Amurrioko kirol-instalazioetako langileek ez dute euskara jakin beharko
Amurrioko kirol-instalazioetako langileek ez dute euskara jakin beharko –
Atzera pausu berri bat gure eskualdean. Oraingoan, berria ez dator epaitegitik, Amurrioko Udala bera baita lizitazio baten bitartez atzera pausua ematea erabaki duena, aurreko lizitazioaren hizkuntza eskakizunak ezabatuz.
Urtarrilaren 5ean, Amurrioko Udalak, herriko kirol-instalazioen (Udal Frontoia, Reforreko kirol-gunea eta Mendikoko Frontoia) kudeaketa lehiaketa publikora atera du. Duela 7 urte, zerbitzua lizitatzerakoan, langileen %50ak euskaran PL2a egiaztatzeko derrigortasuna ezarri zen pleguetan. Lizitazio berrian, baldintza hori ezabatu egin du Udalak eta langileei ez die inongo hizkuntza eskakizunik ezartzen. Langile horiek, aipatu kirol-instalazioetan herritarrei harrera egiten diete eta hemendik aurrera ez dute zertan euskara jakin beharko, beraz erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ez dira bermatuko. Erabakia gainera, Udalaren Euskara Planaren aurkakoa da, Udalak berak eman beharko lukeen zerbitzu bat kanpora ateratzen denean, azpikontratatutako langileei udal langileei, lan horietarako, ezartzen zaien hizkuntza eskakizun bera ezartzea eskatzen baitu.
Aipatu euskara planak, bere 61 eta 62. orrialdeen artean honakoa jasotzen du:
“Herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzu publikoen kudeaketa esleitu diren kontratu gehienetan hizkuntza irizpideak aintzat hartu dira; haur, gazte zein ikastetxeekin harreman zuzena duten eta jendaurreko izaera duten zerbitzuetan batik bat. Horien adibide dira: Laguntza Psikologiko eta Pedagogikoa eskaintzeko zerbitzuaren esleipena, Amurrio Antzokiarena, Hizkuntza aholkularitza zerbitzua, Udako igerilekuak, Kirol instalakuntzen mantenua edo Gabonetako Haur Parkea. Kasu batzuetan euskararen ezagutza exijitu den bitartean beste batzuetan meritu gisa baloratu da.“
Kanpo kontratazioaen inguruan honakoa jasotzen du testuak:
“Zerbitzu publikoak emateko kontratazio guztietan herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko ditu Amurrioko Udalak, eta zerbitzua Udalak zuzenean emango balu, Udalak berak bete beharko lituzkeen betebehar berdinak eskatuko dizkio enpresa esleipendunari.“
…
AMURRIOKO-UDALEKO-IV.-EUSKARA-PLANA-61. eta 62. or
…
Hizkuntza
Lehiaketa publikoko deialdi honetan, euskararekiko eskakizun bakarra ezartzen zaio enpresari: dokumentuak eta txartelak elebitan azaltzea euskarari lehentasuna emanez. Dokumentuak horrela jasotzen du eskakizun hori:
“La empresa adjudicataria dará a conocer en euskera y castellano los documentos, tarjetas,notas y demás escritos que ponga a disposición de la ciudadanía en el momento de la prestación del servicio y, en este segundo caso, dará prioridad al euskera.“
Lizitazioaren inguruko informazio guztia, baldintzak barne, hemen kontsultatu daiteke.
Lizitazio berrirako pleguak elebakarrean argitaratu dira, duela 40 urteko euskara legearen betetze maila eskasa berriz ere agerian utziz. Amurrioko kasuan, esan beharra dago, euskara arloak 4 langileko lan taldea izatea aholkatzen duela Eusko Jaurlaritzak, egun baina langile bakarra dauka.
Amurrioko Udalak lehiaketa publikoko deialdi honetan, aurreko deialdiko baldintzak okertu ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean eta euskararen normalizazioa bultzatzeko xedean. Herritarrak epaileen euskararen aurkako oldarraldia salatzeko kalera ateratzen ari diren testuinguruan, horrelako erabakiak mingarriak dira oso. Atzera-pausu honi larria deritzogu.