Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai

Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai –

Lauaxeta gogora ekarriz, “bide barriak” erabili zuen Urkulluk, beste inork idatzitako hitzaldiari hasiera emoteko Euskararen “egunean”.

“Euskara bizirik nahi dugu” esan zuen; baina ez euskaraz bizi nahi dugula.

Euskara “garenaren parte garrantzitsua da” jarraitu zuen, euskaldun egiten gaituena euskara dela adieraztetik urrun oso.

Euskarak “gehitu” egiten duela esateko, ez da hobe isilik irautea? Adierazi beharra dago?
Euskaraldiak erabilerari bultzada –iragankorra- eman ziola aitortzea gauza bat da, eta “euskara biziberritu genuen” esatea, gehiegikeria.

Ariguneak edo “euskaraz aritzeko gune erosoak” sortzeko Jaurlaritzak eta Herri-erakundeek oro har duten ardura, kirol-elkarte edota lagunarte batek duenarekin parekatu nahi izatea, lotsagarri samarra. Euskararen eguneko adierazpen instituzionalean behin eta berriz espainiera tartekatzea, esanguratsua…

Baina Lehendakariak bide barriak benetan saiatu gura baditu, hamaika aukera dauzka

Lehendakaritzatik hur, oso eskura.

Eusko Jaurlaritzan dihardugun sindikatu euskaltzaleon bulegoetarako bidea, berbarako.
Bertan gauzka zain, euskararen erabileran aurrera egiteko elkarlanean noiz jardungo.

Hamaika proposamen dauzkagu, entzuteko prest badago.

Euskararen erabilera bermatu gura dugun sindikatuoi, aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiltzeagatiko zerga garestia altxatzetik has daiteke, adibidez.

Bide barria barik, euskaraz bizi nahi dugunoi zergak ezartzea bidegabekeria galanta baita.
Bidean elkartuko garelakoan.

Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai

Oinezkoa

15 pentsamendu “Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai”-ri buruz

  • Karra Marrotzar 2019-12-05 14:51

    EAJk hizkuntza politika “guztiekin” kontsentsuatu nahi horrek ezinezko bihurtzen du aurrera pausuak ematea. Idoya Mendiarekin adostu daitekeen hizkuntza politikak kakamokordoa behar du bai ala bai.
    EAJ oso eroso dago erdaldunak ez molestatzeko politika antzuarekin, euskalgintza isil-isilik (badaezpada ere) kaia bazterrian, eta ezker abertzalea bestondotik ezin esnatu. Bide “barrijak”.

  • PNV ekintzetatik hitzetara igaro da. Lehen ezer gutxi egiten zuen baina diskurtsoan langa igotzen zuen. Orain ezer gutxi egiten jarraitzen du eta diskurtsoa ere ekintzen maila epelera ekarri du.
    Baina ez da ezer gertatzen. Euskalgintza lo, ezker abertzalea lo… egun handira arte?

  • Urkullu eta bere koadrillarena ez da gauza berria. Tristea bai, berria ez. Baina non dira Kontseilua, ikastolak, AEK, IKA, Topagunea, eta abar?
    Ados daude EAJren diskurtsoarekin?

  • «Euskara bizirik nahi dugu?
    Bizirik?
    To euskalgintzaren abangoardia!
    Hurrengoa zer izango da?
    Azken euskaldunak erreserbatan sartzea euskarak boziraun dezan ?(molestatu gabe beti ere)
    Ay, si Sabino viviría…

  • Normala da euskalplastei zergak ordainaraztea. Dohainik egin nahi badute berba egin dezatela erderaz, besteok bezela. Kapritxoso ostiyak.

  • Pau Vidalek Vilaweb-en katalanaren egoerarako salatzen duenak, gurerako balio du biderkatuta.
    -Ukatze aldian-
    “Ikusten ez ditugula pentsatuta edota beldurra ematen dienaren aurrean begiak estaltzen dituzten haur txikiek bezala, katalanak (pertsonak, ez hizkuntzak) ez du inolaz ere onartu nahi hizkuntza gero eta okerrago doala. Lehenago hil!… (barka barregarrikeria).
    Ez, amama ez da hiltzen ari, amama inoiz ez da hilko, amama hilezkorra da….”
    (https://www.vilaweb.cat/noticies/fase-de-negacio-opinio-pau-vidal/)
    Baina Vidalek salatzen duenak balio du Euskalgintzarako, ezker abertzalerako, eta enparauentzako.
    Eusko Jaurlaritza beste ekimen batean dabil, ukatze aldian gabe, estaltze aldian dihardu buru-belarri, hots, gure hizkuntzaren egoera larria mozorrotu eta gizartea lokarazteko ahalegin betean. Arrakasta handiz, bistan da.

  • Ados.
    Gorka Bereziartuak ere horretaz dihardu bere blogean:
    https://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2019/12/05/urteroko-tristuratxoa/

  • Nafarroan aldaketarako Gobernuak lau urtez deus gutxi egin du; Iruñeko udala agintaldi berean berdintsu, beldurraren beldurrez ia azken uneraino euskara ordenantza uzkur eta ezdeusa onartu gabe (pentsa, indarrean egon zen azken unean ez zuen aplikatzeko ausardiarik izan)

  • Urkullu, nor engainatu nahi duzu?
    Azken aldi honetan ETB1 eta ETB2 euskarazko galderak egiten zaizkie D ereduan ari diren haur eta gaztetxoei. Erantzun txukun bat entzutea ia ezinezkoa da dirudienez, bi esaldi zuzen esateko ia ez da inor gai. Bai, okerretik okerrera zoaztela EAEn ikusteko ez da igarlea izan beharrik. Belarriak erne edukitzea aski. Jakina, sineskerietan sinetsi nahi duenari askotxo eskatzea da belarriak erne edukitzeko esatea. Urkullu, PNV, zer egin behar duzue hondamendi honi akabera emateko?

