Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku

Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku – 

Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku1. Adostu hizkuntza politika estatu-alderdi eta sindikatu uniformistekin (ugazabekin). Makurtu burua beldurrik gabe, jende gehienak txalo egingo baitu adostutakoaren edukia zein den ere. Akordio Deuna!

2. Ez esan “Euskal Herria”, esan “euskararen lurraldeak”. Eta aurrerago, “euskararen lurraldeak” gabe, “lurralde eleaniztunak” erabili, “anístasunaren”, “kulturartekotasunaren”, akulturazioaren eta hizkuntza ordezkapenaren izenean.

3. Jarri euskararen erabileraren ardura osoa hiztunen gain.
Herritarrek ez dezatela arreta jarri garatzen duzuen hizkuntza politikaren ezaugarrietan, eta eskueran jartzen dituzuen baliabideetan. Pentsa dezatela euren gabezia dela, ezintasuna denean.

4. Alderdi abertzaleen lehen lerroko ordezkariek erdarari eman behar diote lehentasuna, “komun-hizkuntzari”. Hala ere, erdaraz bai, baina euskaraz ere jardun ohi duten ordezkariak izatea komenigarria da, ikutu euskaltzalea lortzeko.

5. Ez matraka eman euskaldunek jasaten dugun zapalkuntzarekin. Zeren eta, bestela, behartuta egongo baitzarete euskarari lehentasuna ematen eta koherentziaz jokatzen, ardurak eta erreparazioa eskatzen… Beno, behartuta ez, baina…

6. Ez bermatu euskarazko kultur eta aisialdi eskaintza duina zuen agintepeko herrialde, hiri eta herrietan. Horrela, familiei leporatu ahalko diezue ez dituztela haurrak euskarazko jardueretara bidaltzen eta ez dutela euskarazko kultura aintzat hartzen.

7. Eitbren erdalduntze prozesua burutu lehen bai lehen.
Oso ondo ari zarete: euskaldun gehienak, adin guztietakoak, uxatu dituzue dagoeneko ETB2ra eta bestelako erdal kateetara. Batzuek ekin, besteak mutu, ekaitz ferpektua!

8. Segi ezikusiarena egiten Stream plataformetako, mugikorretako eta sareko euskarazko eskaintzari.
Alderdi-hedabideetan erdara lehenetsi, eta Eitbn bezala, euskarazko edo euskaratutako zinema, literatura eta musika-ekoizpenei tarterik ahalik eta txikienak eman.

9. Ingelesa, espainiera eta frantsesa dira “mundu-hizkuntzak”, eta abertzaleak “mundutar” izan gara beti: horratx Basque country, Basque culinary center, Tuna world capital, Festival de cine de SS, BEC, vaya semanita, El conquis…

10. Bapo hornitu diruz hedabide euskarafoboak, baita euskara sustatzeko partidetatik ere. Ez diozue euskarari inongo mesederik egingo, alderantziz, baina haiek bakea emango dizuete, eta hauteskundeak irabazten jarraitzea erraztu.

11. Hezkuntzan eman azkena euskarazko immertsio sistemari. “Eleaniztasunaren” eta “kulturartekotasunaren” izenean, hedatu akulturazioa, uniformizazioa eta inposatutako hizkuntzen nagusitasun erabatekoa.

12. Haur etxetik euskaldunak sakabanatu ikastetxeetan, erdaraz arinago eta hobeto ikasi eta euskara bazterrera utz dezaten “euskal” eskoletan. Haurrek eta gazteek, guztiek, ulertuko dute mezua (gurasoek ere bai).

Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku

Oinezkoa

39 pentsamendu “Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku”-ri buruz

  • ‘Gizarte eragileek markatutako bide orriari jarraitzen ari zaio gobernua»
    «Diagnostikoan eta egin beharrekoetan» euskalgintzako eragileekin bat dator Jaurlaritza, Dobaranen arabera, baina erritmoak bereizi beharra dago….. ‘
    … Lasai, urte bukaera honetan berriz ere euskaraldia, euskararen eguna, Durango, bertsolari txapelketa, administrazioaren dekretu berria perfilen iruzurrari bide eginez, biziberritze plan berria…. Denetik! Kolosala izanen da!!

