Basauriko Udalak ez ditu euskara eta euskaldunak behar bezala aintzat hartzen
Basauriko Udalak ez ditu euskara eta euskaldunak behar bezala aintzat hartzen –
BASAURIKO UDALAK EZ DITU EUSKARA ETA EUSKALDUNAK BEHAR BEZALA AINTZAT HARTZEN
Basaurin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik egonik, euskara erabat ofiziala da eta euskaldunok legez gure hizkuntza-eskubideen jabe gara. Ofizialtasunari esker, herri-administrazioekin euskaraz jarduteko eskubidea dago, nahiz eta sarritan eskubide hori urratzen den; basauriar euskaldunek beren Udalera jotzen dutenean euskarazko arreta jaso behar dute zerbitzu eta egoera guztietan, baina ez da beti bermatzen hori.
Basauriko Udalak ibilgailuen atala eta baliabide lagungarriak kudeatzeko arduradun-lanpostua zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deialdia egin zuen (Udal barruko deialdia). Deialdiko oinarrien arabera, guztirako puntuazioa 18,745 zen eta euskarari dagokiona 0,845, hau da, guztiaren % 4,5 baino ez (indarrean zegoen Dekretuak gutxienez % 5 ezartzen zuen). Gainera, plazak 1. hizkuntza-eskakizuna (B1 maila) ezarrita dauka, derrigortasun-datarik gabe, hau da, ez da derrigorrezkoa, eta maila hori arduradun-lanpostua izateko oso urria da. Horrelako lanpostu batean meritu gisa B2 mailaren inguruko balorazioa ezarri zen Euskararen Dekretuan egun batzuk geroago. Horiek horrela, basauriar batek deialdiaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du, baina azken hori Udalak ez du onartu; basauriar hori interesduna ez dela argudiatu du Udalak, herritarrak udal-gaietan interesdunak direla jasota badago ere, eta, horrez gain, euskarari emandako balorazio urria egokia dela erantzun du Udalak, bere Euskararen Ordenantzan jasotako irizpidearen aurka eginez eta 1997ko 86/1997 Dekretuaren erdarazko testuko interpretazio okerrean oinarrituz.
Aurrekoa gutxi balitz, Basauriko Udalaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren indarraldia 2022ko abenduaren 31n amaitu zen eta ez da Plan berririk onartu, ezta aurrekoaren indarraldia luzatu ere. Herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa gidatzeko, funtsezkoak dira erakunde bakoitzak onartzen duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana, bertan jasotzen baitira helburuak, indarguneak, ahulguneak eta zer arlotan eragin nahi den. Alabaina, Basauriko Udalak bere Plana iraungita dauka eta ez du hasi ere egin hori berritzeko prozesua. Horregatik, basauriar batek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan berria onartzeko eskaera aurkeztu dio Basauriko Udalari. Ezin dugu ahaztu planifikaziorik eta baliabiderik ezean, erdaren erauntsiak euskara administrazioetan ere aurretik eraman dezakeela.
Euskara normalizatzearen alde omen dago Basauriko Udala, baina bada garaia, diskurtso politak gorabehera, euskararen aldeko neurriak hartzeko.