaldunak bere bostean jarraituko balu, hau da, euskarari edozein egoeratan atxikita, ez-euskaldunen erantzun bortitza —onen-onenean ere jaramonik eza— pairatuko bailuke (eta baitu) ia istantean. Ezin dugu eskatu ezta gobernu autonomikoaren ordezkariak euskaldunak izatea ere; ez-euskaldunak amorruz oldartzen zaizkigu bizirik larrutzeko prest, betiere demokraziaren izenean, jakina. Baina hori gerta dakigukeen gauzarik suabeena da. Erdarari erabat uko eginez gero, ondorioak larriak izango ditugu: mespretxua, (auto)marjinazioa, isunak, jipoiak, epaiketak, kartzela, haurrak galtzea (egin aproba seme-alabei erdara ez irakasten)… Horrenbestez, aldebakarreko biolentzia dugu gaur “euskal konfliktua” delakoan: legeak euskaldunon kontra agintzen duena. Demokrazia vs. euskaldunak. Eta benetan gogoa sartzen zait Amurizak Oskorriren doinuaz azaldutakoa praktikan jartzeko: “Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia txerri askara”. (Atzo jakin nuen hitz horiek copyrighta dutela)
Alegia, dozena erdi buru nuklear edukiko banitu, hiruna jarriko nituzke Madril eta Parisera begira, eta epe labur-laburra emango nieke gu bakean uzteko, atomizazio mehatxupean. Azken finean, pare bat belaunalditan desagertuko gara euskaldunok, eta egia esan bost axola niri lurrarekin berdintzen badute ere gelditzen den Euskal Herri guztiz erdalduna, futitzen naiz Itun Ekonomikoaz, Euskal Selekzioaz eta Euskal Eurorregioaz.
Baina aspaldian erabaki nuen bakezalea izango nintzela, eta beraz bertan behera utziko ditut Irango errepublikari uranioa erosteko abian ditudan negoziazioak. Eta gainera, Espainia-Frantziak gainetik kenduta ere, etxean dauzkagu euskaldunon etsai handienak. Beti izan da horrela. Euskal eliteak erdaltzaleak izan dira letrak elkarrekin jartzen ikasi zutenetik, hala Nafarroako Erreinua nola haren oinordeko diren lurralde foralak. Diferentzia nagusia da orduko jauntxoak, oraingo gehienak ez bezala, euskaldunak zirela, nahiz eta gauza inportanteak erdaraz egiten zituzten (amazon eta Netflixekikoak kenduta).
Hiruzpalau ideiatan laburbilduta: Euskaldun izateak biolentzia generatzen du norbere kontra. Biolentzia demokratikoa da. Lau katu gara eta ez dugu indarrik egoerari buelta emateko. Errespetuaren aroa amaierara iristen ari da. Eta, beraz, benetako konfliktua hastear da.