  • Adibide xume baina esanguratsu bat: El correo eta DV dira, alde handiz, Eusko Jaurlaritzak “euskara sustatzeko” aitzakiarekin. diruz gehien laguntzen dituen hedabideak. Lehenaren gaurko edizio digitalean, euskarazko lehen berria 50.a da, azkena.
    Euskara ordezkatzeko lanean bikain Eusko Jaurlaritza. Izan ere, 12 aholku horiek erretorikoak dira, dagoeneko EAJ-PSOE gobernuak aplikatzen duen hizkuntza politikaren kronika… eragile abertzale eta euskaltzale gehienen isiltasuna edo erantzun epela lagun, dena esan behar bada.

  • Ni benetan harrituta nago, besteak beste, hizkuntza eskakizunen politikan (jakinik lanabes oso-oso estrukturala dela – estrukturalena- beren ondorioak (denetarikoak) batere neurtu gabe, itxuraz behintzat, EAEko administrazioak egin behar duen entreguismoarekin) euskalgintzako ‘aktiboenen’ isiltasunarekin eta akritikotasunarekin (agian fakturazioa igotzea espero, euskara planak eta euskalduntze ikastaroak medio) . Eta berdin Euskaltzaindiarekin: elefante hau ez ote dakusate, baina bai, aldiz, – eta harrigarriro gainera halako inplikazioa – enpresa PR! BATUENA? Gustura irakurriko ditut, EAEko sektore publikoan, hezkuntza legea eta sektore publikorako euskararen normalizazio dekretuak tarteko , aurreikusten diren eszenarioarekin. Kontu serioegiak dira, estrukturalegiak (edo egiturazko egiak nahiago duzuenontzat ) Eta ez ahaztu administrazio publikoak beste gainerako alor guztiak eraldatzeko duen trakzio indarrarekin: Eta ez bakarrik errealitate materialar,… sinbolikoaere bai. Ez dakit ordea konturatzen ote garenn. EAEn behintzat, horren agintariak – eta berdin funtzionarioak ere,… oraintxe lanpostua OPARITUko zaien horiek jabetzen ote diren…. Mediokreen menpe egon beharraren ondorioak.., pareta jo arterainokoak.

  • Espainiazaleak, ostera, ez daude lo:
    “Una nueva plataforma pide revisar la política lingüística de Euskadi”
    https://www.elcorreo.com/bizkaia/nueva-plataforma-pide-20221009221725-nt.html
    Eta iturri onetik entzun dut, HPSko buru bati edo besteri proposamen egokiak iruditzen zaizkiela horietako zenbait. Oso pozik omen daude UGTrekin ere, antza denez.

  • JJ, nondik atera duzu hedabideen dirulaguntzei buruzko informazioa? Eusko Jaurlaritzak BERRIAren urteko aurrekontuaren %30 ordaintzen du (2 milioi eurotik gora), ez dut uste aipatzen dituzun beste egunkari horietan kopuru horretara heltzen denik. Beste kontu bat izan daiteke “publizitate instituzionala” delakoa edo covid krisiagatik egindako dirulaguntza deialdi orokorrak, baina ez “euskara sustatzeko dirulaguntzak”

  • “Interneten euskara sustatzeko dirulaguntzak” dira horiek, hedabide digitalei zuzendutakoak. Bere garaian irizpideak aldatu ziren, Garak jasotzen zuena gutxitzeko, eta Vocentotarren poltsa loditzeko.
    Aipatzen duzun kopurua, berriak jasotzen duena, euskara hutsezko kazeta bakarra izateagatik jasotzen duen dirua da, hitzarmen bidezkoa.
    Esan gabe doa, publizitate instituzionalaren bitartez ere mokadurik ederrena Vocento taldekoek eramaten dutela:
    https://sustatu.eus/1543488552188

  • Zoritxarrez Vocento taldekoak dira EAEn audientzia gehien duten egunkariak, horregatik aipatu dut publizitate instituzionalarena, neurri batean logikoa delako audientzia gehien duten komunikabideek jasotzea horretarako diru gehien.

    Agian garai batean zuk diozun egoera izango zen “interneten euskara sustatzeko dirulaguntzak” direla eta, baina duela urte batzuk desberdin funtzionatzen dute. Jada ez dago mota horretako dirulaguntza orokorrik, alde batetik euskara hutsean direnentzako deialdia dago eta bestetik nagusiki gaztelania darabilten hedabideentzako deialdia. Azken deialdiaren arabera (2021-2022 aldirako), talde horretan diru gehien jasotzen duena hain zuzen NAIZ/GARA da: https://www.euskadi.eus/contenidos/ayuda_subvencion/eg_1_2021_2022/eu_def/adjuntos/EGHEbazpena-2021eko-azaroaren-16koa.pdf

    Dirulaguntza hauen eboluzioari buruz gehiago jakiteko Elixabete Larrinagaren artikulu hau gomendatzen dizut: https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=7998093 Eta gaia oraindik sakonago aztertu nahi izanez gero tesia ere badu.

