Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartearen adierazpena
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartearen adierazpena –
Oldarraldi judizialak ez du etenik. Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu zaigu azken sententzia Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko Donostiako Udalaren deialdiaren harira, auzitegiak ebatzi du “diskriminatzailea” dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Aurrez oldarraldi judizialaren baitan kokatutako Irungo sententzia darabilte epai berri hau justifikatzeko. Hau da, euskararen normalizazio prozesuaren joko-arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak.
Udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake.
Etengabe esaten digute euskara eta gaztelania biak direla ofizialak EAEko eremuan, maila berean daudela. Aldiz, epaiak azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioa oinarri, gaztelera dela hizkuntza “ofiziala”, herritar guztiek ezagutu behar dutena, eta euskara, berriz, “koofiziala”. Bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena eta, ondorioz, bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte.
Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Eta Herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da.
Botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka. Izan ere, epai hauek guztiak euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen ari dira.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.
Pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete genituen aldarri berarekin atera gara gaur Donostian ere, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak deituta.
Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartearen adierazpena