Behatokiaren erantzuna Nafarroako Hezkuntza Kontseilariari, Oibarren haur eskola irekitzeko oztopoen aurrean
Behatokiaren erantzuna Nafarroako Hezkuntza Kontseilariari, Oibarren haur eskola –
2024ko ekainaren 21ean
Oibarko D ereduko haur eskolaren irekiera eskaera dela eta, atzo Hezkuntza Kontseilariak Nafarroako Parlamentuan egindako adierazpenen aurrean (hemen bideoa, 1:18:00 minutuan) ondorengoa adierazi nahi du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak:
1- Irekiera ezeztatzen duen txosten teknikorik ez dago, izan ere, hori eskatzen aritu izan da Oibarko herria matrikulaziorik egin ezin zutela komunikatu zaien momentutik
(Alkatetzatik ere berariaz eskatu zaie).
2- Oibarko familiek eskatu dutena haur eskola irekitzea izan da eta irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dute.
3- Oraindik Hezkuntza Departamentuak ez du 2024-2025 ikasturtean haur eskola irekitzeko baimenik eman eta, beraz, familiek ezin izan dituzte haurrak matrikulatu. Haur eskola Udalaren eskumena da baina Hezkuntza Departamentuaren baiezkoa behar du.
4- Egun 3 urtetik gorako ikastetxe publikoan dauden familien hautuak ezin du haur eskolaren eredua baldintzatu, ez eta familia berriek euskarazko irakaskuntzagatik egiten duten apustua.
5- Hezkuntza Departamentua prentsatik enteratu zela aipatu du Kontseilariak. Hori ez da egia, hainbatetan eman baitzaie egoeraren berri. Oibarko Udalak otsailean adierazi zion haur eskola irekitzeko interesa, eta maiatzean bidali ziren aurre-matrikulazioak eta bakoitzaren hizkuntza eredua. Ekainaren 5ean, Hezkuntza Departamentuko arduradunek telefonoz jakinarazi zioten alkateari ez zutela haur eskola irekitzeko baimena emango. Idatzizko txostena eskatu arren, Udalak ez zuen erantzun ofizialik jaso. Ekainaren 14an, familia bakoitzaren eskaerak erregistratu ziren, dagozkien sinadura eta NAN dokumentuekin.
Hizkuntza Eskubideen Behatokitik euskarazko irakaskuntza edo zerbitzuak zabaltzeko irizpide eta baldintzetan justizia eta berdintasun falta dagoela salatzen dugu. Nafarroako Gobernuak minorizatutako hizkuntza den euskara sustatu beharrean, oztopoak eta zailtasunak jartzen dizkio bere zabalpenari.
Horrexegatik, Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari eskatzen diegu lehenbailehen familiek eskatutako bilerari erantzun eta Oibarreko haur eskolari baimena eman diezaiotela, irailean haurrak D ereduko haur eskola horretan matrikulatuak izan daitezen.
Behatokiaren erantzuna Nafarroako Hezkuntza Kontseilariari, Oibarren haur eskola irekitzeko oztopoen aurrean