  • Ederki. Irakurriko dut. Edonola ere, erabaki politikoa da diru publikoa nori eman eta nori ez. Publizitate instituzionala gehien saltzen diren hedabideetan txertatzea hobestea, diskriminatzailea da hedabide txikiagoekiko eta horien bezeroekiko, eta horietan gaude euskaldunak, hain zuzen. Jaurlaritzak Vocento saritzen du, Ayusok aberatsak saritzen dituen bezala, adibidez.

  • Ayusok ere Vocento saritzen du…

  • Gauza da, euskara guztiz zokoratzen duten eta euskaldunak behin eta berriz iraintzen dituzten hedabide euskarafoboek, dela El correo, dela Dioario vasco, direnak direla, ez luketela € bakar bat ere jaso beharko Euskal Herriko ezein erakundetik. Baina gure erakundeen eta alderdi abertzale nagusiaren (bestea ere, enpin) menpekotasuna hain da agerikoa… Esan gabe doa, Nafarroan, alderdi abertzaleen parte hartzea (Gbai) edo babesa (EHBildu) duen gobernu euskarafobo baten menpe gaudela, eta Iparraldekoa are okerragoa dela…

  • egia garratza 2022-10-10 11:06

    12 aholkuei beste bat gehituko nioke:
    Bultzatu atzerritar erdaldunak Euskal Herrira erakartzen, ahalik eta gehien. Batez ere etorkinak. Horrela, euskal hiztun/euskaltzale kopuru proportzionala, mugimendu bakarrean jaitsiko da.

    Eta ekintza hau salatzen duen edonor “faxista” edo antzekoa etiketatu. Horrela, eskuineko globalistek zein ezkerra, denak euskararen aurka.

  • Egia garratza da, ordea, euskararen aldeko ustezko jarrera horrek ez duela errealitatean oinarririk: EAEn populazioaren %11a da atzerritarra. Euskaldunak %33 gara EAEn. Beste %56 horrekin, zer? (ez dut topatu EAEn jaioa ez, eta Espainian jaiotakoen datua)
    Zuen “egia garratz” horrek ez du azaltzen nolatan den kaltegarriagoa %11 hori, “bertakoa” den %56 hori baino.
    Egia garratza da betiko arrazakeria dela zuena, eta %11 horretan fijatzen zaretela, beste %56 hori ezkutatzen duzuen bitartean. Euskara ez da hilko Abdulaziz eta Oswaldok ikasi ez dutelako, Ortuzarren alabak erabiltzen ez duelako baizik. Baina, Ortuzarren alabarenak ez ditu “egia garratzak” azaleratzen.
    Eta, hain zuzen, Abdulaziz eta Oswaldok euskara ikasi ez badute, %56 horrengatik da.
    Aitzakia merkea da zuena.

  • Beñat Castorene 2022-10-10 11:32

    Horrela segi ginezake infinitura:
    Iparraldean ixilik egon Frantsesen inbazio jarraiaren aurrean, sinestarazi gure etorkizuneko erronka handiena haiek euskaduntzean datzala agudiatuz etorkin horiek bertako euskaldunek baino interes gehiako dutela euskarari buruz.
    Eta guziz azken hamarkadetan bezala segitu aldarrikatzen sekula euskaldun izan ez den Baionan dela euskaraen etorkizuna

  • Nik esango nuke Ortuzarren alabek baino urratu askoz handiagoa egiten digutela EHBilduko eta EAJko kongresukideek, adibidez. Besteak beste, Ortuzarren alabek baino askoz presentzia eta jarraitzaile gehiago dauzkatelako era guztietako hedabideetan.
    Bestela, fokoa azken urteotako etorkinengan jartzeak, arrazakeriatik beste ezertatik baino gehiago dauka, bai.

  • Beñat Castorene 2022-10-10 12:05

    Ba othe, lehenik denak euskaldun izaitea espainola xoilik derrigorrezkoa den herri batean ezinezkoa da.
    Gero %56 horiek euskaldunak balira ere ez naiz batere segur %11 horiek euskara ikasi nahiko luketenik espainola xoilik derrigorrezkoa den herri batean. Etorri dira beren herrian baino hobeki bizitzeko ez eta galtazaileen borroka lingistikoa eremaiteko.
    Bukatzeko, Ba othe , othoi geratu “arrazista” anatema botatzen aliritzira, euskarari buruz zu baino kezkatuagoak direnei. Debatea haiekin moztu nahi duzu ala? Ohitura akigarria da eta.

