Arartekoak Tafallako Udalari: Euskarazko arreta berma dezala!
Arartekoak Tafallako Udalari: Euskarazko arreta berma dezala! –
ARARTEKOAK TAFALLAKO UDALARI: EUSKARAZKO ARRETA BERMA DEZALA!
2023ko apirilaren 28an Nafarroako Arartekoak gomendioa eman dio Tafallako Udalari: Beharrezko neurriak har ditzala herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko.
Tafallako Udalak 137 langile ditu, zazpi ataletan banatuta: Zerbitzu Orokorrak, Atal Ekonomikoa, Obretarako Arloa, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza eta atal tekniko txiki bat.
Gaztelaniaz eta euskaraz jakitea eskatzen da Haur Eskolako hiru hezitzaile lanpostutan. Bestaldetik, euskara teknikaria badu Udalak. Gainontzeko 133 lanpostuek gaztelaniadun hizkuntz profil elebakarra daukate, eta euskaraz jakitea meritu gisa ez du arautzen.
Administrazioan Euskaraz Taldeak jarritako kexaren aurrean, Udalak hauxe argudiatu zuen: Euskara kontuan hartzeko balorazio indibidualizatua, arrazionala, proportzionala eta egokia egin behar dela, horrela zehazteko lanpostuen ezaugarriak, garatu beharreko eginkizunak eta arreta soziolinguistikoaren beharra; horrelako azterlanik ez duela egin, baina, hala ere, herritarren kexarik ez duela jaso; eta euskara teknikaria baduela, euskarazko arreta eskaerei erantzuteko.
Arartekoaren gomendioa ezin zen bestelakoa izan: Euskarazko arreta bermatzeko beharrezko neurriak hartzea. Horretaz gain, Tafallako Udalari gogorarazi dio herritarren eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra duela.
2017an 43 udal sartu ziren eremu mistora, euren borondatez. Batzuk handiak, beste batzuk txikiak; batzuk, agian lerro politiko batekoak, beste batzuk beste lerro batekoak. Baina ezaugarri batek batzen ditu: Euskarazko arreta bermatzeko konpromiso falta eta, beraz, orduko jarrerarekiko inkoherentzia.
Euskarazko arreta berma dezala!