Arkautiko sententzia: Udaltzain guztiek euskara jakin beharko lukete, herritarren eskubideak daude jokoan
Arkautiko sententzia –
- EAEko Auzitegi Nagusiak herritarren eskubideen aurkako sententzia berri bat eman du, Arkautiko udaltzainen lanpoltsan euskararen ezagutza eskatzea debekatuz.
- Europako Hizkuntzen Gutunak ezartzen duena gutxietsiz, auzitegiek “diskriminatzailetzat” jo dute langile publikoek hizkuntza gutxitua (euskara) ezagutu behar izatea.
- Arazoari irtenbidea eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko modua administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma aldatzea da.
Atzo jakin genuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela 2021ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan behin-behinean udaltzain laguntzaileen lan poltsa bateratura sartzeko jarri zuten euskara ezagutzeko eskakizuna, “diskriminatzailea” dela argudituz. Horretarako, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia berria darabil argudio gisara, hain zuzen, 2021eko Irungo udaltzainen auziko sententzia.
Hala, Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du sententzia hauen bidez botere judiziala hizkuntza politiken joko-arauak aldatzen ari dela, euskararen ofizialtasunaren mugak murriztuz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz.
Besteak beste, sententziak dio “neurrigabea” dela lan poltsako hautagai guztiei euskararen ezagutza eskatzea, baina epai honen ondorioz lanpostu bakar baterako ere ez da beharrezkoa izango euskaraz jakitea. Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du oso larria dela, bereziki euskara eskakizuna duten postuak ordezkatzeko dagoen ezintasun nabarmena kontuan izanik. Are, herritarrak zaurgarritasun egoera batean daudenean artatzen dituen zerbitzu publiko bati bagagozkio. Izan ere, Udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake.
Eskubide urraketa jarraituak herritar euskaldunei
Zentzu honetan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hainbatetan salatu bezala, gogora ekarri du ugariak direla herritarrek udaltzaingoarekin harremanetan jasaten dituzten hizkuntza-eskubide urraketak: euskaraz ez artatzea, gaztelera hutsezko erantzunak, euskaraz egiteagatik mespretxuak, gazteleraz egitera behartzeak…
Izan ere, administrazioko lanpostuei euskararen ezagutza eskakizuna ezabatzea zerbitzu publikoen kalitatea eta erantzukizun soziala kentzea da. Beraz, herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile publikoek euskara ere ezagutzea da, hizkuntza ofiziala eta berezkoa den heinean. Ez dugu ahaztu behar legeak gaztelera ezagutzeko obligazioa ezartzen duela.
Azkenik, Kontseiluak adierazi du sententzian bertan aipatzen den Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunaren (‘Eurogutuna’) betekizunen aurka doala epai hau euskara eskakizuna “gaztelaniadunentzat diskriminatzailea” dela dionean. Batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar euskaldun guztiak gaztelaniadunak ere badirelako eta, bestetik, Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak, zeinak balio juridiko osoa eta betearazlea duen, argi adierazten duelako bere 7.2 artikuluan: «Eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzon egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako diskriminaziotzat hartuko».
Honenbestez, euskararen normalizazioan aurrera urratsak egiteko epaitegietatik ezartzen diren oztopoen gainetik, Kontseiluak dei egiten die euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdiei hizkuntzaren auziari berez dagokion zentralitatea eman diezaioten eta euskararen normalizazio prozesuak eskatzen dituen konpromiso eta neurriak har ditzaten. Zehazki, azken hilabeteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntza berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa.
Arkautiko sententzia: Udaltzain guztiek euskara jakin beharko lukete, herritarren eskubideak daude jokoan