  • Hara, Beñat:
    (nahita ari naiz EAEra mugatzen) Euskarak EAEn duen arazoa ez dira atzerritarrak. EAEn euskarak duen arazoa beren burua “basko”-tzat duten, eta erdaldunak diren %56 hori da. Ez besterik. Bertan “integratuta” eta erabat txertatua dauden erdaldunak. Enpresen lidergoan daudenak, goi funtzionarioak, ADEGI eta Confebaskekoak, errenta altu eta ertainekoak. Gehienez ere txakurra edo katuari egiten diotenak euskaraz. Horiek dira euskararen arazo larriena, eta horiek dira gure hizkuntzaren benetako etsaia. Baina horietako askok 8 abizen dituzte euskaldunak, eta harro-harro esaten dizute hori.
    Horien kontra apenas entzuten da zerbait, eta are gutxiagotan datoz kritikak etorkin erdaldunak direla eta euskararen etorkizunaz kezkatutako horien aldetik. Ikusi “Egia Garratzaren” kezka zein den, artikulu hau irakurrita: etorkinak! Populazioaren %11 pobreena, etorri berria dena, bertan jaioa eta “integratua” dagoen %56a aipatu ere egin gabe. Sinetsi behar dut Egia Garratzak dioena zintzoa dela? Ezin dut sinetsi. Ez da zintzoa. Eta korronte antolatu bat dela argi dut (hortxe “globalismoaren” aipamena, pista handi bat da). Eta arrazakeria denean, argi eta garbi esango dut arrazakeria dela. Arazoa ez baita euskararen defentsa (hori balitz, etorkinez gain, %56a aipatuko zukeen). Arazoa etorkinak dira.
    Lapurdin ere, ezagutu gabe, nago arazo larriagoa dela euskararentzat bertako populazio frantsesa, lauburuekin eta folklorearekin, azken 10 urteetan iritsitako afrikarrak baino.

  • egia garratza 2022-10-10 12:34

    Ba ote!: EHn jaiotakoen %30ak ama atzerritarra du. Biztaleriaren %11 hori ez dago berdin banatua adin tarte guztietan.
    Bilbotik dauden atzerritarren %95ari euskarak bost axola dio. Eta askok ezagutu ezagutuko du (eskolan ikasitakoa). Baina defendatu ia inortxok ere. Eta normala iruditzen zait, hona etorri eta egoera zein den ikusita.

    Bai, PNV eta BILDUko askori ere 5 axola. Baina mesedez, ez kanpotarren ehuneko horietan.

    Oharra: atzerritar asko ezagutzen dut euskara bertakoek baino interes handiagorekin ikasi eta erabiltzen dutenak. Baina oso marjinala da eta horrek ez nau itsutzen edo errealitatetik distortzionatzen. Dogma ideologikoak ez nau itsutzen.

  • egia garratza 2022-10-10 12:44

    Ba ote!: Inork ez dio atzerritar erdaldunak euskararen arazo BAKARRA denik. Arazo gehigarri bat, bai ordea. Eta oso potoloa gainera. Euskal Herrian 200.000 erdaldunetik gora 15 urtetan sartzea zuretzat arazo ez bada, orduan ez dakit nola ulertuko duzun ezer. Eta hurrengo 20 urteotan atzerritarrak mugagabeki sartu nahi diguzue zuek bezalakook. Jai dugu orduan euskaraz bizi nahi dugunok.

    Zuk dena arrazakeriarekin estaltzen duzu. Barkatu, atzerritar horiek zuriak edo gure arraza berekoak izan daitezke. Hori ez da arazoa. Nik gustora baino gustorago egiten dut euskaraz beltz, marrokiar edo txinatarrarekin. Are gehiago, ahalik eta gehien izatea nahiko nuke. Arazoa da hori ez dela gertatzen.
    Zure ideologiak ez dizu libreki pentsatzen uzten.

    Arrazista zu zara, dena arrazaren kontura eraman nahi duzulako.

  • Esango nuke albo-eztabaida hauek gure ezintasunaren ondorio direla. Espainia eta Frantziapean ez daukagu politika seriorik egiteko gaitasunik inongo eremutan, are gutxiago migrazioarenean. Okerrago dena, EAJ aspaldi sartu zen buruz behera regionalismoaren bidean, eta EHBilduk oraintsuago bide bera hartu du. Horrela jarraituz gero, ez da gainbehera hau iraularazteko modurik izango.

  • Berriro ere, 200.000 dira hain zuzen %10a (2.200.000 biztanle EAEn). Zuk emandako datuek berresten dute nik gorago esana: atzerritarrak populazioaren %10a inguru dira EAEn.
    Ni kezkatzen nau %56ak lehenbizi. “Sartu” beharrik izan ez dutenak, bertan haziak direlako. Horiek dute benetako arriskua, horiek dira euskararen normalizaziorako traba handiena. Gero gerokoak, eta azken 15 urteetan etorritakoak. Baina, tamalez, agerikoa da jendea oso kezkatua dagoela %11rekin, eta %56arekin, ba beno. Bai, baina ez. Ez. “Pixka bat es mucho” da horientzat, ez bitez mindu. Beltz, musulman, hegoamerikar eta besteentzat, ordea, “euskararen hiltzaile” etiketa.

  • Eta sindikatuak ere bai, tamalez, Izo.
    Funtzionarioen egonkortze prozesuan beharrezko hizkuntza eskakizunik ez duten langileak postuetan mantentzeko egiten ari direnak…

  • Zergatik halako interesa batzuon aldetik eztabaida ‘arrazializatzeko’, etorkinak, erdal hiztunak fokupera ekarriz ia kriminalizatzeraino? Ez al dator bat honako hauek proposatzen duten estrategiarekin? Hots, ‘Euskara Denontzat’ Propone una batería de doce medidas que garanticen la perspectiva de clase, género y origen en los estudios sociolingüísticos para acabar con las barreras de precio y tiempo, entre ellas, permisos retribuidos…. Alegia hegemonikoak eta inposatzaileak, euskal hiztunak gara. Portzierto Bultzatzaileen artean Joseba Erkizia HABEko zuzendari izandakoa Bastarricaren eskutik, Lurdea Auzmendiren ezaguna, eta oraingo Lozanoren lankide

  • Beñat Castorene 2022-10-10 15:12

    Ba othe
    nik Lapurdin ( ez Baionan) ikusten ditudan etorkinak ( %98) zu baino zuriagoak dira, eta nausi bezala instalatzen dira kontzientuki ala inkontzientuki. Gehiago dena asko hona etortzen dira hemen momentuz beltz eta beltxaran gutiago daudelako Parise inguruetan baino.. Orain Lapurdiko Herri zebaitetan etorkin xuriak gu baino gehiago dira jada eta gure asimilazioa akzeleratzen dute xistu bizian. Hainbesteraino egia den nun Lapurdiren hiru laurdena betikotz kentzen ahal duzun jadanik Zazpi Probintzietako zure irudikapen klasikotik.
    Arrazismoa gaizki da edozein zirkunztziatan baina xenofobia (gauza bera ez dena,) dosi bat inbasioaren eta asimilzazioaren aurrean kasik ekidinezina da.
    Ni urrundik arrazista bezala irandu baino lehen gonbidatzen zaitut hona jitera solastatzera ezagut nezazun ene ingurunean familia eta guzi.

  • Beñat, inondik inora ez zintudan buruan arrazismoa aipatu dudanean. Berriro diot, Lapurdiko egoera ez dakit zein den. EAEkoa bai. Eta EAEn etorkinez kejatzen direnak ez dira ari etorkin espainiarrez. Horixe da hain zuzen kritikatzen dudana.
    Eta xenofobiaz, nik ere badut ikutu xenofoboa. 60 hamarkadan kastillanoek erabat eta betiko suntsitutako herri batean jaioa nauzu (%90 erdalduna). Horrexegatik dakit arazoa EAEn %56 hori dela, eta ez egia garratza, tximino eta antzekoek begitan hartu duten %11a.
    Inola ere, mindu bazaitut, barka nazazu.

  • Beñat Castorene 2022-10-10 18:20

    Ba ote Egia latzak arrazista litzateke edo arrazakeria erranen zuen pentsatu edo erran balu etorkinak peko arrazakoak zirela arrazoi genetikoengatik. Artikulu honen iruzkinetan bederen ez dut horrelakorik ikusi.
    Gero %11 horiek sobera akusatzea eta %56 ez aski eztabaida liteke baina arrazismoak ez du deus ikusteko debate horretan eta hitzok iraintzat erabiltzea ez du eztabaida eragotziko baizik.
    Hemendik ikusita susmatzen dut %11 horiek batuko direla %56 beste horiekin , eta arazoa izanen duzuela biztanlegoaren %67arekin.
    Adeitasunez.

