AEKren Praktikatu zerbitzuak kanpaina berria abiatu du, euskara ZU zara lelopean
AEKren Praktikatu zerbitzuak kanpaina –
AEKREN PRAKTIKATU ZERBITZUAK KANPAINA BERRIA ABIATU DU, EUSKARA ZU ZARA LELOPEAN
…
Abian da dagoeneko AEKren Praktikatu zerbitzuaren 2024-2025 ikasturterako kanpaina, Euskara ZU zara lelopean. Ekimen honekin, AEKk euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi du, eta bereziki, mintzapraktika programetako partehartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi diren guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dute, “eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean, euskara gara denok”.
Edorta Lopez Praktikatu zerbitzuaren koordinatzailearen esanetan, “Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo… Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko”. Ideia horixe islatu nahi izan dute, hain zuzen ere, bideo honetan.
Datozen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak; ikasturte honetan, 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Aurten, bestalde, egitasmo berriak abiatuko dira: mintzalaguna Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun programa Hernanin. Iparraldean, AEKk mintzalagun-taldeak abiatuko ditu Lapurdiko bortz herritan: Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian.
Halaber, zerbitzuaren ekintza osagarrien inguruan ere hitz egin du Lopezek: “AEKren Praktikatu zerbitzuan jarraitu egingo dugu euskarazko aisialdia sustatzen ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 500 aktibitate baino gehiago antolatu genituen: besteak beste, tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak, eta abar”.
Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak ere aurrera jarraituko dik/din, elkarri hika hitz egiteko talde berriekin. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.
Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete.
Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus
AEKren Praktikatu zerbitzuak kanpaina berria abiatu du, euskara ZU zara lelopean