Behin batean, Txominenean
Behin batean Txominenean –
Behin batean Loiolan erromeria zen, Bilintxek gogorarazten digunez. Behin batean, Loiola auzo handiagoaren barruan, auzo txikiago bat ere bazen: Txominenea. Eta behin batean, Txominenean euskara sustatu eta biziberritzeko elkarte bat sortu zen, Txomineneko Euskaltzaleen Elkartea. Izen horrexekin: Behin Batean.
Izenak berak iradokitzen duen hasierako puntu horretan dago Behin Batean Txomineneko Euskaltzaleen Elkartea. Bi ekitaldi baino ez ditugu antolatu hura osatzen dugun auzotar kideok: Josu Martinezen Bizkarsoro filmaren emanaldia, Zinemaldi Alternatiboaren lankidetzarekin, irailaren 20an; eta auzoaren historiari buruzko hitzaldia, Josu Tellabidek emana, urriaren 9an, biak aski arrakastatsuak baina oraingoz bakarrak, Loiolako kultura etxearen lankidetzarekin.
Auzo euskalduna zen duela hamarkada batzuk Txominenea, baserri gutxi batzuek osatua eta guztiz euskalduna. Aldaketa handia izan zuen XX. mendearen erdialdetik aurrera. Loiolako kuartel militarraren gertutasunak, kanpotik etorritako jendea hartzeko etxebizitzen eraikuntzak, kartzelak (Martuteneko kartzela deitutakoa Txominenen dago kokatua), errepideek eta, oro har, gizartearen bilakabideak erabat antzaldatu zuten auzoa eta, horrekin batera, ia erabat erdaldundu, beste herri eta auzo asko bezala, edo akaso herri eta auzo gehienak baino bizkorrago eta modu nabarmenagoan.
XXI. mendean ondo sartuta, azken urteetan beste antzaldaketa handi bat izan du auzoak, etxebizitza berri mordoaren eraikuntzarekin. Populazioa asko handitu da eta, horrekin batera, dibertsifikatu. Lehen aski apalduta zegoen euskararekiko kezka berpiztu du auzoan jende berriaren etorrerak, eta Behin Batean elkartearen sorrera horren emaitza da, neurri handi batean.
Orain arteko ibilbideak izan duen harrera onak adoreturik, euskarak auzoan galdutako presentzia eta indarra berreskuratzen ahalegintzen jarraitzeko asmoa du Behin Batean Txomineneko Euskaltzaleen Elkarteak, ahalik eta auzotar gehienen lankidetzarekin.