  • %67arekin izango dugu arazoa, bai. Baina Egia garratzak, bada ezpada, %11a hartu du begitan lehenbiziko, %56a beharrean. Nik argi dut nondik hasi behar den, eta zein den benetako arazoa: bertan hazitakoak, bertan jaiotakoak ez direnean.
    Eta argi dut zergatik nahi duten beste batzuek %11tik hasi. %11 hori akusatzeak bide ematen du gure barne frustrazioak askatzeko. Ezin dugu %56 horrekin, eta ahal dugunaren gain jarri nahi dugu.
    Argi ikusi zen aurrekoan: Bilboko jaietako lapurreten harira argitaratutako artikuluan, euskararen galeraz kezkatuta dauden horiek, ederki asko bereizi zituzten atzerritarrak eta espainiarrak estatistiketan, denak erdaldunak izanagatik. Arazoa etorkinak izatea baita, ez erdaldunak izatea.
    Erdaldunak dituzte nagusi enpresetan, erdaraz funtzionatzen du administrazioak, erdaldunek mugitzen dute dirua EAEn, baina sinetsarazi nahi digute euskararentzat arazoa kalean aterki saltzen dabiltzanak, hegoameriketako banatzaileak eta MENAk (espainiar eskuin muturrak erabiltzen duen akronimoa, adin gabeko atzerritarrak adierazteko) direla.

  • Ba ote: atzerritarrez kezkatua egoteak ez du esan nahi euskarafobo espainiar edo euskaldunez kezkatua ez egoteak.

    Kontua da gure politikari abertzaleek zein espainiarrek (PP barne) etorkin etorrera masiboaren alde egiten dutela, aintzat hartu gabe euskaran duen eragin kaltegarrian.
    Espainiarren jarrera uler dezaket, baina euskaltzaleena? Ze oso inuzente izan behar dira, pentsatzeko euskararen mesedetan izango dela. Ni atzerritarrez inguratua nago, gehienak hegoamerikarrak eta gehienek ez dute ama edo aita esaten, papá eta mamá baizik. Zer esanik ez euskararekiko jarreran.

  • Eta galdera batzuk: zuk diozun %11 horretan espainiar nazionalizatuak barne daude?
    Eta zein % izango da 15 urte barru? 30 urte barru? Ze erritmo honetan %50 baino gehiago izatera hel daitezke, Europako zonalde askotan bezala.

    Zure ustez ez da inolako mugarik jarri behar? Ateak erabat irekiak egon behar dira?

  • Hara, Bilbitik, “%50 baino gehiago izatera hel daitezke”, ez, hori gezurra da. %50 baino gehiago dira gaur egun erdaldunak. %50 baina gehiago izan dira EAEn erdaldunak EAE sortu zenetik. Zeren zain zaude?
    Zertaz ari gara, euskararen biziraupenaz edo gure auzoak beltz eta mairuez betetzeaz? Ni euskaraz ari nintzen…
    Berriro ere, argi geratzen da kezka ez dela euskara, kezka beste bat da.

  • Beñat Castorene 2022-10-11 23:38

    Bai, Ba ote, pundu batean arrazoi duzu bi kezka ezberdin daude
    Lehena euskararena (artikulu honen eta gu guzion gai bakarra dena) eta bigarrena ( imigrazioa handitzegatik herria beltzez, arabiarrez eta hego amerikarrez betetzearen beldurra ) EHan Europako herri guzietan guti edo asko existitzen dena. Baina ez zen batere Jonjoren artikuluaren gaia.
    Egia da batzutan konfusioak sor daitezkeela bien artean zeren erlazioak baitira batzuetan.
    Baina bigarren kezka honek merezi luke argi ta garbi, je,detasunez eta inorentzat irainik gabe mahaiganeratua izaitea horretarako artikulu batean. Beldur hori oinarritua den? ala ez? eta zergatik? arrazkeria den? ala ez?
    Ba ote dudarik gabe interesa eta gaitasuna badituzu baina aitortzen dut adorea dosi bat ere beharko duzula.
    Adeitasunez

  • Bruselan, orain dela ez hainbeste nederlanderaz egiten zuten, ez frantsesez. Lege eta prestigio kontuak direla eta guztiz frantseztu zen. Urteak pasata flamenko gazte batzuk honi aurre egin eta berriro ere herbeheretako hizkuntzak ekua berreskuratzen joan zen, astiro-astiro. Hala eta guztiz Belgika kanpotik etorri ziren kanpotarrek prestigioa eta indar gehien zuen hizkuntza ikasi eta herbehera Bruselasen ia hitz egiten ez den hizkuntza bihurtu da berriro. Ez du ematen egoera aldatuko denik nahiz eta izatez bi hizkuntzak ofizialak izan.

