AEK-k euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonentzat
AEK-k euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du … –
Hizkuntzak mugarik gabe ekimena egin da Irunen
AEK-k euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonentzat
AEK-k Paperezko bizitzak izeneko adierazpena irakurri du 23. KORRIKA hasiko den hirian, paperik gabeko herritar asko biltzen diren ingurunean. AEKren Artezkaritza Kontseiluko Aize Otañok leitu duen adierazpenak dioenez, “herritar orori bermatu behar zaio berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, herritarrei ezagutza doan eskainiz”. Otañok gogorarazi du urtez urte ari dela hazten eskubiderik gabe dauden pertsonen kopurua: “Zoritxarrez, herritar horiek ezin dute euskara doan ikasi, hemen eta orain, paperik ez izateak beren izatea bera ere ukatzen baitu. Horren aurrean, guk lau haizetara aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala, eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat direla”.
Hala, AEK-k dei egin die Euskal Herriko administrazio nagusiei, eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, eredu izan daitezen: “Bada unea neurriak hartzeko euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion. Izan ere, existitzen ez denak ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea”.
Honela bukatu du Otañok Paperezko bizitzak adierazpenaren irakurraldia: “Paperik gabe, ez gara, ez gaude. Baina hori ez da printzipio baliagarria euskararen komunitate zabala osatzen dugun herritarrontzat. Inor kanpoan utzi gabe, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa; herriaz HARRO, herria batuta. HARRO HERRIA”.
Halaber, Ane Elordi KORRIKA arduradunak ekitaldi berean adierazi du euskararen komunitatea indartzeko “ezinbestekoa” dela heltzen direnak “besoak zabalik” hartzea: “Haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea samurtzeko erremintak ematea”.
Irungo Harrera Sareko kide Alaine Aranburuk ere hartu du parte Oiasso museoan izan den ekitaldian. Hark esan duenez, “euskarazko kultur eduki asko dago mugen eta arrazakeriaren bueltan, eta horietako batzuek Irungo Harrera Sarea zeharkatzen dute ere bai. Gaurko ekimen honek euskarri eta sortzaile horiei plazatxoa emateko oso aukera ona iruditu zaigu”.
AEK-KORRIKAk Irungo Harrera Sarearekin batera antolatutako Hizkuntzak mugarik gabe izeneko ekitaldiaren baitan entzun dira hitzok. Lehen saiakera film laburra ere ikusi dute bertaratu direnek; baita Amets Arzallusen bertsoez gozatu eta African Vibes dantza bikotearen saioa ikusi ere. Lehen saiakera film laburraren zuzendarietako batek, Natalia Berridik, hitza ere hartu du. Guztia, xede argi bat jomugan: “administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonek, dauden tokian daudela, bertako hizkuntzak ikasteko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzea, eta haien egoerari ikusgarritasuna ematea”.
Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa
Ekitaldian bertan aurkeztu dute Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa ere, herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela salatzeko asmoz. Hala, lehiaketan parte hartu nahi duen orok euskaraz osatu beharko du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonak pertsonen egoeraren inguruko kontakizun laburra. Oinarri zehatzak AEKren eta KORRIKAren webguneetan kontsulta daitezke. Lanak jasotzeko azken eguna martxoaren 25a izango da, eta sari banaketa apirilean egingo da.
AEK-k euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonentzat