Ama hizkuntza by Maria Reimondez
Ama hizkuntza by Maria Reimondez –
Maria Reimondezek orain dela gutxi Nos egunkarian honako iritzi-zutabea idatzi zuen (itzulpena, jakina, nirea da). Honi lotuta beste bi artikulu hauek nabarmendu nahiko nituzke: Ama hizkuntzaren kontra (eta alde) eta Ama hizkuntzaren ideologia.
.
Ama hizkuntza?
Ama hizkuntzaren kontzeptua zein naturaltasunez onartzen dugun asko harritzen nau. Testuinguru diglosikoetan (edo migranteetan) jaio izan garen guztiok ondo dakigu gutako askok ez dutela izan galiziera euren “amengandik” jasotzeko zorterik izan. Asko hazten dira hizkuntza propioaz lotsatuta eta horietako batzuk modu batera edo bestera indartsu eta sendo kendu behar izan genuen hizkuntza hori. Beste batzuek axolagabe bizi dute, utzikeriaz edo identitate “modernoagoek” sortutako desiraz.
Horrez gain, “ama hizkuntzaz” berba egiteak dakar galiziera bezalako hizkuntza baten transmisioa kontu indibiduala dela onartzea (betekizun femeninoa, metaforak metafora), kontu familiarra edo pribatua, eta kanpo uzten du politikek duten garrantzia eta, batez ere, komunitateek duten garrantzia.
Hautu politikoa da zer hizkuntzatan adierazten garen, baina ez galizieraz bakarrik berba egiten dugunoi esaten zaigun eran. Hautu politikoa da galizieradun fonetika argia duten pertsonei gaztelaniaz aditzea, esaten eurek bakarrik egiten dutela “nagusiekin”, “zurekin ez zait ateratzen”, “galiziera inork ez du ondo egiten, amama-aititeak ere mordoiloz egiten zuten”, bazter guztietan polizia linguistikoa egongo balitz bezala RAGaren hiztegia eskuetan (bide batez, hiztegiek ez dituzte hiztunak sortzen, alderantziz baizik, hiztunok sortzen ditugu hiztegiak). Hau guztia esateko hautu politikoena Galizian dela gaztelaniaz berba egitea. Hizkuntza propioa dugu lurraldearekin, bizitzarekin, tokikoarekin, parrandarekin, modernitatearekin, etorkizunarekin lotzen gaituena eta, hala ere, makaltzen uzten dugu. Hori da politika.
Gauza bera gertatzen da hizkuntza bat hautatu ahal izateko berba egiten jakitea beharrezkoa dela dioen ideiarekin. Galizian bakarrik galegodunok berba egin dezakegu hizkuntza bi (edo gehiago), batzuetan ahazten zaigulako hautu pertsonalak zerikusia duela politikekin.
Gustatuko litzaidake Susana Sanches Arins idazlearen poemarekin amaitzea. Bertan, galiziera da “auzokideen hizkuntza”, “patiokoa”, “alabena, amak galizieraz egiten die ilobei/ alabak izan ginelako/ gorputzean sartu genionak/ auzokideen/ patiotik ekarrita”. Hizkuntza ez delako bakarrik oinordetzen, hizkuntzak sor dezake komunitate justu eta duin baten ideia, non alabek amei itzuli ahal diegun inguruabar soziolinguistikoek kendu zietena: basati, ezjakin eta maskulino moduan hezurretaraino sartu zitzaien hizkuntzan aske izateko aukera. Hizkuntza komunitarioa ospatzeko sasoia da, beste barik.
Ama hizkuntza by Maria Reimondez