    Kanpotarrak zuriak, beltzak, latinoak, mairuak… edonongoak izan ziren (eta dira).

  • Demografia kontua da ere.
    Frantsesaren prestigioa ez ezik, Bruselara milaka frantses hiztun joan ziren: Frantziako jakobinoak eta Bonapartezaleak 1815ean, errepublikazaleak eta Orleans dinastiaren aldekoak 1851ean, 1851eko estatu kolpean ihes egindakoak, Frantzia eta Prusiaren arteko gudan babes bila joan zirenak eta Valoniatik hiriburura joandakoak (1830 eta 1875 artean Brusela hiriko biztanleria 100.000tik 180.000ra hazi zen).

    Suediera zen Helsinkiko hizkuntza nagusia industrializazio garaian Finlandiako barnealdeko finlandiera hiztunak hara joan ziren arte.

    Espainiera gero eta gehiago entzun daiteke AEBn (kalean, negozioetan, hedabideetan) Hispanoamerikatik joandako jendeari esker.

    Ladinoa nagusi zen Italiako eremuan, alegia, Hego Tirolen aleman hiztunek erabat aldatu zuten hango hizkuntza erabilera (gero italiarrek Bolzano.

    Bestalde, Euskal Herrian euskaldunok ez gara ezta hirietako etxebizitza-bloke bat “kolonizatzeko” gai…

  • Ados. Ados. Oso eztabaida polita. Baina egitateak egitate, ez daukagu inolako migrazio edo hizkuntza politika ezartzeko botere egiturarik. Gogoratu espainiar eta frantzes Estatuen menpe bizi garela eta hauek direla bai hizkuntza politika eta bai migrazio politika maneiatzen dituztenak. Erresistentzia txikietan murgildu gaitezke, baina arazo makroak konpontzeko egitura handiak beharrezkoak dira (Estatua noizko?).
    Euskaldunak, Hegok esan bezala, ez gara etxebizitza bloke bat kolonizatzeko gai ere, beraz, otzankeria honekin, nola nahi duzue aipatutako gai potoloak konpontzea? Independentziarik gabe gutxi egin dezakegu, baina segi, segi etxean pantaila aurrean jesarrita eta lau urtetik behin gure arazoak konponduko omen dituzten alderdi sasiabertzaleei botoa ematen. Zintzoki diotsuet herri honek jadanik oro har ez duela independentziarik nahi uste dudala, baina inor ez dela esatera ausartzen.
    Hil kanpaien hotsa urrunetik aditu daiteke, eta gure hiletaren deia dakar.

  • Benat Castorene 2022-10-13 12:21

    “baina arazo makroak( migrazio edo hizkuntza politika) konpontzeko egitura handiak beharrezkoak dira (Estatua noizko?).”
    dio mugakidek.
    Noiko? ezginakike zuzen baina pentsa daiteke hori eraikitzen hasi behar lizatekeela. Baina nola? noren artean? zer arau etiko eta filosofiko errespetatuz?. Ulertu dutanez hau dateke estatugintza.
    Baina bestetik migrazio edo hizkuntza politika bezalako gaiak eta beste anitz gehiago ere aurretik pentsatu, eztabaidatu etaesperimentatu behar dira estatua goaitatu gabe bestenaz ustezko estatu hori kudeatuko dutenek behar orduan eginen dute aurrekoek bezala edo are gaizkiago. Bigarren aktibitate politiko hau batuko nuke naziogintzarekin eta hau paraleloki ereman gabe estatugintzak ez luke demendren zentzuri ere.

