Behar direlako tituluak
Behar direlako tituluak –
Malores Etxeberriak, ARGIAn.
Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua balio baitu ikasteak, ezer ez da doan inon, eta, era berean, aldeak badira mailatik mailara eta lekutik lekura. Anabasa hori argitzeko baliagarria da aldizkari honetan bertan, azaroaren 24ko zenbakian, Onintza Irureta Azkune kazetariak argitaratu duen Pausoak pauso, oraindik hankamotz izeneko erreportajea.
“Doakotasunaren” publizitaterik handiena Ikasturte hasieran egin zuen HABEk, iragarri zuenean A1eko, hasiera-hasierako mailako, ikasleentzat doakoa izango zela euskara ikastea lehen maila horretan. Pixkanaka jakin dugu doan ez, baizik eta merkeago dutela matrikula: 300 euro izan beharrean, 70 euro ordaindu behar dutela, alegia. Eta ez du argitu ikasprozesuan aurrera egiteko hein berean laguntzen jarraituko duenik ere.
Bide luze eta malkartsu horretako beste pauso bat iaz eman zuen Eusko Jaurlaritzak, eta oso bestelako kolektibo bati zuzenduta zegoen. 16 urtetik 18ra bitarteko gazteak zituen jomugan; horiei C1 (lehengo EGA) titulua prestatzeko eskolak “doan” eskaintzea. Bi gauzak harritu ninduten orduan. Batetik, lehentasuna titulua eskuratzeari ematea eta, gainera, adin tarte jakin batera mugatuta. Bestetik, ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleak institututik euskaltegira joan behar izatea, eskola orduz kanpo, euskarazko titulua prestatzera.
Komunikazio-gaitasunean hain ahul gaudenean, lehentasunezkoa D ereduko 16-18 urte bitarteko gazteei titulua eskuratzeko klase partikularrak ematea ote da?
Aipatutako erreportajean adierazten da pizgarriek izan dutela eragina euskaltegietara inguratu diren ikasle kopuruetan. Eta 16tik 18 urtera bitarteko gazteetan, hain zuzen ere, bikoiztu egin dela kopurua. Iazko ikasturtean 2.700 ikasle izan ziren eta aurtengoan, berriz, 5.000 inguru, EAEko kopuruei erreparatuta.
Izango dira aldeak lekutik lekura, baina zenbait ikastetxetako datuak ezagututa, ikasleen erditik gora doa euskaltegira titulua ateratzeko prestaketa egitera. D ereduan ikasi duten eta ikasten ari diren gazteak dira, Batxilergokoak nagusiki. 120-190 ordu arteko ikastaroak egiten dituzte, autoikaskuntza moduluan batzuek eta aurrez aurrekoan beste batzuek; eta matrikula prezioa 30 euro ingurukoa da, 0,20 euro orduko, euskaltegiko eskaintza guztietan merkeena.
Pentsatzen dut azterketen emaitzak hobetu egingo direla eta gazte gehiago aterako dela institutuetatik C1 tituluaren jabe. Institutuetako irakasleentzat lagungarria ez ezik aringarria ere izango da, ez baita gozoa euskaraz ikasitako hainbeste ikaslek titulua eskuratzeko azterketa suspenditzea (gertatzen den bezala). Gurasoak ere pozik, lan mundurako baliagarria izango zaien beste titulu bat gehiago badutelako beren seme-alabek, merke eskuratua. Euskaltegietan ere haserre ez, ikasle gehiago dutelako eta, gainera, urtetik urtera jarraipena izango duen bezeria gaztea, iraileko matrikulazio garaiko agonia goxatuz eta ikasleria gaztetuz.
Nik, galdera bat buruan jiraka: komunikazio-gaitasunean hain ahul gaudenean, herritarren gehiengoak ulertzeko ere zailtasunak dituela eta dakiten askok hitz egiteko erraztasunik ez, lehentasunezkoa D ereduko 16-18 urte bitarteko gazteei titulua eskuratzeko klase partikularrak ematea ote da? Ez ote da Hezkuntza Saila ari irakaskuntzaren ezinak berriro ere beste pixka bat estali nahian?