  • Insistentzia 2019-12-07 01:25

    Pertsiana jaisteko unea da. Inora ez daraman euskalduntasun honen agonia eta sufrimenduak ez du pena merezi, halako odolustea (1512, 1620, 1661, 1799, 1876, 1917, 1939, 2018…), esfortzua, sufrimendua, hainbat gazte zulora, guk geuk egiteko gure autosuntsiketa. Agintari “abertzale” guztiek berdina egin dute sistematikoki: gazteria gudara bidali, gerra galdu ondoren eurek berek gure herriaren suntsiketa kudeatzeko.

    Hontarako, hobe euskal gizabanako bakoitzak men egitea Espainiak eta Frantziak eskatzen diotenari. Euskal herriak iraungo duena iraungo du baina lasai bizi ahalko gara gutxienez, alperrikako odolusterik gabe.

    Nik behintzat ez dut herri suizida honen bidea gehiago jarraituko.

  • Beñat Castorene 2019-12-07 08:39

    Insistentzia, ni ere etsipen horretatik pasatzen niz bi hilabetetik eta ez gara bakarrak
    Maite aski ez dugulako
    Ondo ulertu ere ezdugulako
    Zer egin ezdakigulako
    Adorea ere falta dugulako
    Elgarren arteko konfiantsa ere eskasa dugulako

  • Utzikeria eta erosokeria daude gainbehera nabarmen honen atzean.
    Euskara (euskaldunak) bazterreko gai izan dira beti alderdi eta sindikatu abertzaleentzat. Eskuin abertzaleak dirua erabiliz kontrolatu nahi izan du beti Euskalgintzaren jarduna, eta azkenean lortu egin du.
    Ozta-ozta bizirauteko adina diru PUBLIKO banatuta, erosi du Euskalgintzaren erabateko otzantasuna eta “kontsentsua”.
    Ezker abertzaleak hasieratik utzi izan du Euskalgintzaren bizkar euskaldunon auzia, eta egun ez dauka guretzako egitasmo seriorik, ezta irizpide sendorik ere, EAJ-PSOEren hizkuntza politikari kontrajartzeko.

  • Lotsaba koilobustiak 2019-12-08 10:30

    Jaurlaritzak gezur-publizitate makina etengabe dauka abian, gure fatrikatik ordainduta. Euskararen eta euskal kulturaren inguruko fuckziozko errelato bat zabaltzen du euskalgintzako hainbat eragileren laguntzaz eta oposiziorik ia batere gabe, kultur sortzaile zenbaiten aldetik ez bada.
    Ximun Fuchs antzerkilariaren hitzak dira ondokoak:
    “Jaurlaritzak atera berri du inkesta bat, non agertzen den euskaldunek antzerkia «kontsumitzen» dutela gero eta gehiago.
    Hainbatek (%40k), euskal antzezlan bat ikusten dute urtean.
    Zenbaki ederra da, baina ez du kontatzen ezkutatzen dena: zenbat antzezlan ikus ditzaket euskaraz urtean, eta zenbat erdaraz?
    Iparraldean 300 bat frantses
    ikuskizun «kontsumitu» ditzaket urtean; eta euskaraz, zenbat?
    30? 40, asko jota? Zenbat euskal
    antzerki talde bizi da bere ofizioaz? Zenbat ikuskizun estreinatzen da urtean hiru aktore baino
    gehiago dituena? Zenbat hamar
    aktore baino gehiagorekin (ez
    bada herri antzezlan bat)? Eta
    proportzioa handitzen da zinemaz hitz egiten hasten bagara.
    Hor basamortutik hurbiltzen gara. Gure historia kontatzeko ahalbide txikiak ditugu, oso txikiak komunitate bezala. Ez dakit nahitara edo nagikeriaz hartaratu garen. Edo ezjakintasunez. Edo pixka bat denetarik…
    Kezka horren haritik doa euskal sorkuntza prekaritatean mantentzea. Ez baita kasualitate bat. Erabaki guneetan, bigarren mailako gaitzat kontsideratzen da gure artea, pintxo potea hornitzeko ekimena, noizean behin ama edo amona ateratzeko aitzakia, edo haurrak entretenitzeko modua. ”
    https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2019-12-08/satorrak.htm

  • Kontseilua, Behatokia, Elebide, AEK, Ikastolak, Topagunea, Sortzen, EHE, UEMA eta konpainiari jakinarazi behar zaie gertatzen ari dena.
    Ziur nago ez dakitela ezer. Bestela ez lirateke isilik eta mutu geratuko.
    Ez horixe!

  • Gauza kuriosoa ari da gertatzen azken aldian ZuZeun: euskara politika dela edo autogobernu ponetzia dela idatzi diren artikuluek boto negatibo andana jasotzen dute, baina iruzkin guztiak aldekoak dira. Lotsatuta dabiltza batzuk antza…