Batera Jauzi dinamika herriz herri abiaraziko du Euskaltzaleen Topaguneak

Batera Jauzi –

  • Arrigorriagan (Bizkaia) hasiko du bere bidea euskara biziberritzeko prozesu komunitario eraldatzaileak.
  • Batera jauzi dinamikaren helburua, tokian toki komunitatearen parte hartzea aktibatu eta euskararen erabilera handitzeko akordio eraldatzaile berriak sustatzea da.

Batera Jauzi

Euskararen erabileran gorantzko jauzi bat eman asmoz jarri zuen martxan Euskaltzaleen Topaguneak Batera jauzi jendarte laborategia 2023an. Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak, erakundeak iaz egindako III. Kongresuan ikusi zuen argia, non mugimendu euskaltzalearen ildo estrategikoa onartu zen, erabileraren arorako norabidea finkatuz.

Herriz herri Euskal Herri osora zabaldu nahi du Topaguneak orain dinamika hori, tokian toki euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzi bat emateko oinarriak sendotu asmoz.

Arrigorriagan hasi du bere ibilbidea Batera Jauzik jendarte laborategiak. Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azaroa bitartean luzatuko da.

5 lagunez osatutako talde motorra gidari dutela, herriko sektore ezberdinetako 13 pertsonek osatu dute Elkarrizketa Talde eragilea. Tartean, ekarpenak ahalik eta aberatsenak izan daitezen, herriko xede talde esanguratsuenekin kontraste batzarrak egingo ditu Elkarrizketa Talde Eragileak.

Azaroaren amaierarako hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario bat adosteaz gain, Arrigorriagan euskararen erabilera hauspotzeko epe luzeko gidalerroak zehaztuko dira.

Euskararen biziberritze prozesuak euskalgintzan ari diren eragileez gain bestelako bultzatzaileak ere behar dituela kontutan hartuta (euskaratik urrunago bizi direnak, esaterako), prozesu komunitarioak sustatzearen balio eraldatzailea azpimarratu nahi du Euskaltzaleen Topaguneak.

Helburu horren bila, Batera Jauzi jendarte Laborategiak Euskal Herrirako lehenetsitako eraldaketarako baldintzak herriz herri eta gobernantza partekatuan oinarrituta garatu nahi ditu Euskaltzaleen Topaguneak.

Batera Jauzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude