Betikoak galtzaile
Betikoak galtzaile –
Juanra Madariagak Noticias de Navarra egunkarian.
Klima-aldaketa da urteko hitza Euskaltzaindiarentzat, izan ere, muturreko zenbait gertakari meteorologikok mundu osoan eragin dituzten arazo larrien harira, protagonismo nabarmena hartu du termino horrek aurten. Baina kasu! klima-aldaketa esan behar dugu, eta ez, aldaketa klimatiko esamoldea.
Gero eta normalagoak izaten ari dira muturreko gertakari meteorologikoak, edo behintzat, gero eta normalagoak dira guretzat dagokien sasoitik kanpoko tenperatura ezohikoak, lehorteak, uholdeak, izotz-geruzen urtzea eta desagertzea, kutsadura… ikustea. Gero eta epelagoak dira neguak, eta gero eta kiskalgarriagoak udak. Klima-aldaketatik dator klima-larrialdia. Euskara larrialdi-egoeran dago, eta gure mundua klima-larrialdi muturrekoan.
Gertatzen ari denaz izan dugun azken adibidea, Euskal Herritik urrun ikusi dugu. Indiako ozeanoan dagoen Mayotte artxipelagoan inpaktu handiko triskantza egin du Chido izeneko zikloiak. Ehunka hildako sortu dituen zirimola hilgarriak herri anitzetako etxeak ospitaleak, eskolak, eta irlako azpiegitura oinarrizkoenak deuseztatu ditu, prekarioago bihurtuz prekarietatez josita zegon populuren egoera. Izan ere, ardurenean, herri pobreetako jende pobreari gertatzen zaizkio txarraldi guztiak. Valentzian izandako uholdeen arrasto negargarriak oraindik ikusten ari gara, eta munduko edozeini bazterretan, tai gabe, naturak bere deskontrolak erakusten ditu.
Geuk ere ez dugu batere laguntzen kataklismo horien kontrako antidotoak bilatzen. Naturak eta gizateriak behar duten norabidea ez du kapitalismoak onartu nahi. Progresuak aurrera egin behar du, kosta lain kosta, nahiz eta batzuetan istripu larriak gertatu.
Azkenengoan petrolioa, urre beltza, izan da protagonista. Itsaso Beltzaren ondoan bi petroliuntzi hondoratu dira itsaso zakarrarengatik. Untziak zaharrak ziren, eta bertako ekaitz batek itsasoa harrotu eta demonio bihurtu zuen. Ondorioa? Milaka tona isuri dira itsasora. Sorturiko hondamendi ekologikoarengatik, isurki beltzean itorik imajinatzen ditut milaka txori, hiltzear.
Betikoak, galtzaile.
Betikoak galtzaile