AEK ez dago, dabil. Mertxe Mugikarekin elkarrizketa
AEK ez dago, dabil –
Koordinakundearen dibertsifikazioak hizkuntza planak, itzultzaile lanak eta kalera emanak ekarri ditu
…
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Baina euskaltegietan klase eman eta Korrika antolatzeaz gain, beste hamaika kontutan aritzen da Koordinakundea.
Ahize, hizkuntza aholkularitza
Enpresa, administrazio zein erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte. Metodologia parte-hartzailean oinarritzen dira espazio ezberdinetan hizkuntzaren erabilera areagotzeko; horretarako egoeraren diagnostikoa eta neurrira egindako plana diseinatu eta garatzen da.
Hor barruan kokatzen dira, adibidez, bi ekimen hauek.
- EusLiderrak: izen horrekin ez bazen ere 2010ean jarri zen martxan egitasmo pilotua Berrizko Udaleko langileekin. Bi urte lehenago hasi zuten tailerraren lanketa, EHUko Gizarte Psikologia eta Giza Portaera Zientzien Metodologia Sailaren laguntzarekin. Berrizko esperientzia pilotuak emaitza onak jaso zituenez, egitasmoa zabaltzea erabaki zuen Ahizek, eta orduan sortu zen eusLiderrak izena ere, 2011n. EusLiderrak beren inguruan eragin ahalmen handia izan dezaketen euskal hiztunak dira, eta pertsona hori identifikatu eta ahaldunduz gero domino efektua sortu dezake bere inguruan.
- GUGAZTE ekimena 2008an jarri zen martxan, Gernika-Lumoko Udalak eta AEK-k sinatutako akordio baten ondorioz. Bere helburua 12 eta 24 urte bitarteko gazteakeuskara modu naturalean erabiltzera bultzatzea Aldi berean, gazte etorkinek ere euskara erabiltzeko tresna izan nahi du,
Praktikatu, mintzapraktika egitasmoak
Euskaltegiko lau hormez gaindi, ikasleek zailtasunak izaten dituzte klasean ikasitakoa praktikan jartzeko, lotsa, inguru erdalduna edota beste hamaika arrazoi medio. Inguru informalean euskaraz aritzeko taldeak ordutegi, adin, herri-auzo eta zaletasunak kontuan hartuz osatzen dira. Talde txikiak (5-6 lagun) astean behin batzen dira gutxienez, ordubetez kafe bat hartu, paseatu edo kirolen bat praktikatzeko, betiere euskaraz bizitzeko bidean urrats bat emate aldera. Ekintza ezberdinak ere antolatzen dira astean behin geratzeaz gain: mendi irteerak, museoak, ikastaroak, pintxo-poteak…
Euskaratu, itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzua
AEK berari zein kanpoko bezeroei begirako hainbat lan burutzen dira arlo honetan. Testuak itzultzen dituzte gaztelaniatik euskarara eta alderantziz, eta euskarazko testuak zuzendu. Ohiko bezeroen zerrenda anitza da, erakunde publiko, enpresa pribatu eta herri mugimenduak barne, esaterako: Aguraingo Udala, Repsol eta Komite Internazionalistak.
“Gure bezeroak dira BEC, Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, REPSOL eta Ermuko Komite Internazionalistak, adibidez. Lau adibide horiek garbi adierazten dute euskara tokia irabazten ari dela”
Mertxe Mugika Balanzategi, 53 urteko emakume elorriarra da. Ibilbide profesional osoa helduen euskalduntzearen arloan egindakoa, irakasle, didaktikari, eta azken urteotan, AEKren Koordinatzaile Nagusia. Dibertsifikazioaz mintzatu gara berekin.
1.- Noiz ohartu zineten ezin zinetela eskolak ematera mugatu?
AEK-k bere sorreratik izan du argi Euskal Herria berreuskalduntzea zuela helburu. Ibilbide horren hasieran, ezagutzaren eta erabileraren uztarketa irakaskuntzari lotu zitzaizkion. Hastapenetan, gure eragina euskara-eskoletara mugatzen zen, metodologia komunikatiboan oinarritzen ziren, eta dira; hau da, geletan ikasten dena ondoren erabiltzeko da.
