Azaroaren 4ko manifestaziotik urtebetera: Aurrerapausoak emateko garaia da
Azaroaren 4ko manifestaziotik urtebetera: Aurrerapausoak emateko garaia –
- Auzitegiek euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak hartzen jarraitzen dute, baina sententzia bakoitzeko herritar eta langileak kalera atera dira.
- Egoera gainditzeko, administrazioko hizkuntza-eskakizunen eredua aldatuko duen lege proposamena garatu dute aditu eta juristek.
- Urte honetan, Batuz Aldatu dinamikako Talde Eragilea akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean aritu da. Luze gabe egingo du ekarpen zehatzagoa.
Urtebete pasa da Bilboko kaleak euskararen alde bete genituenetik. Hamarnaka mila lagun elkartu ginenetik, euskara eta euskaldunok bigarren maila baten zokoratuta nahi gaituzten sententzia judizialak ozenki salatzeko. Hamabi hilabete eta gero, kezkatuta jarraitzen dugu. Oldarraldiak ez du etenik izan: auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideak gutxiesten jarraitu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, gero eta interpretazio murriztaileagoarekin.
Zorionez, esperantza izpiak ere ikusi ditugu. Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileen mobilizazioak ikusi ditugu, erantzun irmoak euskararen normalizazioaren defentsan. Era berean, hainbat aditu eta juristak luzatu dute administrazio publikoko hizkuntzairizpideen paradigma aldatzeko proposamena, Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, funtzio publikorako sarbidean euskararen ezagutza orokortzeko. Beraz, bada egungo egoera gainditzeko proposamen gauzagarria.
Azken batean, aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia da. Euskararen normalizazio eta biziberritzea atzeraldi arriskutik ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan jauzi sendo bat egitea. Oldarraldiak premiazko jauzia eragozteaz gain, iraganeko eszenatokietara garamatza, azken hamarkadetako adostasun politiko eta soziala hautsita.
Alde horretatik ere, azken urtebete honetan Kontseilua ez da geldirik egon. Akordio sozio-politiko berri bat bideratzeko konpromisoa hartu zuen iazko azaroaren 4an gizartearekin, eta horretan ari gara buru-belarri Batuz Aldatu dinamika sozialeko talde eragilearen bidez. Dinamika horrek jada badu adostasun sozialaren oinarria norabidetuta: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen hedapena. Bide horretatik, luze gabe egingo du ekarpen zehatzagoa, euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu, eta, horrenbestez, gizarte kohesioa, justizia soziala eta bizikidetza indartzea xede.
Azaroaren 4ko manifestaziotik urtebetera: Aurrerapausoak emateko garaia