  • Mikel Haranburu 2022-10-13 20:26

    Uste dut ideia hauetan mugakideak garela, Mugakide.
    Halaxe da; ez dugu botererik zuk aipatzen dituzun horiek egiteko, hots, inmigrazio politika, hizkuntza politika. Halaber, ez dugu ausardiarik botere daukagun horixe egiteko ere, hots, geure hizkuntzan trebatu, geure burua jantzi, dotoretu, hizkuntzaz eta hizkuntzan jakintsu izan, kulturaz osatu, kulturaz gozatu eta harrotu. Ez gara gauza geure etxea bera ere “kolonizatzeko” (“Ez gara geure baitakoak”), nahiz eta saldo eder bat pasa den euskaltegietatik, “Euskaraz bizi nahi dut” leloa erabil atorretan, eta abar.
    Estatuen menpe gaude, baina ezer gutxi landu da bi estatu horien menpe dauden beste gutxiagotuekiko elkarlana, areago, elkarren arteko politika. Ez dago, Hegoaldeari dagokionez, periferiakoen arteko antolakunderik ez dago (Galeuska aspaldikoa…). (Areago, Katalunya zerbaitetara abiatzen denean, euskal bi presidenteetako bat “bitartekari” postulatzen du bere burua Katalunyaren eta Espainiaren artean…).
    Independentzia nahi ez dugula diozu… neronek ere, hizkuntza berreskuratzeari begira, oraindik ez dugula serioski hala erabaki esana dut zenbaitetan. Eta, dakikegunez, hizkuntza asmoak eta asmo politikoak elkarren eskutik doaz sarri; dinamiketan paralelismo harrigarria izateaz gain, elkarren beharra ere bada, ezen, ez baitugu independentzia nahikunderik izanen benetan euskaldun ez gareno, eta ez baitugu benetan euskaldun izaterik izanen, independenteak ez gareno.

  • Benat Castorene 2022-10-14 09:30

    Ezin itugu partekatu baizik konstatazio migots horiek. Hasieran hizkuntzaren ( eta identitatearen) berreskuratzeko zailtasuna berez gutietsia izan zen. Gainera gero ta gehiago agertzen da oraiko marko polikoan berrekuratze hori ezinezkoa dela inposatzen dituen oztopo, debeku eta mugatze guziekin.
    Eta Mikelek deskribatzen duen gurpil zoroa edo zirkulu biziosa erreala da. Baina erraiten da gurpil zoroak puskatzea edo hetarik askatzeko soluzioa aurkitzen beti eta beti saiatu behar omen dela.

  • Mikel Haranburu 2022-10-14 14:14

    Horrelaxe da, Benat. Gurpil zoro horretatik askatu… Horregatik nioen goian “botere daukagun horixe”…
    Izan ere, sarritan erraiten digute ezen indarrik ez dugula, dirurik ez dugula hura eta bestea egiteko… dena nahi dugu halaberean, baina dena ezin da halaberean. Urratsez urrats ordea, zerbait ahal genuke…
    Ez dugu indarrik sobera, baina daukaguna behar den bezala baliatzen ikasiko bagenu…
    Ez dugu dirurik gauza handiak egiteko, baina, daukaguna behar bezala erabiliko bagenu…
    Ez dugu denborarik sobera, baina, daukaguna behar bezala gastatuko bagenu…
    Eta horietarako, erabakia hartu beharra dago.
    Sanchez Carrionek “el ‘como si’” deitzen zuen; nik “hala baledi” deituko dut: Euskaraz bizitzerik ez dagoelarik, Euskaraz bizi ahal bagenu bezala egiteari. Hau da, geure hizkuntza normalizatuko dugu, baldin eta jokatzen badugu normalizatuta balego bezala. Euskaldun oso izanen gara, baldin eta “hala baledi” euskaldun oso izatea.
    Gurpil zorotik ateratzeko, begirada da atera behar dugun lehena, eta gurpil zoroa goitik begiztatu. Eztabaidaz eztabaida, ordea, gurpilari birak eman eta emanarazi besterik ez dugu lortzen. Hala ikusi ohi dugu foro hauetan…

  • Benat Castorene 2022-10-14 17:17

    Milesker Mikel gurekin hemengo foruetan parte hartzeagatik euskaraz argi eta sakon pentsatzen entseiatzeko. Jadanik asko da eta. Entseia gaitezen ez bakar-bakarrik gurpil zorroari birak emanarazten momentuz ,askotan horrela badirudi ere, Gizartean agertzen diren ideia berriak bereiz eta sustenga ditzagun.
    Animo.

  • Mikel Haranburu 2022-10-19 10:12

    Bai, Benat. Esker mila zuri zure hitzengatik. Ideia berririk sortu behar handian gaude; orain arteko idea asko berrogeialdian jarri eta berrikusi beharrean ere. Diskurtsoak berritu eta aitzina begira jarri, bestela jai dugu…!