Hala ere, urteak aurrera joan ahala, gero eta argiago genuen erabilera esparruak zabaldu eta eskolak ematetik harago jo behar genuela; gure ordura arteko lanaren segida logikoa zen, gainera. 2001ean osaturiko hausnarketa estrategikoan zehaztu genituen gure hiru lan-arlo nagusiak: irakaskuntza, erabilera eta sustapen-jarduerak. Bigarren arloak biltzen ditu gure eskaintzaren parte diren Praktika-jarduerak, AHIZE aholkularitza-zerbitzua eta Euskaratu itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzua. Finean, gure asmoa da eskaintza integrala ahalbidetzea; izan ere, horrela, euskararen presentzia arlo guztietara hedatzen dugu, eta horrek guztiak biderkatu egiten dizkie euskara-ikasleari eta euskaldunari euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak.
“2001eko hausnarketa estrategikoan zehaztu genituen gure hiru lan-arlo nagusiak: irakaskuntza, erabilera eta sustapen-jarduerak”
2.- Zuen itzulpengintza-zerbitzua baliatzen dute, besteak beste, Repsolek eta Ermuko Komite Internazionalistek. Deigarria da.
Bada, bai, pozgarria da ikustea euskararen presentzia gero eta nabarmenagoa dela. Zuk bi adibide horiek aipatu dituzu, eta nik beste bi gehituko ditut: BEC eta ABAO-OLBE. Lau adibide horiek garbi adierazten dute euskara tokia irabazten ari dela. Jakin badakit itzulpen-bidea, bere horretan, ez dela nahikoa, baina normalizazio-bidean beste urrats bat da. Gainera, gure kasuan, zenbaitetan euskara-eskolak edota hizkuntza-plangintzak tartean egoten dira.
“GUGAZTErekin argi geneukan ez zela gazte etorri berrientzako egitasmoa, herriko gazte guztientzat baizik, horixe baita benetako integraziorako bidea”
3.- GUGAZTE ekimena jarri zenuten martxan 2008an. Zein da balantzea?
Balantze ona da. Gernikako Udala eta herriko ikastetxeko arduradunak ohartu ziren eskolako lana eta eskola-errefortzua ez zirela nahikoa euskararen erabilera bultzatzeko. Horrez gain, egitasmo honekin hasi ginenean, argi geneukan ez zela gazte etorri berrientzako egitasmoa, herriko gazte guztientzat baizik, horixe baita benetako integraziorako bidea. Ekintza honetan, 200 gazte baino gehiago aritu izan dira, eta Udalaren beraren balorazioa positiboa izan da.
4.- Asko hitz egiten dugu euskaldunok gure burua ahaldundu beharraz. Eman dezakezu EusLider baten eta inguruan lortu duen eraginaren adibidea?
eusLider bat baino, BATzuk daudela esango nuke; nor bere arlo edo inguruetan, norberaren hizkuntza-jarreran eraginez, bestelako hizkuntza-portaerak sorrarazten ditugun pertsonak gara. Ingurukoak euskara erabiltzera bultzatzen dituen pertsona, bere burua ahaldundu eta ahal duen guztietan euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duena, horretarako mintzakide dituenak erakarri behar baditu ere: norbanakoen hizkuntza-jarreran eraginez, norbanakoek beren ingurukoengan eragin dezaten. Udaleko langilea da, eusLiderrak tailerra egin ostean orain harrera euskaraz egiten duena beti. Enpresako gerentea da, bere enpresan hizkuntza-eredu izan nahi duena. Edo DBHko 4. mailako ikaslea, 3. mailakoei tailerrean ikasitakoa transmititzeko ardura bere gain hartu duena. Edota kirol-entrenatzailea, entrenamenduetan, kirol-jardueraz gain, bestelako hizkuntza-portaerak eragiten ahalegintzen dena. Finean, jendea konturatzen da euskara gurekin daramagunean eragina biderkatzailea dela, eta bizikidetzari ere laguntzen diogula. Euskara ikasi duten asko zer nolako ekarpena egin dezaketen jabetzen dira.