Ahotsak, merezitako Abbadia saria
Ahotsak, merezitako Abbadia saria –
Herri baten ahotsa jasotzen du Ahotsak.eus webguneak duela 18 urtetik hona. Eta herri horren ahotsa gordetzen du belaunaldiz belaunaldi, izan ginena eta garena. Horregatik “ondo merezitako Abbadia saria” jaso duela adierazi du Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. Azaroaren 30ean jasoko dute Arrate Rodriguez artistak egindako garaikurra proiektuko arduradunek.
Ahotsaken ondarea:
350 herri, 5793 herritar eta 51082 bideo
Euskal Herri osoko testigantzak jaso dituzte Ahotsak.eus webguneko arduradunek azken 18 urteetan zehar. Txoko eta eskualde orotako euskalkietan bildu dituzte gure aiton-amonen oroitzapen, kontakizun eta usadioen azalpenak.
Aurtengo epaimahaia honako hauek osatu dute: Iban Arantzabal,Maite Artola, Jone M.Hernandez, Arantza Urretabizkaia eta iazko sariduna Ibon Sarasolak. Epaimahai horren lana izan da, hautagai batzuen eta besteen merezimenduak nabarmenduta, aurtengo sariduna erabakitzea.
Zenbakitan are gehiago nabari da urteotako lana: 350 herritako 5793 herritarren 51082 bideo testigantza daude Ahotsaken baitan. Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartiako lagunak dira ondare honen ardurandun nagusiak.
Euskalkiak
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du. Horrez gain, Anton Abbadiaren oroimena berrituz, sariak euskaltzaleen “biltzar txiki bat ere izan nahi luke”, nabarmendu du Mendizabalek: “urtero, euskalgintzan ari direnen harremanak sendotu eta gogoberritu nahi genituzke sari ematearen inguruan, giro hurbil, bero eta alaian”.