Alderdiak eta euskara
Alderdiak eta euskara –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa hedabidean.
Hauteskunde kanpaina hasi baino lehenago iritsi zitzaizkidan lehen propaganda paperak etxeko postontzira, PPkoak eta PSEkoak soilik. PPkoan ez zegoen euskararik eta PSEkoan hitz bat baino ez, “zurekin” bat ondo gogoratzen badut. Ez nintzen gehiegi harritu, nahiz eta pentsatu ez zela negozio ona alderdi horiek ni bezalako hautesle euskaldunak limurtzeko asmoa bazuten behintzat.
Astelehenean, ditxosozko kanpainaren azken astean, postontzia beteta ikusi nuen: bost alderdi. Latinezko hiztegi izena duen alderdi ultraeskuindarraren propagandan ez dago euskararik, jakina, eta ondo zehazten da, gaztelania garbian, “Gasteiz Espainia dela, eta gure hizkuntza espainiera” (itzulpena nirea da); argi dago alderdi horrek ez duela hautesle euskaradunik nahi. PPko propagandan ere ez dago euskararik, Feijóoren gutuna dator eta beste testu bat Gasteizko eta Arabako hautagaiek sinatuta (gaztelaniazko itsasoan haien izen-abizenak euskaldunegiak iruditu zaizkit, ia-ia pornografikoak); argi dago berriro ere popularrek ez dutela hautesle euskaldunik nahi. Beharbada uste dute euskaraz zerbait jarriz gero, haien berezko hautesleen buruetan eztandak egon daitezkeela. PSEko paperak elebidunak dira guztiz oraingoan, baina gaztelaniaz idatzitakoa letra lodiz dator eta euskarazkoa letra hitsez; agian pentsatzen dute euskaldunok bista hobea dugula. Ez dakit kontatzen dudan hau Gasteizen eta Araban soilik gertatzen den, eta sozialistek soziolinguistak dituzten tokian tokiko propaganda egiteko. Meme-bazka izan da PSNkoek Nafarroako Erriberarako atera duten propaganda eleaniztuna: zortzi hizkuntza, euskararik ez eta arabiera gaizki idatzita. EAJko propaganda ikusgarriena eta garestiena da: elebiduna, baina beste oftalmologo bat kontsulatu dute, antza, euskarazkoa letra lodiz datorrelako eta gaztelaniazkoa letra hitsez. EH Bildukoa txikitxoa da, elebiduna, letra bera bi hizkuntzetan, esaldi nabarmendu bat gaztelaniaz bakarrik eta lelo nagusia euskaraz letra handitan, beste lelo txikiago bat gaztelaniaz. Elkarrekinen berririk ez oraingoz, ea zer datorren.
Alderdiak eta euskara