Astelehenean hasiko da EuskarAbentura24!
Astelehenean hasiko da EuskarAbentura24! –
Astebete baina gutxiago falta da espedizioa hasteko. 127 Jzioquitarrak prest ditugu eta, azken asteetan ikusi moduan, baita lan taldeko kideak ere! Motxilan ixteko falta diren azken gauzatxoak, urduritasuna, azken uneko zalantzak…. denak aski arruntak hilabeteko espedizio nomada baten aurretik.
Astelehenean, uztailak 1, Atharratzen batuko gara. Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik goizean goiz abiatuko diren autobusek, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gazteak jaso eta 12:30ean egingo dugu espedizioari elkarrekin hasiera emateko. Euskal Herriko eta diasporako 127 gazte, 30 lan taldeko kide, ia 400km luze aurretik, 27 herri eta beste hamaika eduki ezagutzeko. Eta den-dena, euskaratik eta euskaraz! Beste behin izugarria izango da!
Orain arte egindako lanaren babesa da EuskarAbenturak UNESCOren 2024ko babesletza jaso izana. Ez da lehen aldia, 2020. urtean ere jaso genuen aitortza. Horrelako errekonozimendu zein sariek lanean jarraitzera animatzen gaituzte.
Zenbait datu
Nortzuk: Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira gazte parte hartzaileak. Gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte (%33,85), gipuzkoarrak 28 dira (%22,05), Nafarroatik 24 etorriko dira (%18,90), Arabatik 13 (%10,24), Lapurditik 10 (%7,87), Behe-Nafarroatik 6 (%4,73), Zuberoatik 2 (%1,57) eta diasporatik bat, Cusco, Perukoa (%0,79). Taldearen % 66,93 emakumezkoa da (85 neska), % 32,28 gizonezkoa (41 mutil) eta ez binarioa % 0,79 (pertsona 1).
Nondik nora: Oraingoan, 27 herritan pasako dugu gaua, horietatik hiru (beltzez markatuta) berriak: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Hauek eta beste hainbeste herrietatik zeharkatuko du marea laranjak aurtengo udan Euskal Herria.
Lantaldea: Gazteekin batera, 30 lagunek osatutako lantaldea joango da: 2 koordinatzaile, 10 xerpa (begirale), 4 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara teknikari 1, 2 argazkilari, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1.
Astelehenean hasiko da EuskarAbentura24! Astelehenean hasiko da