Aldundiaren udalekuetan euskara sustatzen?
Aldundiaren udalekuetan euskara sustatzen? –
Han nindoan, Gorlizen, nire eguneroko itzulia egiten. Ohizkoa ez den irudia: hondartza ondoko aterpe bateko belardian dozena bat pasa haur, 9-12 urte ingurukoak, jai giroan prest argazki baterako. Azpimarratzeko gauza bat: taldearen buruan Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun andere nagusia. Hurrengo egun batean, Bizkaian oso ezaguna den egunkarian ikusi ahal izan nuen inprimatuta argazkia testu labur baten osagarri.
Ez dut dudarik egiten une hartan talde hartan euskara hutsa erabili zutela, burutik ere ez zitzaiela pasatu gazteleraz aritzea. Baina uso batek udaberria egiten ez duen bezala, une hark ez du egia bihurtzen udaz uda aldundiak antolatutako udalekuetako hizkuntza euskara denik. Familietara eta gizartera hori helarazten dute, eta aipatu egunkarian honelaxe dator: «1.498 plaza eskaintzen ditu aldundiak, euskaraz denak 100 izan ezik. Gure kulturaren eta hizkuntzaren aldeko konpromiso sakona erakusten du».
Ez dit inork esan, hainbat urtez neronek ikusitakoa da: aldundiak antolatutako udalekuetara doazen 7-13 urte bitarteko ikasle horiek gaztelera hutsean egiten dute, ez dute hitz bat euskaraz ez esaten ez entzuten, ezpada «ez geratu atzean» gisako esaldi bat deskuidoan esana.
Eta astebeteko kontua balitz, gaitz erdi. Ikasturtea hasten denean Txurdinagan, ni bizi naizen Bilboko auzoan, ikastola bi dauzkat 200 metro baino hurbilago, 2.000 ikasletik gora bien artean. Klaseko orduetan ez dut dudan jartzen euskara izango dutela komunikazio hizkera, baina hortik aurrera udalekuetan bezala. Neronek ziurtatu dezakedana, irakasleek ongi dakitena eta Hezkuntzaren ardura dutenek ez badakite oso larria litzatekeena.
Behar den unean behar dena egiten ez bada sortu behar ez liratekeen arazoak sortzen dira gero: Eroskiren super eta hiperretara eta gisako guneetara eguneroko egitekoak egitera joan eta lan munduan sartu berriak diren gaztetxoek ulertzen dizute zuk diozuna, baina gaztelera hutsean erantzungo dizute. «Euskaraz batere ez?», animatu nahi dituzu. Eta bizkarra altxatuta, umil-umil, hitzik gabe erantzuten dizute: «Asko kostatzen zait».
Eta lerro hauetan erantzun nahi nioke Eneko Anduezari, Euskadiko PSEko buruari: euskaraz jakin ala lanik gabe geratu gezurrezko dilema da. Jendeari bere orduan gero beharko dituen gaitasunak eskuratzen lagundu behar zaio. Eta gaur egunean garai bateko eraso, gaurko bazterkeria eta maltzurkeriaren ondorio txarrak batzuek Espainiako epaitegietan konpondu nahi dituzte. Zergatik ez ekidin ezin horiek? Iruzur onartezina eta gure oinarrizko eskubideen zapalketa! Noiz arte?